Altsasuko Udal Liburutegiaren 90. urteurrena ilbeltzaren 28an izan zen
"Gora liburutegia!" oihuarekin alde egin zuen iraganeko, gaur eguneko eta etorkizuneko arima denak, Eva Azpilikueta aktorearen paperean, Altsasuko udal liburutegiaren 90. urteurrenaren instituzio ekitalditik. Haren bidez Nafarroako lehenengo liburutegi publikoaren historian zehar bidaia egin zuten bertaratu zirenek. Ekitaldian ere administrazioaren ordezkariak egon ziren: Iñaki Apeztegia Morentin Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendari Nagusia, Asuncion Mestro Pegenaute Nafarroako Liburutegi Sareko Zuzendari Nagusia eta Javier Ollo Altsasuko alkatea. Nola ez, tokiaren "zaindari" nekaezinek ere parte hartu zuten ospakizunean: Mari Luz Oyarbide eta Elena Ariztorena liburuzainak.
"Eraikin bat baino gehiago bada; bera izan da, da eta izango da gure herriko bihotza"
Ilbeltzaren 28an bete zituen Altsasuko liburutegiak 90 urte. "Oraintxe bertan laurogeita hamar urtetik gorako umetoki baten barruan gaude; ez da marabillosoa?", esan zuen Azpilikuetak irudikatzen zuen arimak. "Begiak ixten baditut ikus dezaket, irudikatu dezaket, haurrak bere liburutegiko bere lehenengo txartelarekin emozionatuta, ikusten ari naiz azkeneko azterketak prestatzen ari diren gazteak, helduak haien eguneroko gauzak ahazten, eta ikus dezaket ere liburu baten orrialdetan galtzen diren adineko jendea". Altsasuko liburutegia, jarraitu zuen, liburuz betetako toki bat baino gehiago bada. "Nire laguna eraikin bat baino gehiago da. Bera izan da, da eta izango da gure herriko bihotza. Gure adimenak gidatzen duen itsasargia, arima bitxien aterpea".
Historia
Hitzaren boterean sinisten zuten "ameslari" batzuen buruan zegoen proiektu bat izan zen Altsasuko herri liburutegia. 1931. urtetik 1939. urtera izan zen Espainiako II. Errepublikaren testuinguru historikoan sortu zen. Garai horretan hirietan bizi zirenen artean prestakuntza "nahiko" garatu zen, baina ez zen herrietan eta landa eremuetan berdin geratzen.
"Egoera horri buelta emateko 1931eko maiatzaren 19an misio pedagogikoak sortu zituzten; bere helburua landa eremuetan liburutegi txikiak sortzea zen, behin betikoak edota mugikorrak". Misio pedagogikoen barruan liburutegiak ez ezik, herrietara antzerkiak, zinemak, eskoletara liburu loteak eta abar eramaten zituztela azaldu zuen Azpilikuetak gorpuztu zuen Arimak. Misio hauei buruz eta Espainiako II. Errepublikaren garaiko liburutegiei buruz gehiago jakiteko otsailaren 9an, ostirala, hitzaldi "oso interesgarria" izango dela gaineratu zuen.
Ibilbide historikoarekin jarraituz, 1931eko azaroaren 21ean Espainiako Gobernuak Liburutegi Publikoetarako Liburuen Trukerako eta Eskuratzeko Batzordea (gaztelaniaz, Junta de Intercambio y Adquisición de Libros para bibliotecas públicas) sortu zuen. Batzorde honen helburua liburutegi sare "indartsu" bat sortzea eta sustatzea zen. "Nola? Udal liburutegien sorrerarekin".
1934
1930ko hamarkadan Altsasuk gutxi gorabehera 3.600 biztanle zituen. "Gure herria Nafarroako lehenengo herri industriala izan zen, eta trenaren etorrera ere oso garrantzitsua izan zen. Haren bidez jendearen eta ideien joanetorriak sustatzen ziren". Fundiciones Alsasua eta Cementos enpresa garrantzitsuak zeuden dagoeneko, "eta gure herria oso toki garrantzitsua zen". Antzerkia, zinema, kasinoa eta banda zituen, "marabilla bat".
1932ko abenduaren 12an Altsasuko Udal Liburutegiaren batzordea sortu zuten "oso pertsona garrantzitsuek": Udalbatzaren ordezkari Luis Goikoetxea alkate eta Felix Arnaiz zinegotziak zeuden, eta narbarmendutako pertsonen artean Constatino Salinas diputazioko presidentea, Domingo Lumbier mediku titularra, eta don Antonio Garcia Lopez maisua. Batzordearen sorrera Altsasuko liburutegiaren akta liburu "zahar" batean jasoa dago, "originala; altxor bat", ongi gordetu behar dena. Otsailaren 29ra arte dokumentu, liburu eta abar zaharrekin osatutako erakusketan erakusgai egonen da.
1934ko urtarrilaren 28an Altsasuko udal liburutegia mustu zuten. Lehenengo liburuzaina Enrique Goicoa Arilla izan zen, ogibidez maisua zena, eta lehenengo liburutegi hura gaur egun Gure Etxea eraikinaren lehenengo solairuan zegoen, garaiko udaletxean. "Ondoren gure protagonistak bere abentura hasi zuen eta denborarekin lekualdatzen joan zen". 1950ko azaroaren 24an Altsasuko liburutegia Nafarroako Liburutegien Sarean sartu zuten, 1946. urtean Principe de Viana erakundeak 1946. urtean sortu zuen programaren bidez. "Garai horretan liburutegia Domingo Lumbier eskoletan zegoen. Hortik gaur egungo udaletxeko gela batera pasa zen, eta ondoren 1985ean Garbitoki eraikinaren bigarren solairura lekualdatu zen", jarraitu zuen kontatzen.
2000ko lehenengo hamarkadaren hasieran Iortia kultur gunean gaur egungo liburutegia zabaldu zuten; "bere garaietara egokitutako toki batera iritsi zen".
Mari Luz Oyarbide eta Elena Aristorena dira Altsasuko liburuzainak
"Izugarria zenbat bizi izan duen nire lagunak urte hauetan. Areto txiki batean Enrique Goicoak 300 liburuen artean egotetik, gaur egun arte; eta ezin dugu ahaztu bi emakume bikainen lana. Tebasko liburutegia Egiptoko erregeak zaintzen zuen bezala, Altsasuko liburutegia zaintzen dutenak: Mari Luz Oyarbide eta Elena Aristorena liburuzainak. Beraiengatik ez balitz, zer izango zen toki hau?". Azpilikuetaren iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko arimak herriaren, altsasuarren, laguntza goraipatu zuen ere, "belaunaldi bakoitzak bere arrastoa utzi du. Zuek ere espazio hau sortu duzue".
Etorkizuna
Etorkizuna ilusioz eta promesez beterik dagoela esan zuen arimak, eta garaiak aldatzen badira ere irakurketarako maitasuna "inoiz baino handiagoa" izaten jarraituko duela gaineratu zuen. "Kopa imajinarioak igo eta Lorcaren hitz batzuekin amaituko dut: Kultura, bakarrik bere bidez fedez gainezka dagoen, baina argia falta duen herriaren arazoak konpon ditzake. Gizakia ez da bakarrik ogiz bizi, ni gose banintz eta kalean babesgabe egongo banintz, ez nuke ogia eskatuko; ogi erdia eta liburu bat eskatuko nituzke".
Ilbeltzaren 26an egindako 90. urteurrena ospatzeko ekimenean liburutegia bera izan zen protagonista, baina beste bi izen propio izan ziren aipatuenak Mari Luz Oyarbide eta Elena Aristorena liburuzainak izan ziren ere. Oyarbide beteranoena da; 1990. urtetik Altsasuko liburutegiaren liburuzaina da. Beranduago hasi bazen ere, Aristorenak laster hogei urte beteko ditu liburuzain; 2005ean hasi zen.
Liburuzainak baino, arimen "erizainak" direla esan daiteke. Izan ere, Oyarbidek ekitaldian adierazi zuen bezala, "Trajanoren liburutegian inskripzio agertzen da: Arimendako ospitalea; Egiptoko Tebaseko liburutegian ondorengoa: Arimarako sendagaia". Ez da gutxi.
Aristorenak "pribilegiatuak" sentitzen zirela esan zuen: "Liburutegitik pasa den jende guztia ordezkatzeagatik; lan egin dutenak eta zerbitzu publiko hau hainbeste urtez erabili izan dutenak ere". Liburutegia organismo publiko bat dela azaldu zuen, "1934. urte hartatik gaur egun arte aldaketa askorekin iritsi da, herritarren eskaeretara moldatuz". 300 liburuekin eta udalak emandako Espasa entziklopediarekin hasi zen, eta gaur egun 45.000 mota desberdinetako dokumentu ditu. 2023. urtean 38.600 pertsona inguru pasa ziren "primerako instalazioetatik", eta 12.754 mailegu eman ziren.
Espainiako II. Errepublikako gobernu horrek Liburu Publikoendako sortutako liburu funtsaren sorkuntzarekin kulturagatik apustu egin zuela gaineratu du Aristorenak, "liburutegien sorrerarekin kultura herritar guztiengana iristea lortu zutelako". Hortaz, Altsasuko liburutegiaren bederatzi hamarkadetan izan diren udalei eskerrak luzatu zien liburuzainak, "herritarrekin bat egiten duen zerbitzu bat izateagatik". Nafarroako Gobernuari eta garaiko Diputazioari ere eskerrak eman zizkien, duela 90 urte irakurketari "sustapen handia" eman zion Nafarroako Liburutegien Sarea sortzeagatik.
Eskerrak
Enrique Goicoa maisua izan zen lehenengo liburuzaina, eta Gure Etxean zegoen
"Baita Nafarroako liburuzain guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki gure aurretik egon diren liburuzainei". Enrique Goicoa lehenengo liburuzainaren ondoren Felisa Guerrero Urbieta sartu zen 1951an; 1953. urtera arte haren lekuko Pilar Rodriguez Bordak hartu zuela. Maria Concepcion Bergera Bergera izan zen Altsasuko liburutegiaren hirugarren liburuzaina 1956an, eta ia hamarkada beranduago, 1965ean, Francisco Fernandez Celaya izan zen liburuzaina urte batez. Carlos Serrano Urrozek hartu zuen ondoren zerbitzua, 1975ean Margarita Iglesias Mendiluce liburuzain sartu zen arte. Maria Irene Goicoechea Lopez 1978etik aurrera izan zen liburuzain, 1990an Mari Luz Oyarbide sartu zen arte, eta 2005etik Aristorena eta Oyarbide dira Altsasuko bi liburuzainak. "Haien lan onari esker disfrutatu dezakegu liburutegi honetaz".
Liburutegia liburuak gordetzeko baino gehiago bada, "herritarren topagunea" dela esan zuen Javier Ollo Altsasuko alkateak. "Herri zerbitzu bat, herritarrek oso ongi baloratzen dutena". Kulturak, jakintzak, literaturak eta pertsonen prestakuntza integralak tokia duen espazio bat eta herritar guztiendako eskuragarri izango zena bezala sortu zuten; "duela 90 urte udalak argi izan zuen, bazekien kultura, hezkuntza eta trebakuntza ezinbestekoa zirela gizartea osatzen duten pertsona osatuak, intelektualki trebatuak eta aske izateko". Elkargune bat ez ezik, "liburutegia, gehienbat, kultura da, eta kultura ezinbestekoa da pertsonen garapen pertsonalean, baita garapen kolektiboan gizarte bezala ere". Horregatik Iortia kultur gunea liburutegia egoteko "toki egokiena" dela gaineratu zuen alkateak. Garaiko udalak baliabide urriekin jarri zuen martxan zerbitzua, "udal horren lana goraipatu nahi dut", hark izan zuen "ikusmen berritzaileagatik". Neil Gaiman idazlearen hitzekin amaitu zuen alkateak: "Liburutegiak zibilizazioaren eta arlotekeriaren arteko lerro mehe gorria dira".
Zerbitzua
Altsasuko liburutegia bizirik dagoen zerbitzu bat da. Iñaki Apeztegia Nafarroako Kulturako Zuzendari Nagusiak altsasuarrak "eskertu" nahi izan zituen, "posible egiten dutelako areto honetan ikusten dena".
Erreferentziazko zerbitzua bihurtu da herrialdean. 5.234 bazkide ditu, eta mugimendu asko du: prentsa irakurtzeko txokoa, ikasteko txokoa eta ordenagailuak eta teknologia berriak herriari gerturatzeko txokoa dauka ere. Liburutegiaren zerbitzuen artean ere irakurzaletasuna eta irakurketa sustatzea da, eta gaur egun hiru irakurle talde daude martxan; 1992. urtean sortu ziren Emakumearen Bilguneak sustatuta. Gaztelaniazko bi talde daude, 26 kiderekin, eta euskarazkoa, hamabost irakurlerekin, 2019an sortutakoa.
Altsasuko liburutegia ez ezik, Altsasuko erreferentzia kulturala dela ere aipatu zuen Apeztegiak, "ez bakarrik duen potentzia sozialagatik eta bere kolektiboengatik, baizik eta kultur gune honengatik, eta bertan egiten diren programazioengatik ere". Nafarroako Gobernuaren konpromisoa Nafarroako Liburutegien Sarea sustatzen jarraitzea dela esan zuen, "1930ko hamarkadan zailtasunak egon ziren, gaur egun beste batzuk dira zailtasunak; inor ez dago zailtasunetatik urrun. Baina lanean ari gara zerbitzuko hauek sustatzeko, eta urte luzez jarraituko dugu". Liburuzainen lana eskertu zuen ere.
Osagaiak
"Ez da normala liburutegi baten 90. urteurrena ospatzea. Niretako oso garrantzitsua da", esan zuen Asuncion Maestro Nafarroako Liburutegien Sareko Zuzendari Nagusiak. Garrantzitsua da, bere hitzetan, ez bakarrik Altsasuko liburutegiendako eta bere herritarrendako, baizik eta sarearendako ere: "Gure herrialdeko kulturarako, orokorrean". Liburutegiaren historia "memoria" dela aipatu zuen, eta Nafarroako Liburutegien Sarea erakunde "sendoa" dela esan zuen: "hemen ditugu sustraiak". Laster mendeurrena izango dela, eta prestatzen joateko esan zien liburuzainei eta herritarrei.
Altsasuko liburutegiaren sorrera Nafarroako memorian ezinbesteko mugarria dela esan zuen Maestrok: "Sortu zelako haien sustatzaileen konbentzimendutik; urte zail horietan ziur zirelako kulturak eta irakurketak herritarrak garatzen zituztela. Gaur egun oraindik ere konpartitzen dugun konbentzimendua". Horregatik liburutegien sarea gizartean "ezinbestekoa" da. "Horrela errekonozitzen dute herritarrek".
Liburutegiek bi osagai behar dituztela esan zuen Maestrok: emozioa eta konpromisoa. "Konpromiso bat den emozioa. Momentu hau hunkigarria delako". Lekualdaketa, transformazio eta adaptazio asko izan ditu, "baina, betiere, konpromisotik".
Liburutegien sorrera izen propio asko daudela aipatu zuen Liburutegien Sarearen zuzendariak, baina bat aipatu zuen: Maria Moliner. "Espainiako II. Errepublikan liburutegien sarea sortu zuen lehenengo emakumea". Datu bat eman zuen: garai horretan 5.522 liburutegi publiko zeuden espainiar estatuan; 4.570 gaur egun. "Mila falta dira".
Amaitzeko, Maestrok ospakizuna liburu batekin lagundu zuen, hain zuzen, Maria Molinerrek udal liburutegietarako sortutako gida bat, 1937an. "Liburuzain batek behar duena da bere misioan sinistea da".
Ospakizunak jarraitzen du
Altsasuko liburutegiaren 90. urteurrena ospatzeko ilbeltzaren 26an egindako instituzio ekitaldian, bederatzi hamarkada hauetan jasotako dokumentu, liburu eta bestelako objektuen erakusketa mustu zuten ere, liburutegian bertan, otsailaren 29ra arte ikusgai egonen dena, liburutegiaren ordutegian (14:00etatik 20:00etara).
Urteurrena ospatzeko ere egitaraua osatu dute liburuzainek, eta ilbeltzaren 31n hasi, eta otsailaren 7an eta 14an, asteazkenak, 17:30etik 19:30era, Manolita Thunders artistarekin Letrak marrazten dibertitzea tailerra izanen da, Iortia kultur gunearen erabilera anitzetako gelan. Ekimena elebitan izanen da.
Gaur, otsailak 2, ostirala, 18:00etan, Karmele Jaio idazlearen Fikzioaren egiak hitzaldia izanen da, euskaraz, Iortia kultur guneko areto txikian, eta otsailaren 9an, ostirala, 18:00etan Reyes Berruezoren Las Segunda República y la creación de las Bibliotecas. De las realizaciones a la posterior represión hitzaldia izanen da. Bertan Enrique Goicoa Altsasuko lehenengo liburuzainaren alaba Maria Angeles Goicoak parte hartuko du ere. Hitzaldia gaztelaniaz izanen da.
Otsailaren 16an, ostirala, 17:00etan, Txiki: gauza handiak lortzen dituzte pertsona txikien istorioa Adriana Olmedoren haurrendako ikuskizuna izanean da, euskaraz, Iortia kultur gunearen areto handian. Sarrerak lau eurotan eros daitezke, kultur guneko webgunean eta txarteldegian.
Ospakizun ekimenekin amaitzeko apirilaren 23an (Liburuaren Eguna), asteartea, 19:00etan, Angeles Caso idazlearekin topaketa izanen da, Iortia kultur gunearen areto nagusian.