Idazteko beharrak

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ots. 15a, 12:03

Karmele Jaio idazlea Iortian.

Altsasuko liburutegiaren 90. urteurrenaren harira Karmele Jaio idazlearen 'Fikzioaren egiak' idazketa prozesuaren inguruko hitzaldia izan zen Iortia kultur gunean. Idaztea "deskubritzea" dela esan zuen idazleak; irudi bat deskribatzen hasten da.

"Zorionak liburutegiari. Beti da poztekoa edozein tokitan liburutegi bat izatea, eta hainbeste urtez gainera". Karmele Jaio idazleak Altsasuko liburutegiaren 90. urteurrenaren harira hitzaldia eman zuen otsailaren 2an, aurreko ostiralean, Iortia kultur gunean. Amaia Amilibia izan zen solasaldiaren gidaria. Amaren eskuak, Musika airean, Aitaren etxean eta berriki Maitasun kapitala nobelak eta zenbait ipuin eta poesia liburu bat kaleratu ditu Jaiok, eta Altsasuko hitzaldian "fikzioaren egiei" buruz hitz egin zuen, "izan zitekeen sorkuntzaren prozesua, baina egia aipatzea interesgarria iruditzen zitzaidan: fikzioarekin batera egia dago, fikzioa idazten dugunean egia dago; gure nahia da asmakizunaren bitartez egia azaleratzea".

Idazleak idazketa prozesuan buruan izaten dituen "kezkak" azaleratu zituen, idazten ari den bitartean "inportanteak" diren gauzak. Azaldu zuenez, berarendako liburu bat bukatzen dutenean idazleek "zer egin duzun ere ez dakizu". Sorkuntza prozesuak alde arrazionala eta irrazionala dituela gaineratu zuen: "Zuk kontrolatzen duzuna, burmuineko eskuineko alde arrazionalarekin daude idazle bezala dituzun erremintak, kutxa horretatik ateratzen dituzunak, ikasi duzun guztia, irakurri duzun guztia". Beste alde batean, "zure barnean zenituela ez zenekien hainbat gauza, idatzi, kezka" daude, "eta batbatean sorkuntza prozesu horretan agertzen direnak eta lan hori sortzen dutenak".

"Nola heldu naiz hona?". Idazleak kontrolatzen ez dituen gauzak dituela esan zuen, "horregatik diot liburu bat ateratzen dugunean eta galdetzen digutenean zeri buruzkoa den esatea zaila egiten zaigula". Idazlea hoberen adierazten duena liburua da: "Liburuari buruzko azalpenak kontatzea baino, liburuak berak hitz egiten du".

Deskubritzen
Zergatik edo zertarako idatzi idazleei askotan egiten zaien galdera da: "Erantzuna ez da erraza; erantzun asko egon daitezke". Munduaren zoriak idazten duela da Jaiok eman duen erantzunetako bat: "Mundua zoriak gidatzen duenaren sentsazioa dugu, eta badago mundu hori ordenatzeko saiakera bat. Mundua ulertzeko saiakera bat". Bizitzari ordena bat jartzeko modu bat da idaztea. Idazketa prozesuan ere "arrozkera sentimendu" bat dagoela esan zuen idazleak: "Eduki izan dut horrelako sentsazio bat ez egokitzearena; inguruan gertatzen den horretara ez zarela egokitzen, ez duzula ulertzen, eta nik uste hortik sortzen dela idazle askoren kasuan munduan leku bat aurkitzeko saiakera bat". Bera, zehazki, horrek asko "bultzatu" duela aitortu zuen.

Idazteko arrazoien artean ere komunikatzeko "behar" bat dago: "Zerbait esateko behar bat; ez dugu idazten zerbait polita egiteko, zerbait esateko baizik". Esan nahi den hori sorkuntzaren bidez baino ezin dute adierazi: "Komunikazio ezintasun horretan literaturak babesleku eta tempo bat ematen digu. Idazteak denbora hori ematen dizu; bizitzaren gauza garrantzitsuez pentsatzeko beste erritmo bat".

"Baina batez ere, nik uste dut idazten dugula badakigulako sorkuntza prozesu hori ematen ez bada ez garelako helduko nahi dugun hori adieraztera. Horregatik niretzako idaztea da pentsatzen dudana deskubritzea". Idazketa prozesua deskribatzeko "deskubrimendua" hitza erabili zuen Jaiok: "Liburu bat idazten hasten naizenean ez dakit zer kontatuko dudan. Idazteko sentitze edo intuizio bat dut, baina nire itxaropena da prozesu horretan zer esan nahi dudan aurkitzea". Linterna batekin ilunetan joatea bezala dela esan zuen. Horren harira, idazteko modu desberdinak daudela azaldu zuen Jaiok, eta idazle batzuk idazten hasi aurretik gertatuko dena oso argi izan behar dute, eta beste batzuk ez: "Bi modu daude: erantzunez edo galderaz beteta idaztea. Nik galderaz betea idazten dut". Idazketa prozesuan erantzunak aurkitzearen "itxaropena" du.

Irudi batetik idazten hasten da, hain zuzen, Jaio: "Hori deskribatzen hasten naiz eta poliki horrek zer esan nahi duen ateratzen dut". Idazlearen iritziz, ez dute zertaz idatzi aukeratzen: "Neurri batean bai; buruan zerbait daukazu eta azkenean inguratzen saiatu eta ez duzu beste erremediorik gai horri buruz idaztea baino".

Idazlearen obretan agertzen den gai bat pertsonen arteko inkomunikazioa da. "Konstante bat da; gizakien arteko ezintasun, oztopo edo arazo horiek. Esan gabeko hitzak, gehienetan, esaten ditugunak baino garrantzitsuagoak dira.

Erlazionatuak