Altsasuarrek eta elkarteek ekarpenak egiteko aukera dute

Guaixe 2024ko ots. 13a, 09:00

Altsasuarrak ludoteka eta gazte txoko ondoko plazan. ARTXIBOA

Udalaren III. Berdintasun plana egiteko prozesuan herriari zabaldutako lansaioa izanen da.

Udalak udaberrirako despedituta nahiko luke III. Altsasuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana. Plan horrek berdintasun-politiken datozen urteetarako lan-ildoak zehaztuko ditu, martxan jarri beharreko ekintzekin batera. Plana egiteko lau lansaio aurreikusi ditu udaleko Berdintasun Zerbitzuak. Otsailaren hasieran mugimendu feministako kideekin egin zuten planaren kontrastea. Gainera, II. planaren balorazioan jabetu ziren pandemiagatik ahalduntze ildoa ez zela behar bezala garatu eta hori etorkizunean nola landu aztertu zuten. Otsailaren 7an beste jatorri bat duten emakumezko altsasuarren iritziak, kezkak eta proposamenak jaso zituzten. 

Planaren hurrengo lan bilera otsailaren 21ean, asteazkenean, 18:00etan, Gure Etxea eraikinean izanen da. Hartan altsasuar eta herriko elkarte guztiak daude gonbidatuta. Parte hartzeko hilaren 15era arte dute izena emateko. Horretarako berdintasuna@altsasu.net e-postara idatzi behar da. "Planak ahalik eta kontsentsu zabalena edukitzeko", parte hartzeko gonbidapena egin du udalak. Azken lansaioa zinegotziekin izanen da, haiek ere beraien ekarpenak egin ditzaten.