Altsasura garraio publikoan eta "ikastera" etorriko dela esan du Arantxa Urretabizkaia idazleak. Martxoaren 20an, asteartean, 18:30ean, izanen da Iortia kultur gunean, Sakanako Mankomunitateak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Baztango Udalak eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak beste urte batez antolatutako Literatura Geraldiak programaren barruan. Azken etxea bosgarren eleberriaren inguruko literatura solasaldia eginen du idazleak:
"Nik irakasteko gutxi daukat eta ikasateko pila bat; Altsasura ikastera noa"
"Nik irakasteko gutxi daukat eta ikasteko pila bat, eta zahartzaroak daukan abantaila, agian nagusiena, ikasteko denbora gehiago dugula da. Zertxobait ikasten badut, pozik sentituko naiz".
Azken etxea
"Lagun bati buruz beste lagun bati galdetu nionean sortu zitzaidan eleberrirako ideia"
Denbora zeraman zer idatzi ez zekiela, eta lagun bati beste lagun bati buruz galdetu zionean sortu zitzaion Urretabizkaiari Azken etxea eleberriaren ideia: "Esan zidan bere azken etxearen bila ari zela eta txinparta bat sortu zen, pentsatu nuen niri ez zitzaidala sekula bururatu modu pertsonalean azken etxea zein izango nuen edo antzeko ezer". Literaturak intuiziotik arrazoitik baino gehiago duela esan du idazleak, "eta nonbait burmuinean horren inguruan nituen gauza batzuk bildu ziren eta horrela gertatu zen".
Protagonistak zahartzaroan dauden emakumeak dira. "Aukeratu ditudan emakumeak ez dira emakume arruntak. Propio egina dago". Zaharra hitza erabiltzen du Urretabizkaiak emakume hauek deskribatzeko: "Egizu kontu: haurtzaroan dagoena haurra da; gaztaroan dagoena gazte; helduaroan dagoena heldua. Zahartzaroan ez da horrela. Lehenengo letra horiek aldatu egin behar dira. Badakit zergatik gertatzen den, baina horren kontra nago. Ni zaharra naiz eta ez naiz horretaz lotsatzen. Zergatik lotsatu behar dut?". Bizitzaren beste etapa bat da.
"Emakume hauek ez dute bizitza arrunta izan eta bukaerara arte ez dute bizimodu arrunta eramango. Ez dut horrela adierazi nahi". Zahartzeko modu "tradizionala" ia guztiz desagertu dela azaldu du idazleak: "Oraingo egoeran oraindik ez daukagu zahartzaro edo zahartzeko modua guztiz osatua. Arrastoak daude han edo hemen". Gaur egun zahartzaroak duen eta aurreko zahartzaroak ez zuena da nola zahartu nahi den aukeratu ahal dela: "Nork bere ahalmenekin. Denok ez ditugu ahalmen fisiko berdinak. Baina aukeratu dezakegu, eta hori nobedadea da".
Azken etxea ez da eleberri autobiografikoa. "Nire protagonista nagusia aberatsa da, eta ni ez. Hortik hasi eta beste guztiarekin jarraitu". Idazleak azaldu duenez "behin bakarrik" kontatu izan du bere esperientziaren bat liburu batean, Zuribeltzeko argazkiaken, hain zuzen. "Askoz interesgarriagoak ikusten ditut inguruan dauden bizitzak nirea baino".
Elkarrizketek pisu handia dute Azken etxean. Urretabizkaiak zenbaitetan aipatu duenez, literaturak nahi duena egiteko lekua eta esparrua ematen dio, eta horietarako elkarrizketak baliatzen ditu. "Bada denbora dezente horrekin interesatuta nagoela; nola islatu eleberri batean protagonistek edo pertsonaiek elkarrekin elkartrukatzen dituzten hitzak". Normalean marratxo batekin islatzen da, baina idazleak uste du ez dela modu naturala. "Nik orain elkarrizketa hau bukatu (BELEIXE IRRATIAn Eneida Carreñorekin izan duena) eta kontatuko banu ez nituzke marratxo horiek jarriko. Esango nuke: galdetu dit hau eta nik erantzun diot beste hau". Hori lantzen ahalegindu da Azken etxea eleberrian.
Itsasoa
Eleberriko azken etxe hori itsasoan dago: "Ez diot nire buruari zergatia galdetzen ia inoiz, are gutxiago literaturan". Itsasoa itsasertzean bizi ez direnendako "idilikoagoa" izan daitekeela esan du Urretabizkaiak. "Oso gauza naturala da. Itsasoak beti du zerbait berezia". Hala ere, Madrilen bizi zenean eta jendeak itsasoa falta zitzaiola esaten zuenean, "ez nuen oso ongi ulertzen zer esaten zuten" aitortu du. "Agian mendien artean egoteak itxi egiten zaitu, eta itsasoa ez da sekula ixten; amaigabea da".
"Ondo pasatzea eta tarteka hausnarketaren bat sortzea irakurlearen barruan". Haren liburuak irakurtzen dituztenek "nik idatzi dudan hori aberastea" nahi duela esan du Urretabizkaiak: "Liburu bat ez dago bukatuta irakurleak bukatzen duen arte. Irakurle bakoitzak zentzu bat ematen dio, eta horiek gehitzen direnean eleberria osatzen da". Hori espero du.