Literaturak hiru geraldi eginen ditu Sakanan

Guaixe 2024ko mar. 4a, 14:46

Miren Agur Meabe idazlea apirilaren 26an Uharte Arakilen izanen da. ARTXIBOA

Martxoaren 20an, asteazkena, Arantxa Urretabizkaiaren solasaldia izanen da, Altsasun; apirilaren 22an, astelehena, Xabier Mendigurenek eta Jon Arratibelek Etxarri Aranatzen aurkezpena eginen dute, eta apirilaren 26an, ostirala, Miren Agur Meabe Uharte Arakilen izanen da.

Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitateak Literatura Geraldiak ekimena antolatu dute 2024ko udaberrian zehar. Guztira, 12 saio izanen dira, eta horietako hiru Sakanan; Altsasun, Etxarri Aranatzen eta Uharte Arakilen, hain zuzen ere. Literatura geraldiak programaren helburua euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoan indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioak konpartitzea da

Hiru ekimen desberdin antolatu dituzte: literatura solasaldiak, errezitalak eta hitzaldiak. Sakanaren kasuan hiru solasaldi izanen dira: Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxean martxoaren 20an, asteazkena, 18:30ean, Iortia kultur gunean eta Altsasuko Udaleko Berdintasun zerbitzuaren Isilarazi matxismoa martxoaren 8aren harira antolatutako egitarauaren barruan; apirilaren 22an, astelehena, Xabier Mendiguren eta Jon Arratibel Xafan Oso latza izan da liburua aurkezteko solasaldia eginen dute, Etxarri Aranazko liburutegian, 19:00etan, eta apirilaren 26an, ostirala, Miren Agur Meaberen Itzulerak solasaldia izanen da, 19:00etan, Uharte Arakilgo udaletxean.

 

Erlazionatuak

Martijaren istorioa

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso api 18 Uharte Arakil

Zahartzaro modu berriak

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso mar 18 Altsasu