Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria den Mikel Irujo, Enpresen Sustapeneko zuzendaria den Iñigo Arruti eta Energia, Enpresen Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza (I+G+b) eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia den Uxue Itoiz Altsasuko Aldakinen egoitza nagusian izan dira gaur goizean enpresa lantzen ari den zelula robotiko ezberdinak, robot kolaboratiboak eta robot mugikorrak zuzenean ezagutzeko.
Azken urteotan, Aldakinek produkzio prozesuen automatizaziorako eta robotizaziorako irtenbide propio eta berritzaileen garapenaren aldeko apustua egin du, eta, horregatik, I+Gko sail propio bat ezarri du, hezkuntza erakundeen eta zentro teknologikoen eskutik lan hori garatzen duena, industria-ingurune errealetan abangoardiako teknologiak aplikatzen saiatzeko.
Bisitan, Irujo kontseilariarekin eta Industriako gainerako lantaldearekin batera izan dira Francisco López de Alda, Aldakineko gerentea; Ibai Inziarte, Aldakineko I+G zuzendaria; Santiago González de la Torre, I+G saileko kidea; eta Gorka García, NAIRko zuzendari kudeatzailea.
Irabazleak
Azken hiru urteotan, Aldakin bereziki aritu da material konposatuak mekanizatzen. Ildo horretan, konposite zehatza, errentagarria eta produktibitate handikoa mekanizatzeko robot bat sortu du, sortutako hautsaren %98 xurgatzeko gai dena.
Proiektu horri esker, 2023ko abenduan Aldakinek Machine Tool Innovation Award saria jaso zuen, makina-erremintaren sektoreko berrikuntza onenak saritzeko Fabrikazio Teknologien Europako Elkarteak (CECIMO) sortutako saria. Lehen edizio honetan 30 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren, eta horietatik nazioarteko aditu talde batek hiru finalistatzat hautatu zituen. Finalean, ikusleen eta epaimahaiaren botoei esker, Aldakinek Trumpf enpresa alemaniarra, munduko makina-erremintaren fabrikatzaile handienetako bat, eta bere herrikidea, Fraunhofer Institutua, hartu zituen mendean. Kerstin Jorna Europako Batzordeko Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta Enpresa Txiki eta Ertainen zuzendari nagusiak aurkeztu zuen saria.
Eskarmentua
Aldakin 1987an sortutako enpresa talde bat da, industria eta eraikuntza sektoreetako enpresei laguntza emanez elektrizitate eta hobekuntzako soluzio globalak eskaintzen espezializatua. Bere zerbitzuak instalazio elektrikoak, armairu elektrikoak, mantentze industriala eta automatizazioa eta robotika dira. Nafarroako enpresa hazten ari da, eta gaur egun 220 langile ditu bere lau ordezkaritzetan (Altsasu, Iruñea, Gasteiz eta Andoain, Gipuzkoa), eta 2023 ixtea lortu zuen 15,5 milioiko fakturazioarekin.