Patriarkatuak gizonezkoei ere eragiten dielako

Guaixe 2024ko mar. 27a, 09:32
Maskulinitateei buruzko aurreneko tailerrean parte hartu zutenak. @BerdintasunaS

Maskulinitateei buruzko tailerrak antolatu dituzte berdintasun zerbitzuek. Bosna saioko bi tailer eginen dira Lakuntzan eta Altsasun. Izen ematea dagoeneko zabalik dago.

Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko berdintasun zerbitzuek Maskulinitateei buruzko tailerrak antolatu dituzte. Bigarren urtez jarraian antolatu dituzte gizonezkoei zuzendutako prestakuntza saioak. Izena ematen dutenek ikasiko dute zergatik diren batzuetan beharrezkoak saio ez mistoak. Horrekin batera, gizonezko gisa, feminismorako bidean zein paper duten eta beraien burua testuinguruan kokatzen ikasiko dute. Bestetik, gizonezkoek egiten dituzten erasoak identifikatu eta nola ekidin daitezkeen ikasiko dute. Horrek guztiak bide emanen du maskulinitate hegemonikoa aztertzera eta autokritika ariketa egitera. Bestetik, maskulinitatetik sortzen diren harremanak ere aztertuko dira: gizonezkoek zer egiten duten eta zer ez, eta zergatik aztertuko dute. 

Emagin elkarteko Asier Arizkorreta Hurtadok bideratuko ditu saioak aipatutako helburuak lortzeko. Bost saio izanen dira. Aurrenekoan sexu-genero sistema eta maskulinitatea aztertuko da. Hurrengoan indarkeriak identifikatu eta horiek ekiditeko tresnak sortuko dira. Hirugarren saioan teoria feministaren hastapenen berri emanen du, baina maitasun erromantikoaren eta harreman sexu-afektiboen ingurukoak landu ere. Gizonezkoen arteko korporatibismoa eta anaitasunaren jokabideak aletu eta eraso baten aurrean egin daitekeena plazaratuko da. Azkenik, ondorioak atera eta konpromisoak hartzeko aukera izanen da. 

Izen ematea 
Bi ikastaro dira. Bat Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan izanen da, 10:00etatik 14:00etara maiatzaren 4an, garagarrilaren 1ean eta beste hiru saio iraila eta lastailean. Lakuntzan ikastaroa egin nahi duenak berdintasuna@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi dezake, bestela, 948 464 867 telefono zenbakira hots egin dezake. 

Bigarren ikastaroa Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen da, 10:00etatik 14:00etara, apirilaren 20an eta 27an, maiatzaren 11n eta 25ean eta garagarrilaren 8an. Izena emateko berdintasuna@altsasu.net posta elektronikoko helbidea idatzi edo 948 564 823 telefono zenbakira hots egin daiteke. 

Erlazionatuak

"Patriarkatuan bizitzea ez zaio inori komeni"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2023 api 05 Altsasu