Villalobos Lanbide Heziketako olinpiadan

Guaixe 2024ko api. 9a, 15:02

Lanbide Heziketako olinpiadan parte hartuko duen ordezkaritza nafarra. NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako espedizioa 46 ikasle eta irakasle tutorek osatzen dute; Madrilen daude bihartik aurrera lehiatzeko prest.

Lanbide Heziketako olinpiadak hartuko ditu Madrilgo IFEMA azoka esparruak apirilaren 9tik apirilaren 13ra arte. SpainSkills izeneko proba horietan Nafarroak historian inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena izango du: 24 ikasle lehiakidez eta 22 tutorez osatutako taldea, Lanbide Heziketako Nafarroako bederatzi ikastetxe publikoren ordezkari gisa. Ikasleetako bat Ander Villalobos Hernaz da. Sakana Lanbide Heziketa institutuan goi graduko Mekatronikako bigarren kurtsoa egiten ari da. Nafarroako kanporaketan Villalobosek Jose Manuel Martin irakaslea bidelagun izan zuen. Altsasuarra CAD bidezko diseinuko proban arituko da. 

Apirilaren 9an mustutze ekitaldia egin dute, eta lehiaketa 10etik 12ra, asteazkenetik ostiralera, izanen da. Apirilaren 13an, larunbatean, dominak emango zaizkie espezialitate bakoitzeko ikasle irabazleei. Spainskills probetako onenak Europako lehiaketara joango dira. Izan ere, Danimarkako Herning herrian egingo da Euroskills lehiaketaren bederatzigarren edizioa 2025ean.