Lanbide Heziketako ikasleen ikasketa zerbitzu lanak

Guaixe 2024ko api. 30a, 13:33

Peru Urteaga Leiñena (etzanda), Amets Satrustegi Bakaikoa, Aimar Rodriguez Lorea, Maren Bergara Nazabal, Alex Saralegi Sagastibeltza eta Aimar Igoa Aldasoro.

Ikasitakoa komunitatearen aldeko onurako lanetan praktikan jartzea. Horixe da ikasketa zerbitzua. Eta halaxe aritu dira Lanbide Heziketako sei ikasle Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen egoitzan. Ikasketen aukeraketaz eta ibarrean lan egiteko aukerez ere azalpenak eman dituzte.

Atzeneko bi asteazkenetan Sakanako Lanbide Heziketako (LH) mantentze lan elektromekanikoko lehen mailako sei ikasle Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Mankomunitatearen egoitzan egon dira, Altsasuko Garbitoki eraikinean. Alex Saralegi Sagastibeltza, Amets Satrustegi Bakaikoa, Aimar Rodriguez Lorea, Maren Bergara Nazabal, Peru Urteaga Leiñena eta Aimar Igoa Aldasoro dira ikasle horiek, eta bulegoan "lan eta lan" aritu ziren. 

Azaldu digutenez, "ordenagailuen, telefonoen eta entxufeen kableak eta kanaletak jartzen aritu gara". Zergatik egin duten lan hori galdetuta, azaldu digute bulego batzuk banaketa aldatu behar zenez, konexioak eta entxufeak ere aldatu beharra zegoela. "Kanaleten bidez entxufeak batetik bestera aldatu ditugu". Aurreko lan saioaren ondoren, "ostegun edo ostiralean hots egin ziguten etortzeko eskatuz, zerbait gaizki zebilelako". Hura konponduta, herenegun despeditu zituzten egitekoak. 

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Mankomunitateko langileekin harremanetan izan dira, eta "gustura" egon dela adierazi du seikoteak. Haiek bulegoetan eskatutako aldaketak egin dituzte ikasleek. Horretarako, jakina, une batzuetan argindarra kendu behar izan zuten bulegoetan, entxufeak lineako kableekin konektatzerakoan. Garbitoki eraikinera estreinakoz joateko bezperan ikasgelan beharrezkoa izanen zuten materialen zerrenda egin zuten, irakaslearekin "aurrekontua egiten ere ikasi genuen". Lan eskuaren kostua ere kalkulatu zuten. "Esaterako, 30 euro orduko jarri genuen". Zerrendatutako materiala irakasleek erosi zuten. 

Praktikak eta lan merkatua
Garbitoki eraikineko praktikez aparte, ikasleak jakinarazi digutenez, “ikastetxean proiektuak egiten ditugu”. Horietaz aparte, “gela baten muntatzea egin genuen. Hemengo lan bera, kanaletak jarri eta entxufeak mugitu”. Enpresetan ere praktikak eginak dira, bakoitza enpresa batean hiru astez lan egin du, "oso gustura" aritu dira. Haiek ez dute praktikengatik kobratu, baina badakite soldadurako erdi mailako ziklokoek baietz (ikasketa dualaren araberakoa da). 

Lanbide Heziketako mantentze lan elektromekaniko ikasketak zergatik aukeratu dituzten galdetuta, esan digutenez, "interesgarria da guztiaz zerbait ezagutzea, gero etxean denetarik egiteko. Momentua egiteko, ez duzu itxaron behar. Denetarik egiten dakizu" esan du Marenek. Ikasketa horiek eginda, "sortzen diren arazoak, gutxi gorabehera, nola konpondu badakizu. Ideia baduzu", azaldu digu Aimarrek. Peruk gaineratu duenez, "ikasketa honek lan irtenbide asko ditu". Horri begira jarri da Aimar: "mantentze lan asko dago Sakanan, fabrika guztietan. Lan polita da, eta denetarik pixka bat ikasten duzu". Alexek gaineratu duenez, "bizitzarako ere balio du denetatik pixka bat jakiteak". Ametsek ikaskide guztiak esandakoak berretsi ditu. 

Haiek ikasten duten lanbidean Sakanan lan aukerarik ba ote dagoen jakin nahi izan dugu: "bai, leku guztietan". Ibarreko hainbat enpresa zerrendatu dituzte. Haiena erdi mailako zikloa da, bi urteko ikasketak. Goi mailako zikloa ere badago. Eta guztiek ikasketa horiek eginen dituztela jakinarazi dute. "Beharrezkoa da, ia enpresa guztietan eskatzen dute goi mailako zikloa izatea". 

Garbitoki eraikinera iritsi ginenean seikoteari bi kable konektatzea besterik ez zitzaien falta. Baina atsedena ere hartu beharra dago eta gosaltzera taberna batera atera ziren. Ikastetxean "hiru ordu ikasten, gosaldu eta beste hiru orduz aritzen gara ikasten", argitu digute. Gosaltzera joan aurretik "egindako lanarekin gustura gaude, ondo gelditu da", esan digute. 

Praktika gehiago 
Horiek ez dira izan Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hartu dituen aurreneko praktiketako ikasleak. Arantxa Erbiti Beloki koordinatzaileak azaldu duenez, Sakana LH institutuko Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza ikasten ari diren ikasleak praktiketan hartzen dituzte. Baita unibertsitatean gizarte langile edo gizarte hezitzaile ikasketak egiten ari diren ikasleak hartzen dituzte praktiketan, urtero bat edo bi. Mankomunitatean praktiketan aritzen direnen ordu kopurua ikasketen araberakoa da, esaterako, gizarte langileen praktikak 300 ordukoak dira. Bai langileek bai ikasleek praktiken balorazio ona egiten dute.