“Errealitatearekin harreman bat da”

Guaixe 2024ko mai. 2a, 10:00

Miguel Moreno Igoa eta Joaquin Corcuera Gil.

Sei ikaslerekin batera, Miguel Moreno Igoa eta Joaquin Corcuera Gil Lanbide Heziketako irakasleak, ikasketa zerbitzuko praktikak egin dituzte Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzan

Elektromekanika eta mantentze lana eta goi mailako mekatronikoa, horiek irakasten dituzte, hurrenez hurren, Miguel Moreno Igoak eta Joaquin Corcuera Gilek Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuan. Halako praktikek ikasketa prozesuan duten presentziaz azalpenak eman dituzte. Aldi berean, gogorarazi dute ikastetxean ate irekien jardunaldia dutela larunbat goizean eta 11:30etik aurrera ziklo eskaintzaren aurkezpena eta zentrora bisita gidatua eginen dutela. 

Zein da zure egitekoa halako praktiketan?
Miguel. Artzainak bezalakoak izan behar dugu. Pixka bat atzean egon behar dugu. Guk prestatu ditugu materiak, erosi, eta zer egin beharko duten esan diegu. Eta beraiek gidatu. Azkenean, beraiek gai dira gauzak egiteko, gidatu eta beraiekin egin dezatela lana. 

Halakoak planifikatzea eta aurrera eramateko prozesua nolakoa da?
Joaquin. Gu udalarekin harremanetan jarri ginen. Guk egiteko moduko lanen bat sortuz gero gaztigatzeko eskatu genion. Eta hots egin ziguten esanez Garbitoki eraikinean bi bulego aldatu nahi zituztela. Entxufeak eta ordenagailuen hartuneak aldatzera etorri gara. Ez da lan asko, praktika baten modukoa da. Normalean klasean, tailerrean, egiten dugu praktika. Baina hau askoz hobea da. Ikasleak ateratzen dira eta benetako lan bat ikusten dute. 

Bi irakasle zaudete hemen, normalean hala izaten da?
M. Ez, normalean irakasle bat egoten da beraiekin. Nirekin teoria ikasten dutenez, eta Joaquinekin praktika, lan hau bien artean egitea pentsatu genuen. Nik aurretik materialak zenbat balio duen begiratzeko eta aurrekontu batzuk egitea eskatu nien, lan orduak zenbat izanen ziren. Gutxi gorabehera hori prestatu zuten. Biok beraien ondoan gaude instalazioetan, ongi ateratzeko. 

"Hau asko hobea da. Ikasleak ateratzen dira eta benetako lan bat ikusten dute"

Joaquin

Zer ekarpen egiten dizu irakasle bezala ikastetxetik kanpo ateratzeak?
J. Haiendako oso aberasgarria da, oso polita. Eta, gainera, pizgarria da. Haiek klasean egon ordez ateratzen dira. Alde batetik, hori gustatzen zaie. Bestetik, benetako lan bat da. Ikusten dute ez dela institutuko panel batean dena muntatu eta egiten den praktika bat. Benetako lan bat da: kendu behar da argindarra, gero piztu ongi funtzionatzen duen ikusteko. Aurrekoan ez zuen telefonoak ongi funtzionatzen eta konpontzera itzuli behar izan genuen. Nolako lana den ikusten dute. Miguelekin aurrekontua egin dute, zenbat ordu kostatuko den... Errealitatearekin harreman bat da. Hau ikasketa zerbitzua da. Alde batetik, haiek asko ikasten dute asko eta, beste aldetik, gizarteari zerbitzu bat ematen diote. Balio du.  

Hona lanera etorri direnenerako, beharrezko jakintza badute? 
M. Bai. Azkenean, guk klasean lantzen ditugun gauzak dira. Behar bada gauzaren bat momentuan bertan azaldu diegu. Esaterako, nola konektatu RJ45 (ordenagailu sare lokalak konektatzeko erabiltzen diren konektorea). Hori oraindik ez dugu eman. Ez da lan zaila eta lau gauza esanda problemarik gabe egitea lortzen dute.

Praktikek ikasketa prozesuan eragina dute?
J. Bai. Motibagarria izatea espero dugu. Gustatzen zaiela ematen du. 

Ikasketa zerbitzu praktikak askotan egiten dituzue?
M. Ez. Hau egin dugun lehenengoa da. Gustatuko litzaiguke gehiago egitea, baina, momentuz... Ikastetxean ere proiektu txikiak egiten ditugu, kalera ateratzen ez direnak. Esaterako, neumatika eta elektrizitate moduluarekin maketa bat egin genuen. Hiru zilindroko instalazio bat zen, elektrobalbula eta rele batzuekin sekuentzia instalazio bat egin genuen. Hartan latak sartzen genituen, haiek txikitzen zituen eta ontzi batera bota, birziklatzeko. Ez diote komunitateari zerbitzurik ematen, baina ikasteko polita da.

"Lehenengo mailatik enpresetara praktikak egitera joaten dira"

Miguel

J. Iortia kultur gunearen gainean eguzki plaken instalazioa dago. Orain ez du funtzionatzen. Joan zen ikasturtean ikustera joan ginen. Aurten joan gara, eta beste talde batekin ikustera joanen gara. 

Ikasleek enpresetan praktikak egiteko hitzarmenak ere badituzue?
M. Aurten, gainera, dual sistema sartu da. Horrek esan nahi du lehenengo mailatik enpresetara praktikak egitera joaten direla. Aurtengoa proba modukoa izanen da, zeren lehenik bi aste izan dira, gero moztu eta, azkenik, beste aste bat egin dute. Onena litzateke denak bat egitea eta horiek ikasturte akaberan sartzea. Ongi etortzen da. Dena teorikoa izan beharrean, eta dena institutuan, ikus dezatela nolakoa den lan mundua, eta zer topatu behar duten.

Praktikak egiteagatik kobratzen dute?
J. Dual ikasketa mota desberdinak daude, eta horren arabera, kobratzen da ala ez. Guztietan ez da ordaintzen. Ikasle hauena ez da. Kobratzeko enpresak, Hezkuntza Departamentuak eta abarrek adostu behar dute.