Maiatzaren lehenetik aurrera Aita Barandiaran adinduen egoitzak elikadura eta garbiketa zerbitzua zuzenean kudeatuko du. Hala erabaki du Altsasuko Udalak zerbitzu horiek kontratatzeko deialdia hirutan hutsik gelditu ondoren. Erabaki hori aurrera eramateko udalak hiru aurrekontu aldaketa onartu ditu. Aurrena, 23.224,66 eurokoa, garbiketako eta sukaldeko langileen urte akaberara arteko gizarte segurantza ordaintzeko. Bigarrena, 75.696,18 eurokoa, aipatu langileen soldatak ordaintzeko. Eta, atzenekoa, 70.039,03 eurokoa, elikagaiak eta garbiketa produktuak erosteko.
Udalak egoitzako plantilla organikoa ere aldatu behar izan du. Horrela bi zerbitzuetan lan egiten duten sei langileak patronatuan sartu ditu. Haietako lau langile sukaldean aritzen dira eta beste biak garbiketa lanetan. Sukaldeko langileen artean sukaldari batek lanaldi osoa du, beste sukaldari batek %42,11ko lanaldia partziala du eta beste bi laguntzailek %63,20ko lanaldi partzialarekin ari dira lanean. Garbitzaile laguntzaileen kasuan, berriz, %56,40ko eta %55,26ko lanaldiak dituzte. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, "sei lanpostu horiek gehienezko hiru urteko epean oposizio lehiaketen bitartez behin betiko bete behar dira".
Asteartean 33 urte beteko dira Aita Barandiaran egoitza mustu zutela. Hasieratik beretik izan ditu azpikontratatuta garbiketa eta sukalde zerbitzuak. Dagokion maiztasunarekin joan zen udala haiek berritzeko lizitazioak egiten. Harik eta duela urte bete kontratua zuen enpresak hura ez berritzeko asmoa jakinarazi zuen arte. Horretarako prezioen igoera argudiatu zuen. Eta Kontratu Publikoen Foru Legearen arabera zerbitzu kontratuen prezioak ezin direnez berrikusi kontratua indarrean dagoen bitartean, patronatuak zerbitzuak emateko deialdia egin zuen. Azkenean, hiru izan ziren. Hirutan ez zuen inork eskaintzarik aurkeztu eta patronatuak bere gain hartu ditu bi zerbitzuak.