Mendia

Hiru Mendizerrak, Himalaiari begira

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 3a, 12:30

XV. Hiru Mendizerrak mendi martxa aurten IV. Ochoa de Olza Memoriala izanen da. Aurkezpenean, Txuma Morcillo eta Elena Sagaseta de Ilurdoz.

Maiatzaren 11n, larunbata, XV. Hiru Mendizerrak Urbasa, Altzania eta Aralar martxak batuko ditu. Aurten IV. Ochoa de Olza Memoriala izango da, eta SOS Himalaya Fundazioa lagunduko du. Izena ematea maiatzaren 4ra arte dago zabalik

Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Txuma Morcillo Larrazak eta Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaya fundazioko koordinatzaile Elena Sagaseta de Ilurdozek aurkeztu zuten maiatzaren 11n, larunbata, Burunda frontoitik abiatuko den XV. Hiru Mendizerrak mendi martxa. Hamabosgarren urteurrena borobiltzeko, aurten izena luzeagoa du Altsasuko mendi martxak, aldi berean IV. Ochoa de Olza Memoriala izango baita. "Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak urtero mendi martxa batek Iñakiren izena izatea proposatu zigun, Iñaki Nafarroako alpinismoaren erakusle handienetakoa zenez belaunaldi berriek bere ezagutu dezaten eta, aldi berean, SOS Himalaya Fundazioa laguntzeko, Iñakik gehien maite zuena egiten: mendira joaten, eta jendearekin egoten" azaldu zuen Sagaseta de Ilurdozek. Aurten gustu handiz onartu du erronka Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. "Izena emate bakoitzetik 2 euro SOS Himalayara bideratuko ditugu, fundazioak Himalayan sustatzen dituen proiektuak laguntzera" gaineratu zuen Morcillok. 

Hiru ibilbide
Hiru Mendizerrak mendi martxa Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Txapelketan eta Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan jasoa dago. Hiru ibilaldi ditu: Luzea (48 km, 2.330 m desnibela), Ertaina (37 km, 1.634 m desnibela ) eta Laburra (26 km, 1.200 m desnibela). Maiatzaren 11n, 7:00etan abiatuko dira mendizale guztiak.

"Izena emateko bakoitzetik 2 euro Ochoa de Olza SOS Himalaya fundaziora bideratuko ditugu"

Santa Marinaraino
Mendizaleek Urdiainera joko dute, Portuazpitik Urbasa-Andiara igotzeko, baina aurten ibilbidean berrikuntza handia dago. Bertatik Bargagainera (1.153 m) jo beharrean, Iturmendi aldera egingo dute mendizaleek, Santa Marinaraino (1.064 m). "Urbasa-Andia parke naturala da, eta geroz eta zailtasun gehiago daude zenbait gune babestuetatik pasatzeko. Beraz, Bargagain eta beste puntu batzuk ekiditea erabaki dugu" azaldu zuen Morcillok. Santa Marinan hornidura gunea egongo da, eta buelta hartuta, Urbasako gailurreriatik Ziordiarantz joko dute, Gainsolera (1.064 m) heldu, eta Ziordiko hornidura gunera jaisteko. Ibilaldi Motza aukeratzen dutenek partzelarietatik, Cementos atzealdetik Altsasura joko dute. Gainontzekoek, aldiz, Kipular (1.059 m) igoko dute, Orobeko harrobitik jaitsi eta Sorozarretako hornidura gunera heltzeko. Ibilbide Ertainekoak Dorretxikitik bueltatxoa emanda Altsasura iritsiko dira. Aldiz, Ibilaldi Luzekoek Balankaleku (983 m) eta Intxusburu (946 m) igoko dituzte, eta Urdiaingo igerilekuetako hornidura gunera jaitsiko dira, indarrak berreskuratu eta Sarabetik, San Pedrotik eta Basoitxitik Altsasuko Burunda frontoiko helmugara heltzeko. 

Izena emateko azken eguna
Izena ematea zabalik dago, maiatzaren 4ra arte, Zirkuitua webgunean. Momentuz 100 mendizale baino gehiagok eman dute izena. Iaz 231 mendizalek parte hartu zuten. Antolatzaileek mendizaleak animatu dituzte, "paisaia ikusgarrietan barna egun ederra pasatzera, eta SOS Himalaya Fundazioa laguntzera". Guztiek kamiseta jasoko dute oroigarri. Martxaren egunean 30 boluntario ariko dira lanean, eta antolakuntzak "eskerrik beroenak" eman nahi dizkie. Halaber, mendizaleei norberak bere edalontzia ekartzea eskatu diete.

 

Erlazionatuak