Elena Sagaseta de Ilurdoz

"Makaluko eskola bat berreraikitzen ari gara"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 3a, 13:00

Elena Sagaseta de Ilurdoz, Altsasuko Mendigoizaleak taldearen egoitzan.

Maiatzaren 4an, hitzaldia eskainiko du SOS Himalaya Fundazioko koordinatzaile Elena Sagaseta de Ilurdozek Altsasun. Aurten Hiru Mendizerrak mendi martxak aipatu fundazioa lagunduko du

Proiekzioa eta hitzaldia 19:00etan izanen da, Iortia kultur gunean.

Iaz Sakanako Ibilaldiak hartu zuen Ochoa de Olza Memoriala eta orduan Makalun ospitale bat jasotzera bideratu zenuten jasotakoa?
Bai, ospitalea dagoeneko martxan da. Medikua dugu, otsailean hasi zen lanean, eta dagoeneko lauzpabost erditzetan lagundu du, bestelako artatze lanekin batera. Topera ari dira, ilusioz, eta oso pozik gaude. Orain alkoholismoari lotutako programa bat jarri nahi dugu martxan ospitaletik.

Alkoholismoa arazo larria al da Himalaian?
Makalu gunean behintzat, bai. Makalun oso isolatuta daude. Ez du zerikusirik Annapurna, Katmandu edo bestelako haranekin. Mendizaletasunak diru asko mugitzen du azken horietan, baina Makalura ez da iristen. Baratzea landu eta biziraun, hori da euren bizitza. Millet izeneko landare bat, artatxikiaren antzekoa dena, destilatzen hasi dira, eta bertako alkohola sortzen dute. Arazoa oso larria bilakatzen ari da, neure begiekin ikusi dut. Alkoholismoak arazo asko dakartza, portaera okerrak eta tratu txarrak tartean, eta kasu hauetan emakumeak dira gehien sufritzen dutenak. Hiru alkoholikok jo dute ospitalera, eta eurekin programa bat abian jarri nahi dugu. Trebakuntza eskaini nahi diegu, zurgindegian eta bestelako lanetan, euren gaixotasunerako irtenbide bat izan dezaten, eta bailaran euren ezagutzak isla izan dezan: eskolan lagundu dezatela, bailarari bizitza eman, alkoholik gabe askoz hobe bizi daitekeela erakutsi...

Aurten Altsasun eta bestelakoetan jasoko duzuena nora bideratuko duzue?
Makaluko eskola bat berreraikitzera. Eskola erortzen ari da. Nepalgo Gobernuaren baimena lortu dugu eraikina bota eta berriro jasotzeko, eta horretan gaude. Aurrekontua 25.000 eurokoa da. Tuterako Udalak 12.500 euroko laguntza onartu du, Oñatiko Udalak 5.000 eurokoa, eta gainontzekoa lortzeko azken bultzada behar dugu. Ea Hiru Mendizerretan jende asko animatzen den. 

SOS Himalayaren ekimen guztiaren berri Altsasun emango duzu, maiatzaren 4an, ostirala, 19:00etan Iortian eskainiko duzun hitzaldian.
Hasteko, La voz de Iñaki ikusentzunezkoa eskainiko dugu, Iñaki ezagutzeko. Iñakik bertakoa den Mingma sherparekin igo zuen Makalu. Lagun handiak ziren, eta Mingma da fundazioko presidentea. Fundazioak 381 bazkide ditu. Hitzaldian fundazioak aurrera daramatzan proiektu guztien berri emango dut, eta Iortiara hurbiltzera gonbidatzen zaituztet. Aurten 16 urte beteko dira Iñaki joan zenetik, eta bere ondarea lantzen jarraituko dugu. Informazio guztia www.soshimalaya.org webgunean dago. 

Erlazionatuak

Hiru Mendizerrak, Himalaiari begira

Maider Betelu Ganboa mai 03 Altsasu