Sakana Lanbide Heziketako mikroinformatika sistemak eta sareak erdi mailako zikloko ikasleak ordenagailuen tripetan ibiltzen abilak dira. Euskarazko ikasketak dira, 2021-2022 ikasturtean ezarriak, baina nahikoa matrikula ez badu, kenduko dituztenak.
Zer ikasten duzue?
Mikroinformatika eta Sareak ikastaroan, mikro mailako sistema informatikoen funtzionamenduari eta komunikazio sareen diseinuari, inplementazioari eta kudeaketari buruzko oinarrizko ezagutzak lortzen ditugu.
Zer esan nahi du "sareak" hori?
Sare informatikoei dagokie, hau da, komunikazioa eta datu-trukea ahalbidetzen duten gailu eta sistemen arteko konexioari.
Enpresetan praktikak egiten dituzue?
Bai, ikasturtean sektoreko enpresetan praktikak egiteko aukera dugu. Esperientzia praktiko horri esker, ikasitakoa lan ingurune erreal batean aplika dezakegu.
Zein enpresa mota dira?
Informatikarekin zerikusia duen edozein enpresa izan daiteke; nire kasuan, web orriak diseinatzen dituen enpresa bat aukeratu nuen.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia nahiko erosoa izan da. Praktiketan, benetako proiektuetan laguntzeko eta arazo teknikoei aurre egiteko aukera izan dugu, eta horri esker hazi gara, bai profesionalki, bai pertsonalki.
Nori gomendatuko zenioke ikasketa horiek egitea?
Ikasketa hauek gomendatuko nizkioke bai informatikaren alorrean sartu nahi duen orori, esperientzia badute edo hutsetik hasita badaude, bai ordenagailua eta teknologiaren edozein arlo erabiltzen duen beste edonori ere. Ikastaroak oinarri sendoa ematen du teknologian, eta baliagarria da industria mota askotan.
Ikasketak despedituta, zer?
Heziketa ziklo hau bukatu ondoren, nire hezkuntzarekin jarraitzeko asmoa dut, Marketineko goi maila bat eginez. Uste dut informatikako ezagutza teknikoak eta marketineko trebetasunak konbinatzeak aukera profesional berriak ireki diezazkidakeela, eta gero eta lehiakorragoa eta digitalizatuagoa den lan merkatu batean nabarmendu naiteke.
Animatuko al zenuke jendea ziklo hau egitera?
Bai. Bai zikloa egin eta lan mundura irten nahi duenari, baita zikloa bukatu eta goi mailako beste ziklo bat egin nahi duenari.
“Oso trebatuta eta gogotsu iristen dira”
Unai Aldaz Oraa
Aldor Interneteko arduraduna
Zergatik hartu dituzue ikasleak praktiketan?
Asko laguntzen gaituztelako.
Zenbat denbora egon dira zuekin?
500 ordu, gutxi gorabehera 3 hilabete.
Zertan?
Web orrialdeen programazio lanak, sare sozialen kudeaketa eta internet-ekin erlazionatutako hainbat lan egiten.
Trebatuta iristen dira?
Bai oso, eta, gainera, gogo askorekin. Oso pozik gaude beraiekin.
Errepikatzeko asmorik?
Bai, ez da lehenengo aldia eta ez da azkena izango.