Astekaria

"Enpresa guztiek behar dute halako mantentze lanak"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko aza. 11a, 14:02

Izaskun Aldaia Legarra eta Oskar Fernandez Puente ikasgelan.

Ikasturte honetan Sakana LH institutuak bere euskarazko bigarren ikasketa du: Mikroinformatika sistemak eta sareak. Erdi mailako zikloa da. Izaskun Aldaia Legarra eta Oskar Fernandez Puente zikloko irakasleak dira. 

Hasi berri diren Mikroinformatika sistemak eta sareak ikasketak bi ikasturteko iraupena dute. Haiek despedituta ikasleek ordenagailuak konpontzen edota haiek lotzeko sareak sortzen jakinen dute. Baita mantentze lanak egiten ere. 

Mikroinformatika sistemak eta sareak ikasketak erakusten duzue. Hasteko, zer  da mikroinformatika?
Oskar. Sistema informatikoekin lan egitea da, batez ere. Informatika eta informatika sistemak lan askotan erabiltzen dira. Hemen nahi duguna da ikasleek jakitea nola erabiltzen diren informatika sistemak, zertarako erabiltzen diren eta nola konpontzen diren. 

Informatika sistemez ari garenean, zertan pentsatu behar dugu, ordenagailu baten tripetan? 
O. Bai, batez ere horretan, ordenagailu baten tripak. Baina ez hori bakarrik, programak…

Informatikak arlo asko ditu, eta ezin da zabalera handia hartu. Baina pixkanaka-pixkanaka informatika guztia ezagutuko dute. 
Izaskun. Sare txikiak, periferikoak… Eskala handian izan gabe, informatikarekin lotutako dena. Zerotik instalatzetik eta konponketaraino iritsi daitekeena irakasten dugu. 
O. Konponketa txikiak, arazoak zein diren ezagutu eta nola konpondu daitezkeen. 

Baina ikastaroaren izenean mikroinformatika sistemak bai, baina sareak ere aipatzen dira. Zer dira?
I. Ordenagailuen artean lotura eta komunikazio hori ziurtatzea litzateke. Eskala txikian bulego batekoak, edo etxekoak.
O. Ordenagailuak sare txiki batean nola komunikatzen diren, zein diren aukerak, hori garatzeko, mantentze lanak egiteko, eta horrelako gauzak irakasten ditugu. 

Informatikaz inguratuta bizi gara. Ikasketa horiek lan irteera handiak dituzte? 
I. Gero eta gehiago. Gainera, hori bukatzen ez den esparru bat da. Beti gauza berriak sortzen dira. Prestatzen joan behar da. Garai batean, mugatuagoa zen, baina gaur egun mikroinformatika enpresa guztietan dago. Eta enpresa guztiek behar dute mantentze hori.

Batez ere mantentze lanak egiteko litzateke?
O. Bai, mantentze lanak egiten ditugu. Modulu bat bereziki ekipamenduen muntatzeari eta mantentzeari eskainita dago. Modulu horretan ordenagailuak zabaltzen, konpontzen eta muntatzen  dira, tripak ikusten dira batez ere. 

Zein modulu gehiago daude? 
I. Ofimatika aplikazioak, bulego batean erabiliko diren ordenagailuko programez aholkatzeko. Erabili daitezkeen programak, laguntzeko. Beste modulu bat sareak muntatzeari buruzkoa da, antolaketa eta mantentzea nola egin behar diren. 
O. sistema eragileak ere, esaterako, Windows edo Linux. Nola instalatzen diren… Sistema eragileei buruzko aspektu guztiak ikusten dira. 
I. Sortzen diren beharrak. Azkenean arlo hori oso zabala da eta ikasleek jakin behar dute zein aukera dauden sortzen den eskaera horri erantzuna emateko. Enpresa batek behar baditu hainbeste ekipo, halako sistema eragilearekin eta halako ezaugarriekin, eskaera horri ditugun tresna guztiekin, edo aukera guztiekin, erantzun onena ematen jakin.

Beraz, ikasleek kuadrilako guztiak lagun izanen dituzte: “aizu, ordenagailuan arazo bat dut”.
O. Beste lanetan berdina gertatzen dela suposatzen dut. Autoak konpontzen badituzu: “nire autoari hau gertatzen zaio”. Eta informatikan, gauza bera.  

Praktikak ikasgelara ekarriko dituzte, zuekin zalantzak argitzeko? 
I. Hasieran gaude, eta oraingoz ez da tokatu. Baina gerta daiteke. Helburua ere litzateke ikastetxean sortzen diren arazoei konponbidea hemendik bideratzea, kasu praktiko gisa.

Sakanako enpresek halako langile profila eskatzen dute? 
I. Halako ezagutzak dituen langileak leku guztietan behar dira.

Zikloa despeditu eta lanean hasi nahi ez dutenek, ikasten segitzeko zein aukera lukete? 
O. Sakanan momentuz aukera gutxi, baina beste toki batzuetan beste ziklo batzuk daude, sistemak administratzeko. Beste aukera bat da programazioa ikastea. 
I. Lanbide Heziketako goi zikloak dira. Aurrekoan ikasle batek aipatu zuen Sakana Lanbide Heziketa institutuan badagoela robotikarekin lotutako modulu bat. Ikasketa hauekin nolabaiteko lotura izan dezake. Bere asmoa da hemen ikasten jarraitzea.


 
Bien artean ematen dituzue zikloko ikasketa guztiak. Zer moduz hasi duzue ikasturtea? 
I. Oraingoz ongi. Badu bere alde txarra eta ona. Koordinazio handia dugu, elkarrekin ongi moldatzen gara, eta elkar asko laguntzen dugu. Jende asko egonen balitz, agian zailagoa litzateke. Lan handia dago, baina uste dut positiboa dela. Elkarren klaseetan sartu gaitezke laguntzera. Ez dugu inolako arazorik.
O. Zerotik hasi ginen, gela prestatzen, dena prestatzen. Pixkanaka aurrera goaz, arazorik gabe. Ikasle gutxi daude, eta hori guretako ona da, haiei arreta hobea eskaintzeko. 

Zenbat ikasle dituzue? 
I. Zazpirekin hasi ginen. Eta beste hiru gehitu dira gerora.

Badakizue zergatik eman duten izena? 
I. Lehenengo egunean galdetu nien ea beraiendako lehen aukera zen, eta gehienek baietz esan zuten. Askotan gerta daiteke ikasketetan lehen aukera da ez dakit zer egitea, bigarrena beste bat eta… Baina beraiek, badirudi nahiko garbi zutela, zeren gehienek lehen aukera gisa zuten mikroinformatikarena. Gustatuko zaie, edo irteerak dituelako…

Mikroinformatika sistemak eta sareak. Ikasketa sortu berria da, edo aurretik bazegoen? 
O. Aurretik gaztelaniaz zegoen. Ez dakit zenbat urte, baina urte asko. 
I. Euskaraz ere bai. Iruñeko Mariana Sanz institutuan euskarazko lerroa dago. 

Orduan haiek material bat aurreratuta izanen dute, euskaraz. Pasa dizuete edo zerotik hasi zarete? 
O. Programazioak batez ere. Nik, momentuz, material gutxi daukat, ez dut asko lortu. 
I.  Ni joan den urtean Mariana Sanz institutuan izan nintzen, erdarazko lerroan. Laguntza pixka bat eskatu dugu, eta utzi izan digute. Zerotik hasi gara, baina, alde horretatik, erreferentzia puntu bat badugu, eta lagungarria da. Azkenean, materiala beti pertsonalizatu behar duzu, zure modura ekarri behar duzu.

Joan-etorriko harremana balego…
O. Hobe litzateke, bai. Baina ez bakarrik Iruñeko zikloarekin. Komunitate osoan, antzeko moduluetan, gehiago bultzatu behar da koordinazioa. 

Beraz, harremana baduzue, baina materiala itzultzea-edo tokatuko zaizue. 
I. Moldatzea. Azkenean, libururik ez dugu. Gutxi dago, eta dagoena erdaraz da. Orduan zuk apunteak eman behar dituzu eta…

Halakoetan Hezkuntza Departamentutik laguntza ematen dizuete? 
O. Ni komunitate horretan berria naiz, eta ez dakit laguntzarik dugun edo ez. Bakoitzak bilatu behar du nola moldatu. Batzuetan uste dut irakasle lana beharrean itzultzaile lanak egiten ari naizela. Horrela izan behar da. 

Itzultzerakoan hitzekin, terminologiarekin, zalantzak sortzen zaizkizue? 
I. Itzultzaile neuronalen laguntza dugu, baina…
O. Interneteko Euskalterm webgunean laguntza teknikoa bila dezakezu. 

LHkoak ikasketa praktikoak dira. Tailerrak izaten dira. Zuek halakorik baduzue? 
I. Behin behineko gela batean ari gara. Gure gela izan behar dena obretan dago, agorrilaren 27an hasi ziren lanak. Horrela gaude, ondoren, ez dakit. 
O. Klasean bertan aukera dugu ordenagailuak muntatzeko, zabaltzeko… 
I. Horrela dago ikasle gutxi dugulako. Zeren ikasle gehiago egonen balira, eta gela beteko balute, ez dakit non eginen genukeen.

Ordenagailuko plakak atera, soldatu… 
O. Momentuz ez dugu soldatu, baina behar bada egin beharko dugu. Oraingoz ordenagailuak zabaldu eta gauzak kendu eta jarri ibili gara. Osagai nagusiak ezagutu. 

Beldurra kentzen? 
I. Hori da. 

Ikasketa honek berarekin ikastetxetik kanpo praktikak egitea dakar. Enpresak bilatu beharko dira horretarako, ezta? 
O. Bai. Aurten, momentuz, ez dute enpresetan praktikarik eginen. Baina hurrengo ikasturterako hemengo enpresak bilatu beharko ditugu, ea zein diren haiek praktiketara joateko aukerak.  

Elkarrizketa musukoak jantzita egin dugu. Zer moduz COVID-19arekin? 
O. Moldatu behar dugu. Hau tokatu zaigu, eta osasuna zaintzeko egin behar da. Ez dago besterik. Leihoak eta ateak zabaltzen ditugu korronte pixka bat izateko. Ikusiko dugu noiz bukatzen den. 

Ikasketak euskaraz dira. Ikasleek euskaraz hitz egiten dute? 
I. A zer borroka dugun horrekin! Kostatzen zaie! Heldu diren lekuetatik ohituta daude, eta erdarara erraz jotzen dute. Hor erronka handia dugu!

Euskarazko bigarren ikasketak dira. Sakanako ikasle gehienek D ereduan ikasten dute. Institutuan euskara entzuten da? Edo arrotza da?
O. Euskara gutxi erabiltzen dute normalean. Hemen klasean euskaraz hitz egitera behartuta daude, baina batzuetan ez dute euskaraz hitz egiten. Kostatzen zaie. 
I. Egia da euskarazko bi modulu daudela bakarrik, baina irakasle euskaldun asko dago erdarazko klaseak ematen. Baina ikasleen artean kostatzen da. Kuadrila berdinekoak badira, ohitura badute… Baina ohitura berriak hartu behar dituzte, eta erraztasun handiarekin erdarara jotzen dute. Harremana hasi behar duten momentuan erdarara jotzen badute, akabo. Badirudi bidea hartzen dutela eta hortik jarraitzen dute. Kostatzen da.


Institutuaren eskaintza

  • Goi mailako zikloak: 


    Industria Mekatronika.


    Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).

  • Erdi mailako zikloak: 


    Mantentze-lan elektromekanikoa.


    Soldadura eta galdaragintza.
    

Araubide bereziko kirol ikasketak bai mendi ertaina bai eskalada.


    Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).
    Mikroinformatika sistemak eta sareak (ikasketa duala, euskaraz).

  • Oinarrizko Lanbide Heziketa


    Merkataritza zerbitzuak. 



  • Ziurtagiriak
.
    Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.

 

Duela 28 urte 
Euskarazko ikasketak eskatzeko Lanbide Heziketako ikasleek ia hilabete egon ziren greban. Zurgintza ikasketetan euskarazko klase orduak asteko 19 ortutik 11ra jaitsi zituen Nafarroako Gobernuak. A ereduan 18 eta D ereduan 10 ikasle matrikulatu ziren. Hezkuntza Departamentuak esan zuen 25 ikasle matrikulatu ez zirenez, D eredua ez zuela ezarriko. Gurasoek foru administrazioa kritikatu zuten “argi eta garaiz” ez jakinarazteagatik D eredua ezarriko zen edo ez. Bestalde, ikasturte hartan LHrako 22 irakasle erdaldun eta 5 euskaldun kontratatu zituen gobernuak; irakasle elebidunak kontratatu ez izana salatu zuten. Hezkuntza Departamentuari gogorarazi zioten Sakanako 100 ikasle Agurainen D ereduan ikasten ari zirela, horrek ikasleen familiei gastua sortzen ziela. Modu horretara UPNko gobernuak gastu bat kentzen zuela salatu zuten, eta D ereduaren alde ez zela busti.  

Ikasleek 1993ko irailaren 30etik lastailaren 25era egin zuten greba. Haien aldarrikapenak Iruñera eraman zituzten, hezkuntza ordezkaritzaren aurrean agerraldia eta eserialdia eginez. Manifestazioak Altsasun eta Iruñean egin zituzten. Ia hilabeteko protestaldiaren ondoren klasera bueltatu baziren ere, mobilizazioekin segitu zuten. Aldarrikapena ordutik bizirik egon da, baina 2018ra arte Sakana LH institutuak ez zuen euskarazko ikasketarik hartu. 

 

Erlazionatuak

Euskara ikasketa bat Lanbide Heziketan

Alfredo Alvaro Igoa 2019 mai 10 Sakana