Maiatzaren 4an, larunbata, eguerdian, eta Altsasuko Alde Zaharreko Festen baitan, zazpigarren ELE festa izanen da, Gure Etxearen aurrean (eguraldi txarrarekin Gure Etxean). 12:00etan hasiko da festa, mintzodromoarekin: jende euskalduna ezagutzeko eta euskara hitz egiteko espazio segurua izanen da. Hortaz, parte hartzaileak taldeka jarriko dira eta denbora tarte batez gai baten inguruan hitz egiten ariko dira. Idoia Granzio eta Ekain Alegre bertsolari altsasuarrek eginen dute gai jartzaile papera. Ondoren, Kidam Magoaren emanaldia izanen da, eta euskaltzaleen festari amaiera emateko auzatea izanen da.
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, AEKk, Guaixe Fundazioak, AGAk, Aizpeak, Pikuxarrek eta Iratxo elkarteak antolatu dute ELE festa.