Nafarroako Kroketaren VII. Astearen finala maiatzaren 14an, asteartean, 09:30etik aurrera jokatuko da. Epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako 91 kroketak dastatu ondoren, finalerako hemezortzi aukeratu ditu. Horien artean dago Altsasuko Arkangoa tabernako kroketa. Rafael Arteta Ballarinek orburu, onddo, perretxiko eta trufaz egindako kroketa prestatu du, oso bexamel finarekin egina. Hura atzera ere epaimahaiaren aurrean egin beharko du.
Honakoak izanen dira kroketak dastatu eta epaituko dituztenak: Pilar Idoate eta David Yarnoz Europa Jatetxeko eta Urdanizko Errotako sukaldariek, Jaione Aizpurua Kabo Jatetxeko areto buruak eta Roberto Camara eta Jorge Sauleda kazetariek. Lehen hiru sariekin batera sei mailatan ere sariak banatuko ditu: sormenaren eta berrikuntzaren saria, kroketa edo frijitu tradizionalaren saria, frijitze-punturik onena bereiztea, kremositate handienarekiko bereizketa, uztartze onenaren saria eta epaimahaiaren aipamen berezia. Ostalaritzako Enpresa Txikien Nafarroako Elkarteak (ANAPEH) antolatu du lehiaketa beste hainbat erakunderekin batera, eta hainbat babesle ditu.