Altsasu Auziak ez du bere ibilbidea bukatu. Baina Altsasu Gurasoak-ekoek bere memoria gunea aurkeztu dute, eta, esan dutenez, "kontatzen ez dena ahaztu egiten da, eta ahazten dena ez da existitu. Gainera, desitxuratze interesatuari, gezurrari eta errealitatearen manipulazioari atera irekitzen die". Gurasoek "beharrezko" jo duten ekimen horretan lanean aritu da antropologoa.
Eta nola jaso zuen Labrit ondareak lan hau egiteko enkargua?
Guretako proiektu hau duela urtebete baino gehiago hasi zen. Altsasu Gurasoak elkartea gurekin harremanetan jarri zen. Urte hauetan guztietan bildutako material guzti hori herriaren esku uztea zuten helburu. Gure metodologiarekin, gure aterkipean eta gidaritzapean, material guzti hori antolatu eta sakontzeko proiektua izan da.
Zer metodologia erabiltzen da horrelako lan bat egiteko?
Labrit Ondarean antropologia metodologia erabiltzen dugu. Asociacion de Antropologia del Estado Español elkartea (Asaee) estatuko garrantzitsuena da eta haren kalitate zigilua dugu. Materiala ordenatu dugu, baina baita proiektu guzti horri forma eman diogu ere. Koherentzia ematen saiatu gara eta material hori antolatzeaz aparte, testigantzak jaso ditugu. Azkenean ahozko memoria hori edo materia gabeko ondarea, auziaren eta geroko prozesuaren ondare hori jaso dugu. Horren azterketan dago antropologia metodologia. Grabazioen 21 ordu horiek indexatu, aztertu eta gaika banatu ditugu eta gaur egun web orrian ikus daitezkeen 442 pasarteak dira. Material interpretatua baita ere.
Memoria guneak zertarako balio du?
Gure ustez teknologia berriak, eta batez ere ikus-entzunezko euskarriak, gaur egungo jendartean ezinbestekoak dira belaunaldien arteko transmisio hori egiteko. Lehen beheko suaren edo lurra suaren inguruan egiten zena gaur egun beste kanal batzuetatik egiten da eta, horregatik, guk beti apustu egiten dugu ikus-entzunezko materialaren alde. Eta transmisio hori eman ahal izateko, baita jende guztiaren eskura uztea web orri batean. Ondarea biltzea inportantea da, baina bildutako ondare hori transmisio bide bat ematea ere garrantzitsua da. Batak bestea gabe ez du zentzurik, ez orduan web orriak eta baita liburuak ere, kasu honetan laguntzen du bildutako guzti hori hedatzeko.
Etorkizunera bidalitako mezu moduko bat, "hemen hau gertatu zen" esanez.
Hori da. Hemendik urte batzuetara nola oroituko da Altsasuko auzia eta prozesu hori guztia? Nola oroituko da nola bizi zuen izan zuen pertsona bakoitzak? Eta pertsona, kolektibo eta herrian bertan nola bizi izan zen? Denok dakigu memoria subjektiboa dela, baina proiektu honi esker badago gordea eta etorkizunean gure hurrengoek bertatik bertara jakin ahalko dute gaur egun nola bizi izan dugun Altsasun gertatu den hau guztia.
Protagonisten lekukotzen bitartez dena.
Altsasuarrak gehienak, baina altsasuarrak ez direnak ere badaude. Bai Altsasun, baina baita Altsasutik kanpo oihartzun handia izan zuen auzi bat izanik, hau guztia nola bizi izan zen biltzen saiatu gara.
Ez da normala gaurkotasuneko gai baten inguruan memoria ariketa egitea.
Zorionez, gure ustez ondarearen inguruan gero eta kontzientzia gehiago dago. Azkenean, ondare materialaren inguruan badugu kontzientzia. Jende guztiak hurrengoentzat bere ondasun materialak lotuta uzten ditu. Eta, zorionez, gaur egun materiarik gabeko ondarearen garrantzia ere gero eta nabarmenagoa da jendartean. Horrela ikusten dugu behintzat.