Antxon eta Koldo

"Memoria gunea sortu dugu baliagarria izateko"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko mai. 27a, 13:00

Koldo Arnanz Zufiaurre eta Antxon Ramirez de Alda Fernandez, Altsasu Gurasoak taldeko kideak.

Altsasu Gurasoak taldeak Altsasu Auziaren memoria gunea aurkeztu du. Liburua eta webguneak osatzen dute. Haren berri eman dute Antxon Ramirez de Alda Fernandezek eta Koldo Arnanz Zufiaurrek.

Atzera ere eskerrak ematen hasi eta bukatu zuten prentsaurrekoa Altsasuko Gurasoak taldeko ordezkariek maiatzaren 17an. Altsasu Auziaren memoria gunearen aurkezpena egiteko deialdia zen. Ez ahazteko egindako memoria gune bat. Gurasoek eskerrak eman zizkieten antolatutako ekimenetan parte hartu duten milaka pertsonei, kolektiboei eta erakundeei. Bidean ezagutu dituzten pertsona errepresaliatuak ere gogoan izan zituzten. Baina gurasoek, batez ere, altsasuarrei egin nahi izan zieten aitortza: "prozesu honetan uneoro maitasunez, enpatiaz eta duintasun handiz lagundu gaituzuelako. Bihotz, bihotzez, eskerrik asko". 

Zer sentitzen da, atzera ere, gaurkotasunaren lehen lerrora bueltatzean? 
Koldo. Pena handia eta zoriontasuna. Gauzak berriro berpizten dira. Hori da alde txarra. Bagenekien hona ailegatu behar ginela, eta heldu den urtera arte jarraitu beharko dugula. Heldu den hilabetean Oihanek zigorra betetzeaz bukatuko du eta Jonanek eta Julenek 2025eko lastailean. Borobila ixteko etapa horiek daudela badakigu. 
Antxon. Ni gezurti bat sentitzen naiz. Zeren Iruñean, Katakrak-en, esan genuen: hau bukatu da. Ez gara gehiago agertuko. Eta orain berriro agertzen pentsatzen dut: gezurra esan genuen. Baina halabeharrez egin behar genuen. Zeren Koldok esan duen bezala, zikloa itxi behar da. Eta ixteko falta da pixka bat. Baina memoriarekin zerbait egitea falta zen. Bete dugu, eta gustura gainera.
K. Etapa hau egitea behar-beharrezkoa zen. Hau betirako geldituko da. Hor dago, egina, jakinarazteko. Beti esaten duguna, berriro ez gertatzeko, horrelako egoeretarako beharrezkoa zen.

Maiatzaren 17an lanpetuta ibili zineten. Zer moduz? 
K. Bera ni baino itoago. Ni arratsaldean lanean egon nintzen eta han pixka bat lasaitu nintzen. Goizean aretoa prestatu eta, ondoren, prentsaurrekoa. Eta esandakoa, berriro gauzak berpizten zaizkizu, baina, beno, beharrezkoa zen eta egin behar zena egin genuen. Kitto. 
A. Sorpresa positiboa izan zen ikustea Altsasura hedabide asko etorri zirela. Horrek poztasuna eman zigun. Baita zer pentsa ere: Altsasu Auzia hor dago oraindik. Eta arrazoia eman digu memoria gunea orain egitean, memoria hori bizirik eta fresko dagoenean egiteak, merezi izan du, ez guztia pasa ondoren. Zeren oraindik hor dago, ez da bukatu eta aprobetxatu dugu etorkizunerako memoria uzteko. 

Zer moduz arratsaldekoa? 
A. Normalean, gure ekitaldietan jendea hunkituta egoten zen. Baina honekin ez genuen nahi. Ikus-entzunezko formatua izan zen. Memoria gunea egin duen Labrit Ondarea enpresakoek prestatu eta azaldu zuten guztia. Horrek lagundu zuen atsegina egiten, eta errazagoa izaten. Jendea pozik egon zen, zeren irteeran jende askok esan zigun polita izan zela. Liburua banatzeak ere lagundu zuen. Liburua bera nahiko txukuna da, formatu polita du. Pozik geratu ginen. 
K. Lan ikaragarria egin da. Labritek lan ikaragarria egin du. Baina badago gauzak, informazioak eta gauzak berreskuratzen mugitu den bertako jendea ere. Hori liburuan eta web orrian ikusten da. Hori nabarmena da. 

Nolaz sortu zen Altsasu Auziaren memoria gunea sortzeko ideia? 
K. Hainbeste material izanda, gure artean esaten genuen zerbait egin behar zela, irtenbide bat eman behar geniola. Baina ez genuen hori lantzeko ez bitartekorik ezta gaitasunik. 
A. Gurasoen artean pentsatzen genuen: "zer pena, material asko daukagu. Auziak oihartzun handia izan du. Horrela bukatzea ere, zerbait egin behar dugu. Auzolan bitartez? Altsasun badaude oso ongi ezagutzen eta lan handia egin dutenak. Ikasketak eginak dituzten gazteak badaude, agian prest daude egiteko. Beka bat sor dezakegu, eta pertsona bat edo bi kontratatu". Hor bueltaka ibili ginen. Segur aski hori norbaitengana ailegatu zen eta batek halako lanak egiten dituen Labrit Ondarearen berri eman zigun. Hots egin eta bilera egin genuen. Berehala hartu zuten zer egin nahi genuen. Eta haiek egindako lana erakutsi ziguten: bideo bat, liburu bat... Nik ez nuen ezagutzen, eta lan dezente egiten ari dira. Hori ikustean egiteko planteatu genien. Orduan bilera serioa egin genuen, aurrekontua, ideiak partekatu eta, azkenean, gurasoen bileran onartu genuen aurrera egitea. 

Nola irudikatu behar zaituztegu: auziak iraun duen bitartean argitaratutako guztia biltzen? 
K. Auziak iraun bitartean, batzuek gure kabuz informazioa biltzen eta antolatzen ari ginen. Dena bulkaka etortzen da eta nolabaiteko antolaketa egon behar da. Baina inongo ideia zehatzik gabe. Taldeko eta kanpoko batzuek material hori bilduta zuten. Gehi ez zegoena. Ondoren ibili baikara  material horren atzetik. Hori guztia Labritekoei pasa genien eta beraiek eman diote forma, irizpideak markatu dituzte web orrian ateratzeko. 
A. Hasieran guk ez genituen horrelako lanak ezagutzen, eta klasikoa garenez, pentsatzen genuen agian liburuxka bat egin zitekeen. Horretarako material fisikoa bagenuen. Baina Labritekoek antropologia metodologia erabiltzea proposatu zuten. Beraz, alde batetik, materiala: digitala, egunkariak, aldizkariak, bai bideoak, argazkiak... Baina haiek antropologia metodoarekin zerbait sakonagoa egin nahi zuten: hamalau pertsonekin elkarrizketa sakonak: politikoak, abokatuak, gurasoak, gazteak... Oso garrantzitsua da esaten dutena. Denbora lerroan argazki batzuk daude eta haiek adierazten dutena interpretatzen dute hainbat pertsonak. Ondoren liburuaren ideia sortu zen. Web orriaren azalpena da. Baina berriro pertsonak daude. Zerrenda luze bat prestatu genuen, haiengana jo genuen eta horiei galdera bat planteatu genien: Altsasuko auzia entzutean zer datorkizu burura? Hor daude 82 pertsonek emandako esaldi bana. Horrekin ere osatu dugu memoria lan hau. 
K. Bi arlo ikutzen dira: materia gabeko ondarea eta antropologikoa. Nahiko betea geratu da. Liburuaren ideia Altsasuko Udalean aurkeztu genuen eta hasieratik onartu zuten. Udala Labrit Ondarearekin harremanetan jarri zen, eta liburua argitaratu da. 

Auziaren gordinean zergatik hasi zineten materiala biltzen? Zer behar zenuten? 
K. Ailegatzen zen. Eta jende asko egon da inplikatuta kasu honekin. Alde batetik gurasoak, beste aldetik, herriko jendea, eta hor pil-pilean egon dira hasieratik. Nire kasuan, esaterako, material pila ailegatzen zen, eta hasiera batean ez genekien noraino izan behar zen. Nik dena toki batean bultzaka sartzen nuen. Auziak gorputza hartu zuenean, material pila eta denbora luzatzen ari zenez, ni hainbat ataletan antolatzen hasi nintzen: langileak egiten zituzten ekitaldiak, herri mailan egiten zen ekitaldiak... Zerbait xumea. Beste batzuek material pila hartu zuten. Denbora zutenez, edo gustatzen zitzaienez, hasi ziren beraien kabuz antolatzen. Eta ikusi genuen hau ez zela berehala pasako, luzerako kontua zela. Eta ikusten genuen horiek gorde behar zirela. Horri esker, eta ondoren opatu ditugun materialekin gorputza eman zaio lan honi. 

Beraz, memoria gunea behar zen. 
A. Bai. Eta orain konbentzituta gaude. Gainera jende askok esan digu beharrezkoa zela. Gure ustez gure herriari beste mugarri bat ematen diogu, beste pieza bat herriaren historian kokatzeko. Altsasuk badu bere historia errepublikatik eta bide honetan, batez ere errepresioaren bidean, elementu batzuk daude hor. Gurea ere kokatu nahi genuen gure herriaren historian, eta beharrezkoa zen. 
K. Altsasuk sufritu ditu milaka garai desberdinak eta oso bortitzak. Hau beste bat da. Beharrezko ikusi genuen. Gainera, hasiera-hasieratik ikusi genuen, lan honi ez genion oztoporik jarri. 

Auzia ez da bukatu. Webgunea eguneratuko duzue gertatzen direnekin?
A. Ez bakarrik falta direlako, baizik eta material gehiago existitzen delako. Beraz, zabalik dago. Labriten esan ziguten material berri bat lortzen badugu, zintzilikatuko dutela. Eta saiatuko gara. 
K. Hemerotekan, esaterako, sartu gabe dagoen material pila daukagu. Azkenean, denbora denbora da eta ailegatu garen tokiraino ailegatu gara. Badakigu hemerotekan pila bat sar daitekeela. Gainera, jendea animatuko da agertzen ez dena ematera. Materiala duenak gurekin harremanetan jar dadila. Edozein momentutan zintzilikatzeko giltza hori badugu. 

Liburua zergatik banatuko duzue zuek? 
A. Udalak finantzatu du, diru partida bat sortu du horretarako. Gehiago egin eta jende guztiari banatzea ere pentsatu genuen, baina zaila ikusten genuen nola egin eta nola antolatu. Irizpideak jarri genituen: lehenengo, Iortiako aurkezpenera joaten direnei ale bana emanen diegu. Bigarrena, gure inguruan lanean, laguntzen, parte hartzen egon direnei ematea. Zerrenda bat egin dugu. Hor liburutegiak eta beste herrietako jendea sartzen dira, esaterako. Zerrenda hori egiten eta luzatzen ari gara. Ea noraino ailegatzen garen liburuekin. Jendea liburu eske hots egiten hasi da. Orain ez dakigu faltako diren edo ez. Kezka dugu. Ea ongi egiten dugun. Berrargitalpen bat? Zaila da, ordaindu beharko genuke. Zerrenda hori egiten badugu, pentsatzen dugu ailegatuko dela. 

Memoria hauskorra da? 
K. Espero dut ezetz. Bestela, zer? Berriro hanka sartu eta horrelako egoeratara bueltatuko gara? Memoria beharrezkoa da, jakiteko, ez errepikatzeko. Hausten bada buelta gaitezke, eta espero dut ezetz. Ez badugu ikasten honekin. Edo muntatu dutenek ez badute honekin ikasten, holakoekin ez dutela ezer egiten. Nik hori ez dut erantzun behar, beraiek esanen dute. Estatuak edo gobernuak behar dutela ikusten badute, egiten ari garenak ez duela ezertarako balio pentsatzen dut. 
A. Memoria gunea sortu dugu baliagarria izateko. Orain arte hauskorra izan da. Lehen gertatu zen etxeetan ez zela hitz egiten [1936ko estatu kolpearen ondorengo gerraz]. Galdu egin zen. Ondoren arazo bat sortzen da hori manipulatzeko. Memoria galtzen bada, hor gelditzen bada kasurik egin gabe, errepika daiteke. Baina memoria bizirik mantentzeko ariketa egiten badugu, gutxienez, aukera hori hor dago hurrengo belaunaldiarendako, ez dakit zenbat urte barru, materiala hor dago. Norbaiten esku egonen da, esaterako, ikastetxeetan azaltzeko, beste lekuetan hitz egiteko. Eta, batez ere, eta orain gertatzen ari da, kazetariek nahi badute. Gaur egun kazetari onek interesa sortzen duen gai baten ingurukoak publikatzen dute. Munduan gertatzen dena ez ahazteko. Hori halabeharrez izan behar du beti. Horregatik, nik garrantzia handia ematen diot kazetarien lanari, funtsezkoa dela uste dut. 
K. Esaterako, Altsasu Auzia Espainiako Parlamentuan ateratzen dute noizean behin. Beharrezkoa da memoria. Nahiz eta guk orria pasatzeko gogoa izan.  

Hiru gogoeta

Altsasu Gurasoak taldeak auziak utzi dien aztarnari buruzko hiru gogoeta partekatu zituen.

  • 1. Ez da bertsio ofizialarekin fidatu behar.
  • 2. Estatuaren eraberritze demokratikoa beharrezkoa da. "Lege, hedabide, politika errealitatearen eta Guardia Civilaren 'benetako' boterearen inguruan duela ia zortzi urte egindako salaketak erabateko gaurkotasuna dute".
  • 3. Premiazkoa da espetxe sistemaren ikuspegia aldatzea. "Errealitate gordina ezagutu dugu, batez ere, COVID-19ak eragindako pandemian. Ezinbesteko erreformak eskatzen dituen egoera dago. Horretarako, borondate politikoa behar da, mendeku eta zigor eskema birgizarteratze eta justizia errestauratiboagatik aldatzea. Gainera, espetxe legedia betetzea, irizpide politikoengatik salbuespenik izan gabe".


Datuak

  • 14 elkarrizketa sakon.
  • 24 mugarri komentatzen duten 31 pertsona.
  • 82 hausnarketa, esaldi, auziaren inguruan.
  • 21 ordu grabatuta.
  • 125 bat parte hartzaile.
  • 442 lekukotza. 


Web gunearen zatiak

  • Aurkezpen bideoa.
  • 14 elkarrizketa sakon, banaka planteatutako hamar gai aztertu dituztenak. Elkarrizketa horiek pertsonen edo gaien arabera ikus daitezke.
  • Denboraren lerroa. Kronologikoki, 24 argazkiren bidez, 31 pertsonek erakutsitako argazkiko une horrek zer iradokitzen dien erantzun duten.
  • Argazki galeria.
  • Bideoteka eta audioteka.
  • Dokuteka. Hainbat komunikabidetako artikulu eta albiste eskaneatuak jasotzen dituena, baita kasuaren dokumentu esanguratsuak ere.