Iker Baxerriri esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. "Nik hau daukat eta elkarte bat dago, laguntzen diguna, eta laguntza behar duena". Laguntzeko modu bat pentsatu zuen: "Hitz egingo dut lan egin dudan musika talde batzuekin, badirelako taldeak duela ia hogei urte ezagutzen ditudala". Hasiera batean ideia zen lau edo bost taldeko gau bat egitea; lau talderi "begira hau egitea pentsatu dut" esan zien, baietz esan zuten, "eta ez dakit benetan zer gertatu zen", bi eguneko jaialdi bat bihurtu zen: Elkar Mugi elkartasun jaialdia. Helburua elkarteari ikusgarritasuna ematea da, eta jaialdiko sare sozialetan ere gaixotasunaren inguruko informazioa zabaldu dute. Elkartean jaialdiarekin "flipatzen" ari direla esan du altsasuarrak.
Maiatzaren 31 eta ekainaren 1ean ospatu da elkartasun jaialdia, Zelandin, eta hainbat rock taldek parte hartu dute: Segis, Talco, Kaotiko, Tropa do Carallo, Dinamita, Sofokaos, The Lio eta Muga Zero taldeek lehenengo egunean, eta Rotten XIII, Non Serviumen ikuskizun berezia, Unidad Alavesa, Brigade Loco, Crim, Hell Beer Boys, Nafarroa 1512, Añube, Public Enemy eta Garratz taldeak bigarren egunean ariko dira. Altsasuko kaleetatik ere Elektrokela Elektrotxaranga ariko da. Kanpoan utzi behar izan dituen taldeak daudela aitortu du Baxerrik, "ez zegoelako leku fisikorik".
Elkar Mugin auzolana eta herri mailako inplikazioa ere garrantzitsua izan da: "Junerekin kafe bat hartzen nengoen eta egin nahi nuena komentatu nion; auzolanean egingo bagenu zer iruditzen zitzaion galdetu nion, eta baietz esan zuen". Beste hainbat eragileri ere elkartasun jaialdiaren ideiaren berri eman zien, eta laguntzeko prest agertu ziren; Jimmy Jazz Gasteizko aretoko arduradunak, HFMN, Entzun, Partisano, Muberwear, MusikazePro eta Musika Zuzenean.
Elkartasun jaialdia antolatzeko bilerak urte hasieran hasi ziren. Abenduan sarrerak salgai jarri zituzten, eta oso denbora gutxian hasiera batean jarritakoak agortu ziren. Edukiera handitu zuten, eta sarrera berriak ere azkar batean saldu ziren. Elkartea laguntzeko 0 Ilara sarrerak eros daitezke, eta jaialdiaren kamisetak salgai egongo dira ere. Astelehenean hasi ziren jaialdiaren eremuaren muntaketarekin. "Dena plan kronologiko batean antolatuta dago". Orain bakarrik "eguraldi ona" egitea espero du Baxerrik.