Punk-rocka terapia denean

Guaixe 2024ko eka. 10a, 11:00

Jendetza elkartu ze kontzertuekin gozatzeko.

Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaz diagnostikatutakoen elkartearen aldeko Elkar Mugi elkartasun jaialdia arrakastatsua izan zen.

Elkartasun jaialdiak izan ditzakeen ertz guztiak itxi arte balorazio ofizialik ez dute eginen. Baina Elkar Mugi elkartasun jaialdiko bihotz eta arima izan den Iker Diez de Ulzurrun, Baxerri, "pozik" da esklerosi anizkoitzari ikusgarritasuna eman diotelako: “sare sozialen bidez taldeen eta gaitzari buruzko informazioa zabaldu dugu eta badirudi jendearengana iritsi dela”. 

Aldi berean, Baxerri "pozik" dago "herrian eta jaialdian bi egunetan sortu zen giro politarekin". Azaldu duenez, "Euskal Herriko txoko guztietatik, Madrildik eta Kataluniatik jendea etorri zen. Zerbait berezia izan zen", gaineratu du. Elkar Mugi elkartasun jaialdia behar bezala antolatzeko sei batzorde osatu zituzten: segurtasuna, sarrerak, garbitasuna, azpiegiturak, barrak eta komunikazioa. "500 boluntario inguruk lan egin dute, altsasuarrak, sakandarrak eta Euskal Herriko hainbat txokotakoak", zehaztu du antolatzaileak. 

Bestetik, Elkar Mugi elkartasun jaialdia punk-rock eszenak duen indarraren eta osasunaren adierazlea izan da. "Punkarenak elkartasun doinuak dira. Punk taldeak edozertan laguntzeko prest daude eta egonen dira", ziurtatu du Baxerrik.