Bezperako ekaitzak bukatuta, zerua grisa eta fresko zegoela baina ateri abiatu zen 27. Altsasu BTT Zeharkaldia, Barranka Txirrindulari Taldeak mimo handiz prestatu zuen mendi txirrindularitza proba ez lehiakorra. Guztira 525 biker abiatu ziren Iortia plazatik, Sakanako paraje ederrez gozatzeko prest. Ibilbidearen eremu batzuetan nahikoa lohia zegoen, baina ez zen aparteko arazorik izan eta goiz bikainaz gozatzeko aukera izan zuten bikerrek.
Ibilbidea gozamen hutsa izan zen. Lehenik eta behin Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku pasa zituzten, behe aldeko pista azkarretatik. Etxarri Aranatzen Haritz Zaharren Ibilbide zoragarrian sartu ziren, eta Etxarri eta Bakaiku arteko galtzada hartuta, Bernoako galtzadaren azpira iritsi ziren. Ibilbide ertaina aukeratu zutenak (43 km, 630 m desnibela) Urdiaingo igerilekuetaraino jarraitu zuten, han baitzegoen hornidura gune nagusia, baina ibilbide luzea hautatu zutenek (55 km, 1.180 m desnibela) Bernoako galtzada igo zuten, Intsusbururaino, handik jaitsi eta hornidura gunera jarraitzeko. Ibilbideak San Pedro, Sorozarreta, Orobe eta Ameztian jarraitu zuen. Hain zuzen ere, Ameztian zegoen bigarren alternatiba: ibilbide luzekoak Olaztiko Auntzetxeraino igo ziren, eta ertainekoek Altsasura jo zuten, Iortia plazako helmugara.
“Biker gehienek ibilbide luzean eman zuten izena, eta gero unean hartu zuten Intsusburura edo Auntzetxera igotzeko erabakia. Bernoara gehienak igo ziren; Auntzetxera, ez horrenbeste” azaldu zuen Altsasu BTT Zeharkaldiko arduradun Jose Antonio Imazek.
Antolakuntzarekin 80 boluntario inguru aritu ziren lanean, eta Barranka taldetik eskerrik beroenak eman zizkieten, boluntarioei eta baita proba aurrera ateratzeko beharrezkoak diren babesleei ere. Halaber, balorazio ona egin zuten, ez zelako aparteko arazorik egon. “Bezperan ekaitza handiak izan ziren, eta euri asko. Bakaiku eta Etxarri Aranatzen lohi handiko guneak zeuden eta geldiago ibili behar izan zen, baina gero tropela ongi ibili da. Oso kontentu gaude ez delako aparteko arazorik egon eta txirrindulariek gozatu dutelako”.
Argazkiak: Guaixe eta N. Mazkiaran.