Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak jardunbide egokien inguruko jardunaldia antolatu zuen garagarrilaren 7an, ostiralarekin. Iruñeko hitzorduan hainbat lanbide heziketako ikastetxetako ikasle eta irakasle talde elkartu ziren, tartean Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuko boskote bat: Patxi, Lorena, Aitor, Ibai eta Ainhoa. Ikasleek jendaurrean ikasturtean zehar landu duten proiektua aurkeztu zuten.
Sakanako LHko mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza emateko erdi mailako zikloko 2. mailako ikasleak Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoarekin elkarlanean ari ziren eta hiru ideia garatu zituzten: disfagia duten pertsonek ura errazago edateko edalontzia; dardara duten pertsonek bazkaltzeko garaian jatekoa ez barratzeko azpil edo erretilu berezia eta pertsona batzuen autonomia sustatzeko asmoz, sardexkari heldu ezin diotenek berriro hartu ahal izateko mahai tresnari euskarri bat jartzea. Ideiak Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko goi zikloko 1. mailako ikasleekin batera gauzatu zituzten. Eta horiek izan ziren Iruñean aurkeztu zituztenak. Bestalde, jardunaldiak aukera eman zien beste institutu batzuetako “proiektu oso interesgarriak ezagutzeko”.