Tortura "garaitzeko" dokumentala

Guaixe 2024ko eka. 12a, 12:07

Dokumentalaren aurkezpenean izan ziren Unai Razkin, Manu Gomez (lantaldekoak), Puri Galartza, Joxe Aldasoro (torturatuak) eta Ainara Gorostiaga (Nafarroako Torturatuen Sarea).

Dokumentala "auzolan erraldoi baten emaitza da, torturaren egia itzaletik argitara ateratzeko helburuarekin". Egileen arabera: "Tortura kontatzea ekimen konprometitu eta ausarta da. Lehenengo pausoa torturarekin behingoz eta betirako bukatzeko".

Torturaren inguruko Arg(h)itzen dokumentala hilaren 26an, tortura pairatu duten pertsonak babesteko egunean, aurkeztuko dute, Altsasuko Iortia kultur gunean. “Inork, inoiz, inon tortura pairatu ez dezan egin behar den bidea erakusteko helburuarekin”, egin dute ikus-entzunezkoa, lantaldearen izenean Manu Gomez Genuak azaldu duenez. Gomezek gogorarazi zuen gutxienez, 149 sakandar torturatuak izan zirela 1966 eta 2011 urteen artean. "Espainian egon diren Gobernu guztiak baliatu dira torturaz, bai diktaduran nola 'demokrazian'. Herriaren kontzientzia kontrolatzeko helburuarekin". 

Dokumentalean, "tortura pairatu duten 30 sakandarren lekukotzen bidez kontakizun zorrotz eta dinamiko bat harilkatu dugu tortura zer den jakiteko. Eta, bereziki, torturaren zulotik nola atera ahal den jakiteko", azaldu zuen Gomezek. Eta gogoan izan zituen torturaren "zulotik ateratzea lortu" ez zuten Antonio Goñi eta Josu Zabala, "azken hori hipotesi gisa baino ezin dugu aipatu". Tortura pairatu duten sakandarren lekukotzez aparte, Zuzenbidean, Kazetaritzan, Historia garaikidean, Psikologian eta Kriminologian Euskal Herrian dauden goren mailako adituen adierazpenak jaso dituzte. Haien bidez "torturaren praktika iraunkorra eta zigorgabea posible egiten duten estatu egituren barrunbeak biluztu" nahi izan dituzte. 

Lantaldekoen nahia izan da dokumentala "izan ditugun bizipenetan" oinarritzea. "Eta bizipen horietatik abiatuta egin dugun hausnarketa eta azterketa politiko kolektibo eta konprometitutik kontatzen dugu tortura". 

Testuingurua 
Ikus-entzunezkoaren egileen iritziz, Euskal Herrian “kontakizunen garaia” bizitzen ari da. "Giza eskubideen urraketaren ikuspegitik ondorio oso larriak izan dituen gatazka politiko bortitz bat hamarkadetan luzatu ondoren, ETA erakundearen desegiteak aro berri baten irekiera eragin du. Alde batetik, gatazkak eragindako kalteei eta berauen erreparazioari begiratzeko aroa. Eta bestetik, gatazka horren oinarrian dauden arazo politiko sakonei bide politiko eta demokratikoetatik erantzutekoa". 

Dokumentalaren egileak aurkezpenean esan zutenez, "zalantzarik gabe, iturri anitzak izan dituen bortizkeriak markatutako gatazka politiko honen baitan, tortura izan da sufrimendu eta kaltetu gehien eragin duen fenomenoetako bat". Gaineratu zutenez, "gatazkak eragindako kalteak ahal den neurrian aitortu, erreparatu, eta etorkizunean horrelakorik berriz ez errepikatzeko bermeak finkatzea erronka dugun honetan, tortura itzaletik argitara ekartzea erantzukizun handiko ariketa da. Tortura posible egiten duen sistema osoa eraitsi ahal izateko oinarria jartzen duelako".

Azaldu dutenez, dokumentala "gure herrian sufrimendu handia eragin duen errealitate baten kontakizuna, kontakizunetako bat da. Jakitun gara gure herrian sufrimendu gehiago ere badirela gatazka politikoan iturria dutenak". Ziurtatu dutenez, "gatazka horretan sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsona guztiekiko enpatia ariketa bat izan nahi du ere gure ekarpen xume hau. Sufritu duen guztiak, eskubideak urratuak izan dituen guztiak merezi ditu aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea". Horregatik exijitu dute "inork, inon, inoiz gehiago torturatua ez izatea; inork, inoiz, inon auzi politiko bategatik gehiago ez sufritzea da nahi duguna. Arazo politikoak elkarrizketaren bidez eta herriari hitza eta erabakia emanez konpondu behar direla aldarrikatu nahi dugu".

Esker ona 
Lantaldeak egindako lana tortura pairatu duten 149 sakandarrei eskaini die. Dagoeneko hilik dauden  hiru pertsona ere gogoan izan zituzten. Batetik, Fran Balda, dokumentala egiteko lehen harria jarri zuena. Bestetik, Jose Luis Sanzol eta Julen Galartza, 1993an eta 1978an tortura pairatu zutenak, eta gaitzen ondorioz hildakoak. Azkenik, gogoan izan zuten Hilario Arbizu, "1975eko apirilean torturatua, Francok agindutako azkeneko ‘salbuespen egoera’ lazgarri hartan hain zuzen ere. Mexikon bizi da gaur, gaixotasun larri bat du, eta ez du aukerarik izan bere herrira, Olatzagutira, itzultzeko. Bere elkarrizketa da dokumental honetarako egin nahi genuen elkarrizketa eta egiterik izan ez duguna"


Parte hartzaileak

Tortura pairatu duten pertsonak
  • 30 pertsonaren testigantza; 6 emakumezko eta 24 gizonezko.
  • Sakanako zortzi udalerrietako biztanleak dira.
  • Hainbat belaunaldietakoak; testigantza zaharrena, 1966 urtekoa da, berriena, berriz, 2011koa.
Itzal handiko adituak

Zuzenbidea 
Serge Portelli. Frantziako Magistratua.
Amaia Izko Abokatua. Iruñea.
Iñigo Iruin. Abokatua. Donostia.

Kazetaritza 
Mikel Reparaz. Arbizu. EITB.
Martxelo Otamendi. Tolosa. Egunkaria, Berria.

Psikologia 
Amaia Andrieu. Donostia.
Ainara Iraizotz. Iruñea.

Historia garaikidea 
Iñaki Egaña. Donostia. Euskal Memoria.

Kriminologia
Laura Pego. Donostia. Euskal Kriminologiaren Institutua.

 

 

Lantaldea

Gidoia 
Mikelatxo Urbia. Izengoitia da. Era kolektiboan egin da gidoia, talde osoaren parte hartzearekin.

Ekoizpenaren koordinazioa 
Unai Razkin

Zinematografia, edizioa eta kolorea
Aitor Karasatorre

Soinua eta postprodukzioa 
Luis Quintana

Elkarrizketak 
Miren Mendinueta, Aizaga Zeberio, Juan Kruz Aldasoro, Manu Gomez eta Maialen Begiristain.

 

Dokumentala posible egin dutenak

  • Crowfoundinean ekarpena egin zuten 239 pertsona. Estrainaldian egoteko gonbidapena jasoko dute.

  • Ekarpena esku dirutan egin duten 56 herritar.

  • Sakanako hamahiru udal: Irurtzun, Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia.

  • Nafarroako Memoriaren Institutua

  • Gizarte eragileak, fundazioak eta enpresak: Euskal Memoria fundazioa, Iratzar fundazioa, Olaso Dorrea fundazioa, Elkar argitaletxea, Lazkaoko Beneditarren fundazioa, Foku ekoizpen audiobisuala eta Ahotsa herri komunikabidea.