Altsasuko Auziagatik Espainiako auzitegiek jarritako zigorra bete du Oihanek. Hasiera batean jakinarazi zioten maiatzaren 7an geldituko zela aske, baina data gerturatzean akatsa izan zela eta hilabete gehiago zuela betetzeko jakinarazi zioten espetxean. Guardia Civilak Oihan 2016ko azaroaren 14an atxilotu zuen. Ordutik Oihanek 2.767 egun egin ditu zigorpean, haietatik 1.326 egun preso egin zituen. Oihanek Soto del Real, Navalcarnero eta Zaballako espetxeak ezagutu zituen. 2020ko garilaren 3an hirugarren gradua eman zioten, eta kartzelara ez bueltatzeko hainbat neurri bete behar izan ditu ordutik.
Fiskaltzak Oihanendako, terrorismoko lau delitu eta mehatxu terroristako delituagatik, 62 eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalak 13 urteko zigorra ezarri zion 2018ko garagarrilaren 1ean. Auzitegi bereko Apelazio Epaitegiak 2019ko martxoaren 7an emandako epaiak berretsi zituen. Azkenik, Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi urte eta erdiko zigorra ezarri zion Oihani 2019ko lastailaren 9an.
Bi falta dira
Altsasuko Auziagatik zigorra betetzen ari dira Jonan eta Julen, 2025eko lastailean geldituko dira erabat aske. Biak 2016ko azaroaren 16an atxilotu zituzten. 36 egun preso egon ondoren epaiketaren zain baldintzapean aske utzi zituzten. Zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuten, baldintzapeko askatasunean betetzen ari direna.
Adinez nagusi ziren zortzi auzipetuetan zigorra betetzen lehena Ainara izan zen. Ez zuten preso sartu, baina hainbat urtetan hainbat kontrol neurri bete behar izan zituen. Iñakik, berriz, 1.283 egun egin zituen zigorpean, haietatik 598 kartzelan preso. Aratzek, berriz, 2.028 egun pasa zituen zigorpean, horietatik 599 preso. Jokinek maiatzaren 7an bete zuen zigorra, 2.730 egun egin zituen zigorpean. Adur maiatzaren 10ean gelditu zen aske, zigorpean 2.732 egun egin ondoren.