Udane Vergara

"Kopa lortzeak datorrenerako motibazio gehiago eman dit"

Maider Betelu Ganboa 2024ko eka. 19a, 13:30

Udane Vergara MundiƱanorendako bukatu da denboraldia. Atseden hartzeko beharra duela aitortu du.

Udane Vergara entrenatzaile altsasuarraren taldeak Emakumezkoen Futbol 8 kopa irabazi du, liga ikusgarria egin ondoren. Orkoienen pozez gainezka daude

Ekainaren 8an Udane Vergara Mundiñano altsasuarrak entrenatzen duen Orkoiengo Kirol Sport A taldeak Emakumezkoen Futbol 8ko kopa irabazi zuen, Mutilbera A mendean hartuta. Lehendabiziko titulua lortu zuen taldeak, merezitako saria. 

Futbolaria eta pilotaria zinen, eta orain futbol entrenatzaile zaitugu. Zer gertatu da?
Hankako behatzetan arazo bat nuen, lesio bat. Ebakuntza eginda ere, beti bihurrituak nituen, belaunak kargatzen zitzaizkidan... eta azkenean futbola eta pilota utzi behar nituela esan zidaten. Kolpe handia izan zen, eta buelta ematea kostatu zitzaidan. Tarte horretan nire lagun batek Oberenako nesken futbol talde bat entrenatzen zuen, baina utzi behar zuela, eta bertan hastea proposatu zidan. Kirolean jarraitu nahi nuen, eta futbola bazen, askoz hobeki. Animatu nintzen, eta denboraldi ona egin nuen Oberenako nesken futbol 8 taldean. Kirol Sportetik deitu zidaten, eurekin fitxatzeko, eta hara joan nintzen. Aurten Kirol Sportekin hirugarren denboraldia egin dut. 

Zure ikasketek kirolarekin zerikusia dute?
Hasieran kirolari buruzko erdi mailako gradu bat egin nuen Uharte Iruñean, segidan gizarte integrazioko goi maila egin nuen, eta orain haur hezkuntzarekin lotutako goi maila egiten ari naiz. Batzuetan zaila egiten zait guztia uztartzea, futbolak denbora asko eskatzen duelako. Nesken infantil-kimuen mailan astero bi egun entrenatzen dugu eta astebururo partida dugu, baina entrenatzaileon jarduna ez da hor bukatzen. Koordinatzailearekin bildu beharra dugu, edo analistarekin, hurrengo partida prestatu eta azken partidako datuak errepasatzeko, lesionatutako jokalariekin fisiora goaz, eta tarteka psikologoarekin landu beharrekoak prestatzen ditugu... Baliabide asko ditugu, astean zehar landu beharrekoak. Astelehena ezezik, astean zehar egunero nago zelaian.

Zer behar du entrenatzaile on batek? 
Entrenatzaile izateko aurretik futbolaria izatea oso garrantzitsua dela iruditzen zait, futbola barrutik bizi izan horrek jokalariak eta taldea ulertzen asko laguntzen dutelako; euren paperean jartzen zara. Horretaz gain, taldea oso ondo ezagutu behar duzu, eta jokalari berriak taldean sartu. Orkoienen baliabide eta aukera pila bat ditugu, eta lantalde sare on bat izateak asko laguntzen digu entrenatzaileoi; lana pila bat errazten digu. Analistak gure partida aztertzen du, eta datuetan oinarrituta zer hobetu aipatzen digu. Adibidez, kopako finala prestatzeko baloia atzetik atera nahi nuen, eta hori nola landu aztertu nuen analistarekin. 

Kirolen erdi graduan entrenatzaileen lana landu al zenuten?
Ez. Entrenatzaile izaten nik nire kabuz ikasi dut, ingurukoen laguntzarekin. Txikitatik futbolaren inguruan ibili izan naiz beti, lehengusuarekin, osabarekin... Argi nuen futbolarekin zerikusia duen zerbait egin nahi nuela.

Entrenatzaileak berezko sena du? Edo entrenatzaile izaten ikasten da?
Barruan zerbait izan behar duzu, sen hori. Ikasi daiteke, baina nik beti esan izan dut titulazio gehiago izateak ez zaituela entrenatzaile hobeagoa egiten. 

Zer da zailena zure lanean?
Gurasoekin dugun tratua kudeatzea. Nik jokoari begira erabaki batzuk hartu behar ditut, baina badaude guraso batzuk galdezka etortzen zaizkidala, ea zergatik honek besteak baino gehiago jokatzen duen... eta halakoak. Zelaian eta taldean gertatzen dena bertan geratzea nahiko nuke, harmaila eta gurasoak alde batera utzita. COVID garaian, ateak itxita, gusturago entrenatzen zela diote lankideek. 

Gurasoena, horrenbesterako al da?
Alaba jokatzen egotea eta gurasoak esatea: “bota baloia”, eta halakoak, askotan nahi gabe ateratzen zaie gurasoei, baina horretarako gaude entrenatzaileak, jokoa gidatzeko. Jokalariek etxeko presio hori jasotzen dute, eta askotan eragina izaten du. 

Norbaiti esan behar izan al diozu isiltzeko, zure lanean eragiten ari dela?
Bai. Joan zen denboraldiko kopako finalerdian guk partida modu batean genuen prestatuta, eta aita batek bere alabari beste gauza bat egiteko esan zion; kasu egiteagatik alabak hutsa egin zuen, eta gola sartu ziguten. Gol horrengatik finalerdia galdu genuen, eta beti gogoratuko dut, ez dut ahazteko. Ligan halako jarrerak tarteka ikusten ziren, baina kopan gurasoek ez dute apenas ezer esan. Izan ere, halako jarreren lanketa egin dugu psikologoarekin. Jokalariak berean zentratuta egon dira, eta aldaketa ikusi da.  

Kirol Sportek baliabide asko ditu, baina Sakanako taldeak bestelakoak dira. Hemen izena ematen duen oro sartzen da taldean. Zuek jokalariak probatzen dituzue, edo fitxatu. 
Ni askotan egoten naiz Dantzalekun, eta aldaketa handia ikusten dut, zentzu guztietan. Orkoiengoa nolabait esateko profesionalagoa da.

Denboraldi ona egin duzue. Emakumezkoen Futbol 8 infantil-kimuen mailan bigarrenak izan zarete, Tudelanoren atzetik.
Liga oso ona egin dugu. Hasierako helburua hori zen, goian egotea, eta lan eta esfortzu handia egin genuen. Tudelanoren kontrako bi partidak galdu genituenez, hor joan zitzaigun liga. Orduan txip aldaketa egitea erabaki genuen: liga alde batera utzi, eta kopan zentratu ginen. Kopa partidaka jokatzen da, eta partida bakoitzean aurrera egiteko edo bidean geratzeko %50eko aukera dago. Eta ongi atera zaigu.

"Datorrenerako talde sendoa osatzen ari gara, onenekin lehiatuko garelako"

Mutilbera A taldearen kontra jokatu zenuten kopako finala, ekainaren 8an,Tuteran, eta 3-1 irabazi zenuten.
Partida ona izan zen. Taldea oso urduri zegoen hasieran. Astean zehar psikologoarekin landu genuen, baina, azkenean, final batean presioa nabaritzen da. Alde batetik argi genuen futbolak zerbait zor zigula, iaz kopako finalerdietan erori ginelako eta aurten ligan bigarren izan ginelako. Horrenbesteko esfortzua egin eta gero, behingoz garaipena merezi genuen; tokatzen zitzaigun. Hala ere, ez zen erraza izan, 6. minutuan gola sartu zigutelako. Buelta ematea kostatu zitzaigun, baina 10. minutuan bana berdindu genuen, eta 17. minutuan bigarrena sartuta 2-1 aurreratu ginen. Serio jarri, eta gure jokoa egiten hasi ginen. Hirugarren gola, azkena, 67. minutuan sartu genuen.

Nolako poza, ezta?
Izugarria. Lehen aldia da tituluren bat irabazten dugula. Beti hor egon gara, goian, baina ez genuen irabazten, eta, azkenean, lortu dugu. Gustura ospatu genuen. Ekainaren 15ean azkeneko torneoa jokatu genuen etxean, Orkoienen, eta ondoren bazkaria izan genuen. 

Datorren denboraldian Kirol Sporten jarraituko al duzu?
Deiak egon dira, baina momentuz denboraldi bat gehiago jarraituko dut Kirol Sporten. Gero, ikusiko dugu. Hurrengo denboraldian infantil-kadete mailara igoko gara talde osoa. Futbol 11n jokatuko dugu, eta aurtengo taldekideez gain, fitxaketa berriak egingo ditugu. Etxarri-Aranazko Naroa Razkin batuko zaigu taldera. Aurretik beste hiru etxarriar ditut taldean: Olatz Pain atezain altsasuarra, eta Goretti Artola eta Maddi Martinez jokalari etxarriarrak. Bestalde, kadete-jubeniletako taldean Helena Andueza bakaikuarra egongo da, eta maila autonomikoan Maddi Mariñelarena etxarriarra. 

Sakanan futbolari onak ditugu?
Baietz esango nuke. Hemengo jokalari ia gehienak ezagutzen ditut. Azken aldian etxarriarrak gehiago nabarmentzen ari dira, mutilekin batera jokatzen ibili direnak. Ez dute beldurrik, biziagoak dira. 

Emakumezkoen futbolak urte oso gutxitan sekulako booma izan du.
Izugarria. Ligan eta kopan goian dauden taldeen partidetara beste taldeetako ikuskatzaileak eta selekzioko arduradunak hurbiltzen dira. Nire taldeko lauzpabost jokalari astero Taxoarera doaz, teknifikazio saioetara.  

Kopa zure lehen titulua izan da, teknikari gisa.
Kostatu da, baina merezi izan du. Oso pozik nago. Kopa irabaztea datorren denboraldiari begira motibazio bat gehiago da. Gure mailan bi kategoria egin behar dituzte, lehiakorra eta ez lehiakorra. Guk lehiakorrean jokatuko dugu, eta talde sendo bat osatu beharra dugu, talde onenekin jokatuko dugulako. Jada hemeretzi jokalari lotuta ditugu.

Futbolean jarraitu nahi duzu, hori argi dago. 
Nire bizitza futbola da, eta futbolean zentratu nahi dut, beste ikasketak alde batera utzi gabe. Oinarrizko entrenatzaile titulua dut, eta orain hurreneko mailakoa aterako dut. Futbol 11ko maila berriaren erronkarekin pozik nago. Ni entrenatzaile nagusia izango naiz, baina laguntzailea eta atezainen entrenatzailea izango ditut alboan. Ilusio handia dugu. 

"Hiru sakandar ditut taldean, eta datorrenean lau izango dira; jokalari onak dira"

Erlazionatuak