Claverri aitortza Chicagon

Guaixe 2024ko eka. 19a, 13:00

Adrian Claver Alba Chicagoko konferentzian aurkezpea egiten. NUP

Adrian Claver Albak Society of Vacuum Coaters-en graduondoko ikasleendako bigarren saria eskuratu du elkarteak Chicagon egin duen kongresuan.

Sariarekin bueltatu da Adrian Claver Alba Chicagotik. Altsasuarra Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) INAMAT2 Institutuko ikertzailea da eta Society of Vacuum Coaters (SVC) elkarteak berriki Chicagon egin duen urteroko konferentzian parte hartu du, zehazki graduondoko ikasleendako sariketan. Claverrek bigarren saria eskuratu du. Epaimahaiak saria ematerakoan baloratu du, batetik, Claverrek bere doktoretza tesian eta oraingo ikerketan egindako lana, eta, bestetik, Chicagoko kongresuan egindako ahozko aurkezpenaren proposamena. 

Claverrek bere aurkezpenean magnesioa izan zuen aztergai. "Magnesioa modu naturalean dago gure organismoan, eta, beraz, kontzentrazio kontrolatuetan ez du toxikotasun-arazorik sortzen", Claverren iritziz. Horri beste ezaugarri batzuk gehitzen zaizkio, hala nola arintasuna eta giza hezurrarekin duen antzekotasun mekanikoa. "Hori dela eta, aukera ezin hobea da torloju, finkapen, grapa eta traumatologian eta, oro har, ingeniaritza biomedikoan erabiltzen diren beste elementu batzuetarako", gehitu du.

Magnesio-aleazioen degradazioaren kontra
Claverren ikerketaren ardatza da medikuntzan magnesio-aleazioak erabiltzeko oztopo nagusietako bat gainditzea: bere degradazio azkarra. Izan ere, korrosioa izateko arriskuak mugatu egin du material hori gailu medikoetan aplikatzea.

Chicagoko konferentzian, NUPeko ikertzaileak higadurarekiko erresistentzia eta gogortasuna duten bi material moldakorren erabilera aurkeztu zuen, titanio nitruroa (TiN) eta titanio-silizioa (TiSi), zeinek magnesio aleazioen gainean hainbat geruza osatuz aplikatuta azken horren degradazioa kontrolatzen baitute. Geruzak NUPeko PVD ekipo berriarekin jarri ziren (lurrun faseko deposizio fisikoa, ingelesezko sigletan), eta Claverrek gidatu zuen abian jartzea. 

Elkarteari buruz
Irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakunde profesionala da, eta gainazalen estaldurak eta akaberak egiten ditu huts-prozesuen bidez. Entitate hori industriak, akademiako kideek eta ikerketa laborategietako profesionalek osatzen dute. Bere jardueren artean SVC Graduate Student Award graduondoko ikasleendako sariketa dute. 

Estaldurekin lotutako gaietan diharduten ikertzaile gazteei zuzendutako beka programa bat da. Beka-programa horren bidez mundu osoko 35 urtetik beherako ikasle eta profesionalentzako bidaia, ostatua eta konferentziako izen-ematea ordaintzen dira, hautatutakoek kongresuan ahozko aurkezpen teknikoa egin dezaten. Aurten bederatzi beka eman dituzte. Horretarako eskaerak ebaluatu dituzte, proiektuaren kalitatean eta garrantzian oinarrituta. Eta Claverrek haietako bat eskuratu du. 

Konferentziak TechCon (Technical Conference) zuen izena, eta estalduren arloan munduan egiten direnen artean garrantzitsuenetako bat da.  Aurtengo edizioak, 67.ak, mundu osoko milako bat lagun bildu zituen. Ekitaldian ehun bat aurkezpen tekniko egin ziren, erakusketa komertzial bat, nazioarteko beste ehun bat enpresa bildu zituena, eta hainbat jarduera, hala nola forumak, bilerak edo ekitaldi sozialak, esaterako, atletismo-lasterketa bat. Hirurogeita hamar lagunek hartu zuten parte bost kilometroko lasterketan, eta Claver izan zen irabazlea.