Saretzen

Erreskatea posible egin zuen txakurra

Guaixe 2024ko eka. 27a, 13:31

Dimitri Ermolenko Txindokiko tontorrean. UTZITAKOA

Mendian erorikoa izan eta min hartuta gelditu zen mendizale baten txakurrak egoeraren larria adierazi zion Dimitri Ermolenko altsasuarrari. Animaliaren laguntzaz emakumezkoa opatu, larrialdi zerbitzuak deitu, erreskatea egin eta akabera izan zuen istorioak.

Dimitri Ermolenko Ukrainan jaiotako altsasuarra mendizalea da eta 3.000 metroko tontor ugari zapaldu ditu. Marokon 4.000 metrokoa ere igo zuen. "Mendietako paisaiak gustatzen zaizkit. Igotzen ari zarela sufrimendu fisikoa izanez gero, behin gailurrera iritsita plazera bikoitza edo hirukoitza da", azaldu du Ermolenkok. Zehaztu duenez, "kontua ez da alpinismoa egitea, baizik eta edertasunaz gozatzea. Zeren eta askotan, mendi baxuagoetan ere paisaia sinestezinak baitaude. Altuerak ez du inporta". 

Herriko inguruak "gutxi gorabehera" ezagutzen ditu. Altsasuarrari asteburuetan naturan paseatzea gustatzen zaio. "Betidanik mendira euriarekin eta lainoarekin ateratzea gustatzen zait. Toki ezezagunetan ibiltzea, lainoagatik galduta egotea. Paseoak biziraupen eta orientazio jolasa bihurtzen baitira", aitortu du.  

Txakur bat 
Maiatzaren 19ko 15:00etan eurite handiengatik alerta horia piztuko zuten. "Horregatik, ez nuen asko arriskatu nahi mendiak igoz, baina paseo bat bai eman nahi nuela". Eguerdian Txindokirantz jo zuen, "eta inolako arriskurik ez zuten tokietan" ibili zen. Etxerako buelta ematear zela, Egurraleko lepora hurbiltzea erabaki zuen, eguraldia aztertu eta tontorrera igotzeko aukera aztertzeko. "Bat-batean haizeak laino oso beltza eta euria ekarri zituen. Eta laino hartatik txakur bat agertu zen, zaunka". Gerora jakinen zuen Lur zuela izena. Ermolenkori arraro egin zitzaion, mendian ez baitzegoen beste inor, eta Larraitzeko aparkalekuan ere autorik ez zegoelako. "Solte zegoen txakur bat izan zitekeela pentsatu nuen. Baina zerbaitek esan zidan beharbada jende gehiago egon zitekeela paseatzen". Txakurrak gero eta modu deigarriagoan egiten zuen zaunka. Ermolenkok azaldu duenez, "Zaunkek ez zidaten arriskurik adierazten, ez ninduten beldurtzen, baina arreta piztu zidan bere zaunka egiteko moduak. Gainera, txakur gaztea zen". Altsasuarra txakurrarengana hurbildu zen. "Zaunka egiteari utzi eta aurpegira begiratzen zidan, eta nire aurrean bueltak ematen hasi zen. Zerbait esan nahi zuela pentsatu nuen". Eta Lurri segitzea erabaki zuen Ermolenkok. "Eta txakurrak bere jabearengana eraman ninduen". 14:30 aldera ziren. 

Deia
Arantxak, 60 urteko eta eskarmentu handiko mendizale tolosarrak, erorikoa izan zuen, eta ezin zen mugitu. Altsasuarra harengana hurbildu eta sudurretik odoletan ari zela, konortea ez zuela galdu eta begiak ez zeudela oso argi ikusi zuen. Tontorrerako bidean dagoen hirugarren iturriaren ondoan bi bide daude, bat goitik pasatzen da, bestea behetik. Lainoa eta euria sartu ziren, goiko harri bidean zebilen, irristatu eta bi metroko altueratik harri gainean erori egin zen. Emakumezkoa ezin zen mugitu. Gero jakinen zuten Arantxak haustura larriak zituela: bizkar hezurra, saihetsak eta buru hezurra. "Oso gaizki zegoela ikusita, 112ra hots egin nuen. Emakumearen egoera larriagatik, jaitsiera oso arriskutsua zen harriak bustita zeudelako, horregatik helikopteroak bidal zitzatela eskatu nuen". 

Laino itxia zegoen eta helikopteroek ezin izan zuten ezbeharraren gunera jaitsi. Beraz, suhiltzailez eta ertzainez osatutako erreskate taldea oinez abiatu zen. Bitartean, Ermolenko Arantxaren ondoan zegoen, eta Lur ez zen harengandik urruntzen, "mugitzen nintzen bakoitzean nirekin joaten zen". Emakumea bizkarrean mina zuela kexatzen zen. Buru azpian poltsa jarri zion, buruko moduan. Txirimiria ari zuen hasieran, eta gero eta gehiago, bera tapatzeko borda batean oholen bat edo zerbaiten bila ibili zen, baina ez zuen opatu. Hotzak zegoela esan zion emakumezkoak, mina zuela. Besterik ezin nuen egin eta eskuak eta besoak berotzen ahalegindu nintzen. "Kalte eginen nion beldurrez, gorputza ukitzea ez nintzen ausartzen". 

Erietxera
Lau suhiltzaile 16:00ak aldera iritsi ziren. Ondoren beste bost. Haiek egin zioten aurreneko sendaketa. Ondoren erreskate taldeko ertzainak iritsi ziren. Arantxa ohatilan jarri eta hura eskuz eraman behar izan zuten, eta kontu handiz ibili behar izan zutenez, bi orduko lana izan zen. Larraitzera iritsi arte Ermolenkoren ondoan egon zen Lur.

Donostia Ospitalera sartu ondoren, zauritutakoaren semeak, Iñakik, altsasuarrari hots egin zion eta jakinarazi zion buru hezurra eta sei saihets hautsita zituela amak. Besoak eta hankak sentitzen zituela gaineratu zuen. "Azken hori seinale ona da. Baina argi ibili, esan nion. Halako eroriko baten ondoren, ziurrenik, beste gorputz atalak ere kaltetuta egon baitaitezke. Batez ere, bizkar hezurra". Ermolenkok badaki zertaz ari den, lan istripu baten ondorioz, bizkar hezurreko zenbait orno hautsi zituelako. Hurrengo egunean baieztatu zuen Iñakik altsasuarraren susmoa: zortzi orno eta omoplatoak hautsiak zituen. Zainketa Intentsiboetako Unitatean hainbat egun egon ondoren, Arantxa dagoeneko etxean da, Lur, Dimitri eta erreskate taldeari esker.