Sunsundeguik bizi duen egoera "oso kezkagarria da" CCOO sindikatuko kideendako. Zuzendaritzak Volvoren bi premium autobusei uko egingo ziela iragarri ondoren, "ziurgabetasuna areagotu egin da langileen artean. Izan ere, 2028tik aurrera lanpostuak eta ekoizpen-mailak nabarmen handitzea aurreikusita zegoen autobus horiekin".
CCOOk salatu du enpresan "kudeaketa oso txarra egiten ari direla zuzendaritza, Administrazio Kontseilua, Nafarroako Gobernua eta Sodena. Aurretik ere behin baino gehiagotan egin izan da salaketa, inork neurririk hartu gabe". Sindikatuko kideen iritziz, "orain, Volvorekin milioi askoko kontratua galdu izanak Altsasun eta Sakana inguruan giltzarri den enpresa bat soken kontra jarri du, mila familia baino gehiago hari baten zain dituena".
Sunsundeguiko zuzendaritzak "langileei murrizketa berri bat planteatzea izan da, garileko aparteko ordainsaria bitan zatitzea, hornitzaileei ordaindu ahal izateko eta bankuei konfiantza emateko". CCOOko kideen nabarmendu dutenez, "langileak aspertuta daude ahaleginak egiteaz. 14 urte baino gehiago daramatzate produktibitate primarik gabe eta soldatak jaisten eta izozten. 2012tik gaur arte, langile bakoitzak 75.000 euro jarri ditu (edo kobratzeari utzi dio), eta ekoizpen jarduera legezko gutxienekoen oso gainetik mantendu da".
CCOOko kideendako "onartezina da hori. 2023ko abendutik, enpresak 9 milioi euro jaso ditu diru publikotik, eta orain, kudeaketa txarrari aurre egiteko, soldaten zati bat eskatzen diete langileei; zuzendaritzak eta Administrazio Kontseiluak, berriz, milioi askoko soldatak dituzte, nahiz eta frogatu duten ez direla gai Sunsundeguiren oraina eta etorkizuna bermatzeko".
Horregatik guztiagatik, sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ikerketa bat ireki dezala enpresan diru publikoarekin zer gertatzen ari den jakiteko, eta berehala neurri eraginkorrak har ditzala zorrari aurre egiteko. Erantzukizunak argitu behar dira, eta lemaren buruan profesional trebeak jarri, enplegua eta enpresaren etorkizuna ziurtatzeko.