Sunsundeguiko enpresa batzordearen gehiengoa duten UGTk, LABek eta ELAk "desegokitzat" jo dute CCOOk aste honetan zabaldu duen komunikatua, eta bere edukiak ez dituztela babesten adierazi dute. Idatzian CCOOk Nafarroako Gobernuak eta Sodenak Sunsundeguin egindako "kudeaketa oso txarra" kritikatu zuen. Hori dela eta, "diru publikoarekin" enpresan zer gertatzen ari den ikertzeko eskatu zioten gobernuari.
UGTk, LABek eta ELAk adierazi dutenez, "administrazio kontseilu berriak konfiantza tarte bat behar du enpresaren joera aldatzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko". Gaineratu dutenez, "egoera zuzendu ahal izateko beharrezkoa dela finantza laguntza gehigarria izatea. Ez da zalantzak sortzeko unea, ez Sodenan, ez Nafarroako Gobernuan, ez Volvon, ez eta finantza erakundeetan ere, horiek baitira, funtsean, proiektua jasaten ari direnak. Hornitzaileetan ere ez, ezta etor litezkeen inbertitzaileetan ere", nabarmendu dute.
Hiru sindikatuek argitu nahi izan dute, halaber, enpresa batzordeak eta Sodenak izandako bilera batean, alde guztiek adostu zutela, enpresaren egoera larria zela eta, "lankidetza prozesuan eragina izan dezakeen edozein komunikatu atera baino lehen", aipatutako sozietate publikoarekin komunikazio bat ezarriko zela "sor zitekeen edozein zalantza argitzeko".