Futbola

Olinpiar Jokoen zirrara, soinean

Maider Betelu Ganboa 2024ko ira. 9a, 15:00

Jose Vilariño, Olinpiar Jokoen irudiaren aurrean. UTZITAKOA

Jose Vilariño Horna Dominikar Errepublikako futbol selekzioko fisioterapeuta izan da Parisko Olinpiar Jokoetan. "Esperientzia zirraragarria" izan da, "Olinpiadak gorena direlako". Egin duen lanak isla izan du, telefonoa etengabe joka duelako

Kirolari batendako bere ibilbidean gorena Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera izatea da. Egunotan, Parisko 2024ko Paralinpiar Jokoak jokatzen ari dira, baina uztaila eta abuztuan bizitako Olinpiar Jokoen emozioa oraindik soinean du Jose Vilariño Horna fisioterapeuta eta osteopata altsasuar ezagunak. Dominikar Errepublikako futbol selekzioko fisioterapeuta izan da, "pertsonalki eta profesionalki esperientzia polita eta ahaztezina" izan dena.

Ibilbide luzea 
Aspaldiko ezaguna da Jose Vilariño. Zerotik hasi zen, baina urte luzeetan egindako lan nekaezinari eta etengabeko ikasketa eta trebakuntzari esker, kirol fisioterapeuta ezagunenen artean dago. Barañaingo Axis Gorputz Zentroko zuzendariak dagoeneko 24 urte daramatza lanean, eta bezero anonimoekin batera, goi mailako futbolariak, tenis jokalariak eta txirrindulariak daude bere zerrendan, baita torero ezagunak ere. Nico eta Iñaki Williams, Raul Garcia, Aimar Oroz, Abde, Moncayola, Azpilikueta, Milosevic... eta beste hamaika. Osasuna eta Portland San Antonioko fisioterapeuta izan zen, Athletico de Madrilen fisioterapeuta praktikak egin zituen, eta Athleticekin ere kolaboratu izan du. Serbiako futbol selekzioarekin 2006/2007ko Mundialean eta Europako Txapelketan lan egin zuen, eta Serbiako eskubaloi selekzioarekin Mundialean aritu zen. Orain, gorenera heldu da, Dominikar Errepublikako selekzioarekin Olinpiar Jokoetan izan baita. 

Ibai Gomez, gakoa
Athletic-eko Ibai Gomez jokalari ohiaren eskutik iritsi zitzaion Olinpiar Jokoetan lan egiteko aukera. "Athleticeko jokalaria zenean izan zituen lesioekin asko lagundu nion, eta harreman handia dugu. Dominikar Errepublikako futbol selekzioko entrenatzaile hautatu zutenean berehala deitu ninduen. Ni AEB-etan nengoen, ATP Zirkuituan lehiatzen ari den Iñaki Montes tenis jokalariari tratamendua ematen. Mundialetan egon izan naiz eta sekulakoa izan zen, baina Olinpiar Jokoak beste historia bat dira: gailurra dira, Top-a, guztia. Horregatik, Ibairen proposamena jasotzea oso handia izan zen niretako, eta bertan lan egitea gorena izan da". 

Jose Vilariño: "Olinpiar jokoetan aritu izanagatik pribilegiatu hutsa sentitzen naiz"

Dominikar Errepublika
Olinpiar Jokoetan, futbolean 23 urtez azpikoek jokatzen dute. Dominikar Errepublikako futbolari gehienak bigarren mailakoak dira, lehen mailako bizpahiru kenduta. Gainera, multzo oso zailean jokatzea egokitu zitzaien, Espainia, Egipto eta Uzbekistaneko selekzioekin. "Espainiako selekzioko jokalari guztiak lehen mailako jokalariak dira. Egiptok ere jokalari itzelak ditu, eta Uzbekistanek ere lehen mailako jokalari gehiago ditu. Baina gure mutilek talde sendoa osatu zuten, beste arrazoien artean, Ibai Gomezek talde tekniko ikusgarria sortu zuelako. Jokalariek aurretik ez zuten halako baliabideekin lan egin, eta guztiek bat egin zuten, bere buruan sinistu zuten. eta Olinpiadetako sorpresetako bat izan ziren". 

Selekzioa uztailaren 6an kontzentratu zen Marsellan, eta Gomezek taldea osatzeko lanari ekin zion. Segidan, Tolonera joan zen selekzioa, eta sei egunez egon ziren bertan kontzentratuta. "Hirugarren egunean lagunarteko partida antolatu ziguten, noren eta Olinpiar Jokoak irabazteko faboritoa zen Frantziaren kontra. 7-0 irabazi ziguten". 

Sorpresa eman zuten
Tolonen ondotik Le Mansera jo zuen selekzioak, eta astebete egon zen kontzentratuta. "Ibai Gomezek lan handia egin zuen taldeak berak nahi zuen moduan jokatzeko". Handik Nantesera abiatu ziren, uztailaren 24an Olinpiadetako lehen partida baitzuten jokoan, Egiptoren kontra. Berdintzea lortu zuten, faboritoaren aurrean sorpresa handia. Berehala Bordeleko bidea hartu zuten, uztailaren 27an Espainiaren kontra lehiatzeko. "Ongi eutsi genien, 45. minutura arte berdinduta geunden. Tamalez, irabazi ziguten. Galdu genuen partida bakarra izan zen". Ondoren, Parisera abiatu ziren, eta olinpiar giroan bete-betean murgildu ziren, olinpiar hirian lau eguneko egonaldia egin baitzuten. Uztailaren 30ean Uzbekistanen kontra lehiatu ziren Parisen, eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Taldekako fasean, bere multzoko hirugarren sailkatu zen Dominikar Errepublika, bi partida berdinduta eta bat galduta. "Espainiak Egiptori irabaziko balio, fasez pasako ginateke, baina galdu egin zuen, eta faena egin ziguten. Hor bukatu zen gure abentura". 

Nolanahi ere, irudi oso ona emanda esan zioten agur Olinpiar Jokoei. "Jende askok zoriondu gintuen, gure jokalari gehienak bigarren mailakoak izaki, Messirekin Inter Miamin jokatzen duen Edison Azcona, Getafek fitxatu duen Peter Federico Gonzalez eta bestelakoren bat izan ezik, talde nagusien aurrean ongi aritu ginelako. Pentsa, Egipto oso ongi ibili zen, eta Espainiak irabazi zituen Olinpiar Jokoak. Beraz, meritu handia izan zuten gure mutilek. Talde gisa, guztiendako hamarra" dio Vilariñok. 

Jose Vilariño: "Gure lana gabe jokalariek ez lukete euren maila onena emango"

Fisioterapeuten aldarrikapena
Vilariñok fisioterapeuten eta prestatzaile fisikoen lana aldarrikatu du. "Kirolean atleta edo kirolaria baloratzen da gehiago, baina gure lana ere oso garrantzitsua da, gu gabe atletek ezingo luketelako euren maila gorenean aritu". Ildo honetan, Dominikar Errepublikako talde teknikoak egindako lan handiak oihartzun zabala izan du nazioartean. Vilariñok selekziora lesionatuta iritsi ziren bost jokalari Olinpiadetarako berreskuratu zituen, eta selekzioko inork ez zuen lesionatuta bukatu, maila handian lehiatu eta gero. Harritzekoa. "Zurrumurrua hedatu zen, eta EFE agentziatik elkarrizketa baterako deitu ninduten".

Dominikarren logela gorriak
Dominikar Errepublikako logelen argiak gorriak zirela, kontua bolo-bolo argitaratu zen medioetan. Endika Montiel nutrizionistak hartutako erabakia izan zen, jokalarien atsedena hobesteko. "Iluntzean logeletako argiak eta betaurretako argiak gorriak ziren, eta gailuen pantailak gorriz jartzeko sistema ere bagenuen. Horrek atsedenean eta errekuperazioan laguntzen duela argi du Endikak. Mutilek nabaritu zutela esan zuten. Nantesen Espainiako emakumezkoen selekzioarekin topo egin genuen, eta argien kontuaz galdetu ziguten. Gure selekzioak talde tekniko ikusgarria genuela esan ziguten. Egia esan, Ibaik talde zoragarria osatu zuen". Vilariñok "oso gustura" egin zuen lan. "Ibaik nire lana eta tratamenduak nahi nuen moduan egiteko askatasun osoa eman zidan; eta hori izugarri baloratzen dut". Bestalde, jokoen antolakuntza goraipatu du. "Planifikazioa goitik behera betetzen zen, eta guztia oso ongi antolatua zegoen; egun osoan egin behar zenuena aurretik bazenekien, eta ordutegia betetzen zen". 

Telefonoa, joka
Olinpiadetako arrakastak, jakina, eragin zuzena izan du. Aurretik lan handia zuen Vilariñok, eta oso ezaguna zen eliteko kirolarien artean, baina Olinpiadetatik bueltan, "guztiak eztanda egin du" eta telefonoa joka du etengabe. "Jokalari ezagunek euren etxeetara joateko deitzen naute, baina orain beraiek dira nirera etortzen ari direnak. Aldaketa hori nabaritu dut. Telefonoa etengabe joka dugu". 

Bere karreraren gorenean dago Vilariño, "baina, beti bezala, hankak lurrean izanda. Badakit nondik natorren. Hona heltzeko 24 urteko lana dago atzean, eta bidea gogorra izan da. Lan ordu asko dira, kirolari asko tratatzeko bidaia asko, eta sakrifizio handia. Baita familiarena ere. Emaztearen laguntzarik gabe, hau guztia ezinezkoa litzateke. Honek ere beste aldea du, familiarekin eta seme-alabekin ezin dut nahi beste egon". Bezeroekin harreman hurbila du, estua. "Feeling hori sentitu behar dut". Pozik dago. "Pribilegiatu bat naiz; egun, nahi dudanarekin lan egiten dut". Altsasuko festetara etortzeko gogotsu dago. "Ez dut sekula nire jatorria ahazten". 

 

Erlazionatuak