Jose Vilariño

"Olinpiar hirira iristean, ezin nuen sinetsi"

Maider Betelu Ganboa 2024ko ira. 9a, 14:45

Jose Vilariño, Novak Djokovic tenis jokalairiarekin Pariseko olinpiar hirian. UTZITAKOA

Jose Vilariño Horna fisioterapeuta altsasuarrak Olinpiadak barrutik bizitzeagatik "pribilegiatu hutsa" sentitzen dela nabarmendu du

Jose Vilariño Horna Dominikar Errepublikako selekzioko fisioterapeutak olinpiar hirian bizitzea "txundigarria" zela azaldu du.

Nolakoa zen olinpiar hiria?
Autobusetik jaitsitakoan (autobusarekin mugitzeko beti eskolta genuen), olinpiar hirian sartu eta pentsatu nuen: "bertan nago, ezin dut sinetsi!". Hiri txiki bat bezalakoa da. Herrialde bakoitzak bere etxebizitza eraikina du, edo eraikin baten zatia, selekzioaren tamainaren arabera. Esaterako, AEB-etako selekzioak ia bi eraikin zituen. Selekzio bakoitzak nahieran antolatzen du bere espazioa. Horretaz gain, aparte amankomuneko guneak daude: jantokia, lasai egoteko guneak, gimnasioa, zerbait lasai hartzeko tokiak... hiri txiki bat. Orain, ziur oheengatik galdetuko didazula, ezta?

(Kar-kar) Kartoizkoak omen ziren. Erosoak?
Egia da oheak kartoizkoak zirela, baina koltxoiak onak ziren. Elitezko kirolariek eguna olinpiar hirian ematen zutela entzuten zen, baina lo egitera kanpora ateratzen zirela. 

Nolako giroa zegoen?
Oso giro ederra. Milaka kirolari zenbiltzan uneoro handik hona. Honek, jakina, puntualki arazo batzuk zekartzan. Esaterako, jantokian ilarak sortzen ziren, janaren inguruan ere kexuak entzuten ziren... baina milaka kirolarien artean, bakoitza bere behar eta ohiturekin, normala da guztia denen gustukoa ez izatea. Taldean joatean, zailagoa zen. Gure kasuan, 22 pertsona batera bazkaltzera joatea, edo behar bezala entrenatzeko gimnasioan tokia hartzea zailagoa zen. Baina, esaterako, jauziak egiten dituen atleta batek, bere entrenatzailearekin eta fisioarekin batera, modu egokian egin zezakeen lana, arazorik gabe.

Kirolari famatuak ikusi zenituzten?
Bai. Novak Djokovic tenislari serbiarrarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Bezperan mutil serbiar batekin egon nintzen, eta berarekin zegoen. Hark esan zion aurretik nik Serbiako selekzioarekin lan egin nuela. Duela zenbait urte Djokovicekin lan egitear egon nintzen, eta berak ere gertakaria gogoratu zuen. Izan ere, Djokovic Savo Milosevicen laguna da, eta Savok gomendatuta lan egin behar nuen berarekin, baina beste herrialde batera joan behar izan zuen lehiatzera, eta ezinezkoa izan zen. Berarekin topo egitea ilusio handia izan zen. Bestalde, Simone Biles gimnasta estatubatuarra ere ikusi nuen, AEBetako eraikinetik ateratzen ari zela. Zazpi pertsona zeramatzan inguruan. Hiria txundigarria zen.

Kirolarien artean harremanak sortzen ziren? 
Jakina! Milaka kirolari zebiltzan handik hona. Bakoitzari bere herrialdeko pinak ematen zizkieten, eta beste herrialdeetako atletekin pinak trukatzea ohikoa zen. Antolakuntzak antisorgailuak banatzen zituztela eta, polemika egon da, baina nola ez ditu banatuko? Gazte pila bat elkarrekin, guztiak goi mailako kirolariak, ideal eta bizimodu berberekoak... nola ez dira harremanak sortuko?

Beste kirol txapelketak ikusteko aukera izan zenuten?
Ez. Gure ordutegia oso itxia zen, oso planifikatua. Ez genuen astirik, eta lehiaketatik kanpo geratu bezain pronto etxera itzuli ginen. Olinpiar Jokoen hasierako ekitaldian ezin izan genuen parte hartu, hurrengo egunean Egiptoren kontrako partida baikenuen Nantesen, eta arantza hori dugu. Nolanahi ere, esperientzia ikaragarria izan da. Olinpiar hirian esnatu, eta zu horren guztiaren parte zarela sentitzea, sekulakoa izan da. Halako bizipena izateagatik pribilegiatu hutsa sentitzen naiz. 

Erlazionatuak

Olinpiar Jokoen zirrara, soinean

Maider Betelu Ganboa ira 09 Altsasu