Sunsundeguiko lan erregulazio espedientearen negoziazioa hastear da

Guaixe 2024ko ira. 30a, 09:00

Langileek aspaldi ari dira lantegiaren egoera txarraren berri ematen. ARTXIBOA

Aldeak irailaren 30ean, astelehenean, elkartuko dira, beraz, espedientea ez da lastailarekin batera indarrean sartuko. Hiru hilabeterako izanen da. Bitartean enpresa birfinantziazioa lotzen eta inbertitzailea bilatzen segitzen du

Sunsundeguiko zuzendaritzak enpresa batzordeari (UGT, LAB, CCOO eta ELA) aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea negoziatzen irailaren 30ean, astelehenean, hasiko direla. Enpresak dokumentazioa eta memoria langileen ordezkariei eta lan agintaritzari aurkeztuko die orduan. Kontsulta eta negoziazio prozesuan aldeek gutxienez hiru bilera egin beharko dituzte, beraz, espedientea ez da lastailarekin batera indarrean sartuko. 

Ekonomia arrazoiengatik aurkeztutako espedientea denez, eta enpresak "dirurik ez dagoela" dioenez, langileen ordezkariek ez dute argi negoziazioan onuraren bat lortzeko aukerarik izanen duten. Agiriak eskutan izan arte itxaron nahi dute euren aldarrikapenak zehazteko. Baina haietako bat izanen da langileek iraileko soldata kobratzea. Ez dute urte akaberako extra galdu nahi, ezta espedienteak oporretan eraginik izatea. Aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea indarrean sartzean langileek SEPEtik, Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikotik, jasoko dute soldata, dutenaren %70. Negoziazio aldian sindikatuek eskatuko dute enpresak soldata horiek handitzeko diru kopuru bat jartzea.

Bitartean enpresaren helburua da 25 bat autobus bukatzea eta haien salmentarekin diru pixka bat eskuratzea. Bi bat astetan egin nahi dituzte, baina horiek egiteko langile gutxi batzuk ariko dira lanean. Materiala ere horiek bukatzeko justu dute. Ekoizpen lerroa geldi dago material faltagatik. 

Egoerak Sunsundeguiko 400 langileengan "urduritasuna eta ziurgabetasuna" sortu ditu, "ezer ez baitakigu enpresaren etorkizuna eta inbertitzaile posiblearen inguruan". Hainbaten artean kezka da espedientea bukatu ondoren langile asko ez direla lanera bueltatuko, kaleratuko dituztela. Oinarria duen kezka da, batetik, antzeko egoera baten ondoren kaleratzeak izan zirelako. Eta, bestetik, Sunsundeguiren inguruan KPMG aholkularitzak egindako txostenean esaten baita egungo ekoizpenerako langile gehiegi daudela. Volvoren goi mailako autobusen proiektuagatik 150 langile inguru sartu ziren joan zen urtean. Inbertitzailek lortzeko harremanak aurreratuta daudela eta bilerak daudela entzun dute langileek, baina ez dakite ezer zehatzik. "Etortzen bada, ea zer baldintzatan datorren", adierazi du langile batek.  

Bitartean egoerak Sunsundeguiren hornitzaile diren enpresak jo ditu ere. Batek bere 40 langileei aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea ezarri die. Enpresa horietan galdetuta, egoerarekin kezkatuta daudela adierazi dute. Egoerak "itxura txarra" duela uste dute. Diru sarrerarik gabe, "gastu pila ditugu eta zorrak berehala egiten dira. Ez dakit eutsiko diogun berriro hasteko" esan digute enpresa batean. Guztiei Sunsundeguik dirutza zor die. Haietako batzuk oraindik gogoan dute 2011n gertatutakoa: "Sunsundeguiri zor zigunaren zati handi bat barkatu behar izan genion lanean segi ahal izateko". Aitortu dutenez, "lanarekin beti gorabeherak izan ditugu, urte bat erabat ona, sekula. Beti bazen zerbait". Gaineratu dutenez, "kobratzeko beti arazoak izan ditugu". Etorriko denaren zain daudela, enpresa hornitzaileek ez dute ulertzen nola utzi dioten Sunsundeguiri 50 miloi euroko zorra pilatzen.