Astekaria

"Bigantxak askatzea nahi dugu, haiei ixkin egiteko"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urr. 23a, 13:00

Unai Irigoien, Juan Larrea, Enaitz Larrion, Patxi Arakama eta Unai Urrestarazu.

Hamabost altsasuarrez osatutako taldeak udalari proposatu dio heldu den urteko festetan, bi egunetan, bigantxak askatzea. Tartean Enaitz Larrion Sanz eta Juan Larrea Etxeberria daude.

Bateko eta besteko entzierroetan laster egiteko mugitzen da gazte talde bat. Herrietako zezen festetara gero eta zaletasun handiagoa sumatzen dute haien inguruan. Eta Altsasun halakoak nahi lituzketelako, udaletxean proposamena erregistratu zuten lastailaren 15ean. Enaitz Larrion Sanz eta Juan Larrea Etxeberria zezenzaleek eman dituzte azalpenak.

Festetan bigantxak jartzeko eskatuz mila sinadura zuek jaso zenituzten?
Juan. Ez, ez gara gu izan. Duela 3 hilabete inguru, 13 urteko kuadrilla bat hasi zen sinadurak biltzen. Gu handik hilabete batera konturatu ginen sinadura bilketa hori egin zela. Eta herriko bospasei lagunen artean gaia mugitzea erabaki genuen. 

"Mila sinadurak proiektu hau sortzeko bulkada hori izan ziren, bai" 

Gaztetxoek erantzunik jaso duten badakizue? 
Enaitz. Ez da erantzunik egon. Haiek ez zekiten gauzak nola egin, eta ez zuten udaletxean instantzia aurkeztu. Baina erregistro hori hor dago. Guk gehiago dakigunez, eskaera egiteko instantzia udaletxean aurkeztu dugu. 

Beraz, taldean antolatu zarete?
J. Hasieran lauzpabost elkartu ginen, baina orain 15 edo 16 lagun gara. Taldekoak saiatu gara informazioa bilatzen eta biltzen. 

Mila sinadurak taldea sortzeko bulkada izan ziren?
J. Proiektu hau sortzeko bulkada hori izan zen, bai. 

Altsasun bigantxen tradiziorik badago?
E. Bai, badago. Jarri eta kentzen ziren zezen plaza ere jartzen zuten XX. mendeko 70eko hamarkadan. Zehazki, Kale Txiki, Erkuden eta Altzania kaleen artean jartzen zen, gaur egun La Caixa bankua dagoen tokian. Plaza hartan bigantxak askatzen zituzten. Zumalakarregi plazan ere zezen plaza jarri zuten hainbat urtez. Festetako arratsalde guztietan zegoen festa herrikoi hori. Gainera, Duela urte dezente sokamuturrerako ohitura zegoen (1996an kendu zen egitarautik). Bestalde, Altsasun behien kartzela izeneko eraikuntza dugu. Etxe hartan sokamuturrean aritzen ziren bigantxak gordetzen zituzten. Amandrea plaza aldeko atetik sartzen zituzten, eta sokamuturrerako Zubeztia kaleko atetik ateratzen ziren. Sokamuturra Beti Iaten peñak antolatzen zuen Zubeztia kalean. Bigantxak ihes ez egiteko Zubeztia kalea bost tokitan ixten zen: San Pedro bide kalean, Gurutze Saindua kalean, Lezea tabernaren inguruan, Zubeztia plaza eta Foru plaza artean eta Gautxori tabernaren parean. Soka muturra gehienetan herri gazteek "sokagilearena" egiten zuten. Hau da, bigantxak pertsonaren bat harrapatuz gero sokatik atzera tiratzen zuten, bigantxak pertsona askatzeko. Bestetik, sokaren laguntzaz bigantxa kamioira eramaten zuten. Azkenik, Altsasuko Peñek Zelandi eskolako patioan "plaza mugikor" bat jarri zuten 2014ko festetan. 

"Azken hiru urtetan entzierroetan laster egiteko zaletasuna geroz eta handiagoa da"

Tradizioa bai, eta zaletasunik badago?
J. Bai, gero eta gehiago. Orain dela 3 urte jende gutxik egiten genuen laster entzierroetan eta bestelakoetan. Ordutik hona ikusi da zaletasuna geroz eta handiagoa dela. 

Zehazki festetan bigantxak egotea proposatu duzue. 
E. Bai, hala da. Lehenengo, 2025eko festetan, proba pilotua gisa, bi egunetan bigantxak egotea eskatu dugu. Baina etorkizunean festetako egun guztietan jartzeko asmoz. Proba pilotuarekin ikusiko dugu zenbat jende animatzen den. Eta, horretarako, uste dugu aproposa dela bakarrik bi egunekin hastea. 

Noiz jarriko zenituzkete?
E. Gure ustez arratsalde erdialdean jartzea askoz hobea da, Iruñeko auzoetan bezala. Han 18:00ak inguruan askatzen dituzte bigantxak. Ordu bateko edo ordu eta erdiko gauza bat litzateke. 

Zergatik egon beharko lukete bigantxak festetan? 
J. Geroz eta harreman gutxiago dugu maskotak ez diren animaliekin, aziendarekin eta animalia basatiekin. Maskotez aparte, hainbat animaliarekin izan daiteke harremana, eta harreman horiek ez dituen gizarteak pobretu egiten dira. Halako zezen festek beste harreman forma bati forma emateko beharra sortzen du, eta horrek formen aniztasuna dakar, gizartearen beste hainbat alderditarako ere onuragarria dena. 

E. Bestetik, haragi edo esne produkzioan espezializatuak ez diren eta ekoizpen handira bideratuta ez dauden animaliak behar ditugu. Izan ere, animalia mota horiek dira mendian aske bizitzeko gai direnak, malkarrak garbi mantendu eta aprobetxatu ditzaketenak. Halakoak dira erakusten digutenak gizakiarengandik erabateko dependentzia ez duten etxe abereak ere badirela oraindik.

J. Gainera, herri osasuntsu, parte hartzaile eta kohesionatuak nahi baditugu, ezinbestekoa adin, genero, klase eta hainbat jatorriko herritarrak elkarrekin biziko dituzten espazioak eta ekintzak egotea. Eta herrietako zezen festak horren eredu dira, parte hartzeko modu anitzak eskaintzen dituzte. Festetako arratsaldetan ez daude ekintza asko eta horrelako gauza batekin herrian beste bizi bat sortuko litzateke.

"Bi aseguru behar dira eta, lehen urterako, hesiak beste udal bati aloka dakizkioke"

Garestia da bi egunetan bigantxak jartzea?
E. Ez dakigu zer den garestia eta zer ez. Guk uste dugu bi egunetarako ez dela garestia. Zizur Nagusian lau egunez daude, ordu eta erdi, eta kostua 12.751.96 eurokoa da. Leitzan bost egunez daude, ordu eta erdi eguneko, eta 23.4400 euro balio ditu. Burlatan lau egunetan askatzen dituzte bigantxak ordu batez eta 6.983 euro balio ditu. 

Proposamenean aukeraren bat landu duzue?
J. Behintzat bi aukera proposatzen dira. Edo aukera bakar bat, Leitzako eredua esaterako. Gastua zein den proposatzen dugu. Ganadutegiek orduko mila euro kobratzen dute. Bi egunetan eginez gero, 5.000 euro izanen lirateke. Horren barruan beharrezko guztia sartzen da. 

Hesiak, anbulantziak, aseguruak eta halakoak beharko dira horretarako. 
E. Bi aseguru behar dira. Bata ibilbide barruan gertatzen dena segurtatzeko. Eta, bestea, zoritxarrez, bigantxaren batek ihes eginen balu, edo halako zerbait gertatuko balitz, ibilbidetik kanpo gerta litekeena segurtatzeko. Anbulantziak eta medikuak ezinbestekoak dira. Hesiak, lehenengo urtean, beste udal bati aloka dakizkioke bi egunetarako. 

Non askatuko zenituzkete bigantxak? 
J. Zubeztia kalean, posta bulegoaren eta Koxka tabernaren arteko zatia ixtea litzateke, 240 metro.

"Sokamuturra gero eta gutxiago egiten da. Bigantxak sokarekin mina hartzen du"

Kale hori hesitu eta barruan, sokamuturra?
E. Bigantxak askatzea proposatu dugu. Ganadutegia duen batek esan zigun sokamuturra gero eta gutxiago egiten dela. Bigantxak sokarekin mina hartzen du. Gainera, arriskutsuagoa dela uste dugu. Eta animaliarendako okerragoa da.  

Jendeak errekortarien pare ibiltzea proposatzen duzue? 
J. Bai, hori da, jendea bigantxari ixkin egitera sartuko litzateke, pixka bat dibertitzera. 

Udalari txostena aurkeztu ondoren, herriari ere proposamena aurkeztekoak zarete?
E. Hala da. Iortia kultur gunean lastailaren 18an. Euskadiko Euskal zezenzaleen elkarteko bi kide ere etorri ziren: Asier Albite eta Maddi Mendibil. Haiek Albara ganadutegia dute eta, gainera, Albite albaitaria da ere bai. 

Dagoeneko proposamenak Altsasun oihartzuna izan du?
J. Bai. Jendeak badaki zer proposatu dugun. 

Bitartean, zuek nola asetzen duzue zuen zaletasuna? 
E. Urtean zehar Nafarroako beste herri batzuetara joaten gara: Lizarra, Sanferminak, Tafalla, Tutera... Espainian San Sebatian de los Reyes (Madril), Alfaro (Errioxa), Cuellar (Segovia)... Hurrengo asteburuan Ondara (Castellon) joanen gara. Bai, leku askotara joaten gara.

"Egun batean izugarrizko lasterraldia egiten duzu, eta egun hori ahaztezina da"

Esan dituzun gehienak entzierroak dira. 
E. Gu entzierroetara goaz. Baina aurten Tafallan errekortari moduan ibili ginen, eta oso gustura, bai. 

Zer sortzen du bigantxa edo zezen baten aurrean jartzeak?
J. Niri, behintzat, adrenalina pixka bat. Hori da ematen duena. Jartzen zara beste animalia baten kontra, aurrez aurre. Adrenalina, urduritasun puntu bat edo ez dakit zer ematen duen.

E. Adrenalina. Eta ikustea animalia hain ederra zure atzetik laster egiten eta zu ere aurrean korrika egiten, esperientzia izugarria da. Egun batean izugarrizko lasterraldia egiten duzu, eta egun hori ahaztezina da. 

Proposamena jendartean zabalduta, zer espero duzue? 
J. Hurrengo urtean festetan, behintzat, egun batez edo bi egunez bigantxak egotea. 

E. Hori da. Ez da berdina etxean izatea bigantxa, edo autoa hartu eta ordu erdiko bidaia egitea. Etxean izatea gauza handia da.