Ziurgabetasuna dute Sunsundeguiko langileek

Guaixe 2024ko urr. 21a, 13:30

Sunsundeguiko enpresa batzordearen gehiengoaren kontzentrazioa udaletxe parean. ARTXIBOA

Aldi baterako lan erregulazio espedientea indarrean da. Soldata agorrilean kobratu zuten azkeneko aldiz eta, gauzak ongi, hurrengo diru sarrera abendua izanen da. Enpresaren etorkizunaren inguruko informazio bat bera ere ez dute.

Hamabost eguneko kontsulta epea akordiorik gabe itxi ondoren, Sunsundeguiko aldi baterako lan erregulazio espedientea lastailaren 11n sartu zen indarrean. Printzipioz, ilbeltzaren 19ra arte izanen da. Enpresako 380 langileetatik 320ri eragin die espedienteak. Haren barruan ez daude 60 urte baino gehiago dituzte edo aurrejubilatuta dauden langileak, haien pentsioen kalkuluan eraginik ez izateko. Espedienteak ere ez ditu hartu bajan dauden langileak. Ezta egiteko falta diren autobusak egiten ari diren langileak, eta bulegoetako hainbat ere. 

Harremanetan jarri garen enpresa batzordeko kideek gehien errepikatu duten hitza ziurgabetasuna da. Alde batetik, jaso zuten azken soldata agorrilekoa izan zelako. Iraileko nomina eta lastaileko 11 egunak ez dituzte kobratu. Eta egiteko dauden autobusak salduta kobratuko duten ere ez dakite. Langileek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik soldataren %70 jasoko dute. Baina aurreneko diru sarrera, gauzak ongi, abenduan izanen da. Beraz, hiru hilabete kobratu gabe egonen dira. Eta eguneroko gastuak, hipotekak eta bestelakoek ez dute barkatzen. Dirua aurreztuta dutenak egoerari aurre egiteko modua izanen dute. Aurrezkirik ez dutenek inguruan babes sarea osatu beharko du aurrera egiteko. Bitartean, enpresak aldi baterako lan erregulazio espedientea ezarriz  langileekin zorra pilatzea saihestu du. Zuzendaritzak hitz eman du udako aparteko soldata, estra, eta oporren %100 errespetatuko dituela. 

Enpresa batzordean argi dute egoera zenbat eta gehiago luzatu orduan eta okerragoa izanen dela. Inbertitzailearen inguruko berririk ez dute, ez dakite funts bat izan daitekeen edo industria arloko inbertitzaile bat. Mikel Irujo Amezaga Industria kontseilariarekin bilera telematikoa izan zuten joan zen astean. Jakinarazi zien inbertitzaile batekin harremana nahikoa aurreratuta zegoela, baina eskaintza loteslerik ez zegoela. Irujok jakinarazi zienez, aste hau gakoa izan zitekeen. Langileen ordezkariek espero dute negoziazioak ongi joatea, baina gaur egun edozein eszenatoki posible dela argi dute. Izan ere, Sunsundeguiren inguruan gauza asko entzun eta irakurtzen ari dira. Langile gutxi batzuk beste lan batzuk opatu eta enpresa utzi dute. 

Etorkizunaz
Sunsundeguin inbertitzaile bat sartuz gero zer gerta daitekeen ez dute gehiegi adierazi nahi kontsultatu ditugun enpresa batzordekideek, horrelakorik ez baitago oraingoz. Aholkularitza enpresa batek langile gehiegi zeudela zioen txosten batean. Baina horretaz enpresa zabaldu eta gero hitz eginen luketela nabarmendu dute. Gaztigatu dute metalgintzako hitzarmena indarrean dagoela enpresan, eta akordio batzuk dituztela 2027ra arteko iraupena dutenak. Printzipioz lan baldintza horiek errespetatu beharko lirateke. "Baina ziurgabetasuna erabatekoa da!"