Feriak, eguraldia lagun

Guaixe 2024ko urr. 21a, 10:51

Jende ugari egon zen Altsasun. Asko etxera erosketa poltsa beteta zutela bueltatu ziren domeka eguerdian.

Gartzia Ximenez kalean elikagai postuak beraien eskaintzak jarri zituzten. 36 postuen aurretik jendearen joan etorria handia izan zen. Asteazkenek ohiko azoka domekan ere izan zen, gehienbat arropak izan ziren. Erremintak eta makineria salgai izan zen Gurutze Saindua kalean. Foru plazan artisauak eta hainbat argitaletxeetako salmahaiak izan ziren. Iortia kultur guneak arte feria hartu zuen eta mikologiaren zaleek bere jakin-nahia edo kuriositatea Garbitoki eraikinean asetzeko aukera izan zuten.

Aziendari dagokionez, Zelai kalean zaldi azienda ikusgai izan zen, bertan lehiaketa jokatu zen. Ferial kalean lau abeltegiren behi azienda ikusgai izan zen, 54 buru guztira. Gurutze Saindua kalean latxa ardien erakusketa izan zen, lau mailatako 66 ale. Gainera Victor Navarro altsasuarrak hainbat arrazatako oiloak erakutsi zituen. Bitartean, jendartean 40 argazki ibili ziren, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako lehiaketako partaideak ziren. 

Erlazionatuak