Saretzen

Alokairu Poltsa, gobernuaren bermearekin alokatzeko

Guaixe 2024ko aza. 4a, 09:31

Ekitaldian aitortza jaso zutenak. Ezkerretik lehena Luis Vazquez. UTZITAKOA

Alokairu-poltsa gehieneko historikora iritsi da, Nasuvinsari errentamendu babesturako 1.000 etxebizitza partikular utzi baitzaizkio eta horiek gizarte alokairura bideratuta daude. Gobernuaren enpresari etxea alokatzeko uzten dionak "berme osoa, lasaitasuna eta zerga abantailak" ditu.

Nasuvinsa enpresa publikoaren Alokairu Poltsarako mila etxebizitza utzi dira. Errekorra ospatzeko aitortza ekitaldia egin zuen Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentuak lastailaren 28an. Aitortza jaso zuten erakunde publiko, entitate pribatu eta herritarren artean Luis Vazquez altsasuarra zegoen.  

Vazquezek aita adinekoen egoitza batera eraman ondoren, gurasoena zen etxea txukundu eta Alokairu Poltsarako utzi zuen. Diario de Noticiasi azaldu zionez, "alokairuan jartzeko premiaren aurrean, etxe-agentzien mundua pixka bat handi egiten zitzaigun. Partikular batendako egin beharreko kudeaketak ez dira errazak, ezta seguruak ere gaur egun", adierazi zuen Vazquezek. Horregatik Nasuvinsarekin harremanetan jarri zen eta "bide segurutik gindoazela iruditu zitzaigun".

Altsasun utzitako etxebizitza baten jabeak asteleheneko ekitaldian "Alokairu Poltsak alderdi guztietan eskaintzen duen berme osoa" azpimarratu zuen, "adibidez mantenu ona edo errenta hilero kobratzeko bermea, ahaztu gabe Nasuvinsa arduratzen dela maizterrendako kudeaketa eta arreta kontu guztiez". Gaineratu zuenez, "ez duzu ezertaz arduratu behar, haiek dena egiten dute". Egunkariari azaldu dionez, “adibidez, oso interesgarria iruditu zaigu zazpi urterako kontratu bat sinatzea eta etxebizitza ahalik eta gutxienetan hutsik egotea". Bestalde, Vazquezek aitortu zuen "motibagarria" dela jakitea hutsik dagoen etxebizitza baten bidez beste pertsona batzuei modu duinean bizitzeko aukera ematen zaiola.

Begoña Alfaro Garzia hirugarren lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak eskerrak eman zizkien partikularrei, udalei eta entitate pribatuei Nasuvinsak kudeatzen duen Alokairu Poltsa laguntzeagatik. "Funtsezkoa da gure erkidegoan alokairu babestuaren eskaintza indartzea erraztuko diguten era guztietako neurrien alde egiten jarraitzea, eta, horrela, gaur egun ezinezkotzat duten pertsona eta familia nafarrei etxebizitza bat eskuratzen laguntzea", azpimarratu zuen Alfarok.

Dirulaguntza eta abantaila fiskalak
Alokairu-poltsak abantaila eta laguntza garrantzitsuak eskaintzen dizkie erabilerarik gabeko etxebizitzaren jabeei, esate baterako: hilero errenta kobratuko denaren ziurtasuna eta garaiz kobratzea, etxebizitza behar bezala mantentzea eta egoera onean bueltatzea lagapen-epea bukatzean.  Nasuvinsari etxea zazpi urte eta erdirako uzten zaio. 

Etxebizitzaren titularrak bueltatu beharrik gabeko zuzeneko dirulaguntza jasotzen du, hiru hilabeteko alokairuaren baliokidea, eta lortutako etekinetan %70eko zerga-arintzea jaso dezake.
Era berean, Nasuvinsak bere gain hartzen ditu etxeko arrisku anitzeko asegurua, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta komunitate gastuak, 50 euro arte, eta, aldi berean, etxebizitza indarreko araudira egokitzeko beharrezkoak diren egokitzapen erreformen %0ko eta 22.500 euro arteko finantzaketa eskaintzen du.

Datuak

  • %48,5 Poltsan dauden etxebizitza kopurua 2016tik hazi dena.
  • 1.000 Alokairu Poltsan dauden etxebizitzak.
  • 6,17 euro etxebizitzako m2 erabilgarriko Sakanan. 
  • 72,47 euro garajea uzteagatik.
  • 2,41 euro trastelekuko m2 erabilgarriko.
  • %65 Iruñerrian dauden poltsako etxebizitzak.
  • %1,9 Sakanan dauden poltsako etxebizitzak
  • Informazioa Nasuvinsaren webgunean, gaztelaniaz soilik: labur.eus/q52zd