Altsasuko Udalak Burunda pilotalekuaren eta Iortia kultur gunearen artean, lokomotora parean frontoi txiki bat eraikitzeko asmoa du. EH Bilduk adierazi zuenez, "beti babestuko ditugu kirola sustatzeko ekimenak, eta are gehiago pilota bezain gurea den kirola, batez ere herriko haurren artean. Baina Gero Baik herriaren erdian frontoi txiki bat jartzeko hartu duen azken erabakia oso erabaki txarra dela uste dugu, hainbat arrazoirengatik".
Lehenik eta behin, proposatutako kokapena ez du gustuko EH Bilduk: "Iortia kultur etxearen eta Burunda frontoiaren espazio berean frontoi bat eraikitzeak hesi bat sortuko du, jende asko ibiltzen den eremu batean, eta, horrela, haien mugikortasuna zailduko da. Plaza estetikoki apurtuz 'petatxu' bat jarri izanaren sentsazioak sortuko duen inpaktu bisual negatiboa".
Bestetik koalizioak nabarmendu du, "pilotalekuaren ezker paretaren eta tren makinaren artean bi metro eskaseko zabalera duen pasabide bat geldituko da, puntu itsu eta estu bat sortuko du, egun eta ordu jakin batzuetan eremu ez segurua, arriskutsua eta zikintzeko joera duena". Azkenik, "Altsasun bizi dugun klima kontuan hartuta, erabilera egun posibleak asko mugatuko" direla adierazi du koalizioak.
Aukera gehiago
EH Bilduk nabarmendu du pilotaleku txiki hori instalatzeko eta egiteko arrazoien zerrenda luzea egin dezakela. Koalizioak azaldu duenez, "Txiokaren aurrean frontoi txiki bat egitea proposatu zuela 2016an, baina ez zen kontuan hartu. Ondoren, udal zerbitzu teknikoek hainbat aukera proposatu zituzten Txirinbuluko haur-eskolaren atzeko gunea urbanizatzeko. Horietako batek kiroldegi txiki bat proposatzen zuen, frontoi txiki bat, rokodromo bat eta tirolina bat barne. Baina hainbat aukera bazeuden ere, alkatetzak egungo kokapenaren eta proiektuaren alde egin zuen".
Koalizioak nabarmendu duenez, "askotan planteatu edota eskatu dugu Burunda pilotalekua irekitzea Altsasuko nesken artean pilota kirola sustatzeko neurri gisa. Gainera, eta kirol eskoletako entrenamenduei oztoporik jarri nahi ez bazaie, frontoi hori Zelandin koka daiteke tenis pistaren ondoan, eta horrek eskoletako jolasetan erabiltzeko aukera emango luke".
Azkenik, EH Bilduk adierazi du dauden alternatibez aparte, "gehiago izango dira Altsasun bizi garenon iritziei erreparatuz gero. Entzuteko borondatea baino ez da behar, horrela eta guztion artean, dauden beharrak aseko dituen eta hemen bizi garenontzat atseginagoa izango den Altsasu hobea egingo baitugu".