Udalak badu frontoi txikia eraikitzeko enpresa

Guaixe 2024ko aza. 14a, 12:21

Frontoi txikia lokomotora eta estalpearen artean eraikiko da. ARTXIBOA

Lanak gehienez 60 egun iraunen dute.

Altsasuko Udalak Burunda pilotalekuaren eta Iortia kultur gunearen artean, lokomotoraren eta estalpearen artean, frontoi txikia eraikiko du. Lanak Xcava obras y servicios SM enpresak eginen ditu eta horiengatik 94.907,56 euro (BEZ barne) euro jasoko ditu. 

Frontoi txikiak sei metro zabaleko frontisa eta zortzi metroko luzera duen ezker pareta izanen ditu. Frontisak eta ezker paretaren hasierak bost metroko altuera izanen du, baina ezker paretaren akaberan lau metrokoa izanen da altueran. Porlanezko 40 cm-ko zabalerako paretak izanen ditu frontoiak eta berde kolorekoa izanen da. Estalpetik pixka bat urruntzeko berdegunearen zati bat (10 m2) hartuko du frontoiak.  

Behin lanak despedituta, udalaren asmoa da, batetik, pilotarekin lotutako horma irudi bat egitea frontisaren atzeko aldean. Horretarako, Udalak aurrekontua eskatu dio Iker Uribe muralgileari. Gainera, kantxako ezker paretan Joxe Luis Gorrotxategiren bertso bat jarriko da, haur bat pilotan ikustearen edertasunari buruz ari den bertsoa hain zuzen ere.