Nafarroako Gobernuak 1.099.157,23 euroko urte anitzeko gastu konpromiso hartzea erabaki du. Dirulaguntza hori Nasuvinsa sozietate publikoari emanen dio, erdia, 549.578,62 euro, aurten eta beste erdia 2026an. Diru horrekin Altsasuko Kaltzada kalean alokairuko babes ofizialeko 21 etxebizitza eraikiko dira. . Eraikinak 1.602,4 metro karratu erabilgarri izanen ditu guztira (etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioa 3.140.449,22 eurokoa da, eranskinik gabe).
Altsasuko sustapen hori Navarra Social Housing Etxebizitza Planaren bigarren fasean kokatzen da. Plan hori Foru Gobernuak bultzatu zuen 2016an, herritar behartsuenek kalitatezko eta arrazoizko prezioetan etxebizitza publiko bat eskuratzeko aukera izan zezaten, oinarrizko eskubide sozial gisa. Gainera, ingurumenaren babesa errespetatzen duen etxebizitza-eredu bat planteatzen du, energia kontsumo ia nuluko eraikinekin (nearly Zero-Energy Building) eta energia eraginkortasuneko eta erosotasuneko maila handiarekin, energia aurrezteko eta CO2 emisioak murrizteko aukera ematen duena. Esku hartze mota horrek, gainera, itzulkin ekonomiko handia eskaintzen du enplegua sortzeari eta Nafarroako eraikuntzaren sektorean berrikuntza suspertzeari dagokienez.