Inbertitzaile batek Sunsundegui bisitatu du

Guaixe 2024ko aza. 25a, 11:30

Sunsundeguiren ikuspegia. ARTXIBOA

Bi egunez egon da eta zuzendaritza eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bilerak egin ditu. 

Inbertsio eta enpresen eraldaketa talde batek Sunsundegui hartzeko interesa azaldu du. Europan lan egin eta Madrilen bulegoa duen taldeak 30 urteko eskarmentua du. Bere ordezkariek Altsasuko lantegia bisitatu zuten azaroaren 21ean eta 22an, ostegunean eta ostiralean. Hala jakinarazi zuen Gara egunkariak azaroaren 23an, larunbatean. Taldea britainiarra dela jakinarazi zuen Diario de Navarrak azaroaren 24an, domekan. Gaineratu zuenez, bisitariak zuzendaritzarekin eta foru administrazioko kideekin bilerak egin zituzten. Egunkari horren arabera, talde britainiarra Europan hazten segitzeko tamaina ertaineko enpresen bila dabil. 

Langileek prentsaren bidez jakin dute bisita horren berri. Ez dakite enpresa hartuko duen edo ez. Aurretik ere beste batzuk egon dira. Mikel Irujo Amezaga Industria kontseilariak Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian esan zuenez, hamar inbertitzailek galdetu dute edo interesa azaldu dute Sunsundegui eskuratzeko. Baina orain arte, inbertitzaile bat beraren asmoa ez da mamitu. Aipatu izan direnen inbertitzaile posibleen artean daude ISN enpresa nafarra, eta Amerikako eta Europako konpainiak, tartean Belgikako bat. 
 
Albisteek zuzendaritzan kezka sortu dute, inbertitzaileak ez baitu bere izena publikoa egitea nahi. Eta Sunsundeguiren aurreko krisialdian horrelako aurrekariak badaude. Nafarroako Gobernua Castrosua enpresa galiziarrarekin harremanetan zela argitaratu zuen Diario de Navarrak 2011ko lastailaren 27an. Albistea argitaratzeak konfiantza falta eragin zuen enpresa hartan eta bertan behera gelditu zen dena. 

Sunsundegui hartzekodunen lehiaketan dago. Epaitegiak erabaki du Iruñeko Molins Andres abokatu bulegoa izanen dela lehiaketa kudeatuko duena. 

Bitartean, langileek enpresarendako eta Sakanarendako etorkizuna eskatzeko Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea eginen dute asteazken eguerdian.