Astekaria

"Musikak atmosfera sortzen laguntzen du"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko urt. 7a, 10:21

Sarai Robles bertsolaria. josu santesteban / nafarroako bertsozale elkartea

Abenduaren 27an Iortia kultur gunean izandako 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatuan parte hartu zuen Sarai Robles bertsolariak, Alaia Martin eta Miren Artetxe bertsolariekin batera.

Ez da kasualitatea emakume bertsolarien bertso saio musikatua izan zen abenduaren 27an, Iortia kultur gunean. Oholtzaren gainean Alaia Martin, Gipuzkoako txapeldun berria; Miren Artetxe, eta Sarai Robles bertsolariak eta Amaia Agirre gai jartzailea izanen dira, eta musikariak Ixak Arruti gitarra jolea eta Gari Otamendi biolin jolea izanen dira. Saioan bertsoak eta musika uztartzen dira; bertsolariak "uneoro" musikaz lagunduta daude, Roblesek azaldu duen bezala.

Zer da bertso saio musikatu bat? 
Egia da urte batzuk daramagula saio musikatuak egiten, baina oraindik berritasun bat da toki askotaun, eta guretzat ere bai. Bertsoarekin batera uneoro bi musikari izaten dira; bi musikarik bertsolariok laguntzen digute. Bai bertsoak abestu bitartean bai gaiak entzun bitartean bai tarteko isiluneetan. Normalean bertso saioetan nahiko isilune izaten dira, gu pentsatzen ari garelako, eta isilune hori musikak betetzen du. Doinuak ere bereziak dira, musikalki jotzeko moduko doinuak izan behar dira, eta horren araberako aukeraketa egiten da. 

Bertsolarien eta musikarien artean koordinazioa egon behar da, ezta? 
Musikarien meritua da, erabat. Bertso saio hauetan egoten diren musikariak sekulakoak dira, eta badakizkite gure keinuak eta gure erritmoa jarraitzen. Trabatzen bagara badakite haiek ere musika berrartzen dagokion tokian. Izan ere, haiek geldituko balute deskoordinazioa egongo zen. Oso-oso adi egoten dira: noiz bukatzen dugu, noiz goazen hastera, noiz ari zaigun doinua joaten... Eta moldatzen dira. Oso onak dira. 

Dena inprobisazioa da edo zerbait idatzirik dago?

"Bertso saio bat da, gaia momentuan ezagutzen dugu; baina musikarekin lagunduta"

Den dena inprobisazioa da. Edozein bertso saio bezala, dena da inprobistua. Normalean egun batzuk lehenago musikariekin eskaleta antzeko bat egiten dugu bakoitzak zer ordenean abestuko dugun esanez eta haiek badute hasierako egurra doinu honetan izango dela, Mirenen eta Alaiaren arteko ofizioa beste doinu honetan... Hori bai. Baina gaiak saiora arte ez ditugu ezagutzen; ez dakigu zertaz abestuko dugun. Bertso saio bat da; gaia momentuan entzun eta doinuarekin kantatzen dugu. Guretzako erronka bat da kantatzen hastea musikak eskatzen duenean. Gainera, bertsolariok orokorrean ez dugu musikan jakintza berezirik. Entonatzea ere erronka bat izaten da; saioaren aurretik musikariekin tonua hartzen dugu eta gero tonu horietan abesten saiatzen gara. 

Nola daramatzazu saio hauek? 
Izugarri gustatzen zaizkit. Entzuleentzat oso gozagarria da musikak asko laguntzen duelako atmosfera bat sortzen. Aldatzen doa. Baina pixka bat gehiago urduritzen naiz edo erronka bat bezala hartzen ditut.

Saioa 'Ez da kasualitatea' deitzen da. Zergatik? 
Duela urte dezente sortu zen saio berezi bat bezala. Ez da kasualitatea horrek egiten dio erreferentzia oholtzan denak bertsolariak eta gai jartzaileak emakumeak direla. Hori da daukan berezitasuna: ez da kasulaitatea denak neskak izatea. Garai batean sortu zen, eta oraindik ere ez da oso ohikoa, saio normal batean denak emakumeak izatea, nahita antolatu dela ez bada. Helburu horrekin sortu zen, eta jarraitzen du. 

Nolako saioa izango da? 
Maila altuko saioa izango da. Miren eta Alaiaren aldetik hala izango da, eta espero dut alturan egotea. Hitz jokoetarako sekulako gaitasuna dute, mezua transmititzeko sekulako gaitasuna eta uste dut oso polita izango dela. Amaia Agirre gai jartzeile oso ona da. Elementu guztiak ditu bertso saio oso polita izateko.