Astekaria

Iskizakoek soka askatu dute

Maider Betelu Ganboa 2025ko urt. 9a, 09:58

Nagore Erdozia, kopako sokako ariketa egiten. ISKIZA

Iskiza Sakanako Ane Iturrioz eta Nagore Erdozia gimnastek lan ederra egin zuten Nafarroa Arenan jokatutako Espainiako Banakako Gimnasia Erritmikoko Kopan.

Abenduaren 10etik 15era Nafarroa Arenan Espainiako Banakako Gimnasia Erritmikoko Kopako finalak eta Espainiako Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatu ziren. Iskiza Sakanako Nagore Erdozia eta Ane Iturrioz Kopan lehiatu ziren, junior mailan, eta taldeko koordinatzaile Olaia Agirre "oso pozik" dago egindako lanarekin. 

Soka, elementu zaila
Espainiako Gimnasia Erritmikoko Federazioak kategoria bakoitzak urtero landuko dituen aparatuak finkatzen ditu. Aurten juniorrei soka lantzea zegokien. "Elementu zaila izaten da, sokak ezin duelako duen marrazkia eta forma galdu. Horregatik, agian, zigortuena izaten da. Ez da oso elementu ikusgarria. Normalean txikiei tokatzen zaien elementua da, soka landuta koordinazioa lantzen delako, beste aparatuetarako ere ezinbestekoa delako. Ez da oso ohikoa kategoria handiei soka tokatzea, eta alde horretatik aurten sorpresa izan zen" aipatu du Agirrek. 

Espainiako Koparako sailkatzeko aurten tokiak mugatuagoak ziren, eta Nafarroako Txapelketan txartel horiek lortzeko gogoz borrokatu behar izan zuten Nagore Erdoziak eta Ane Iturriozek. "Ohiko prestakuntza aurreratu behar izan genuen eta hasieratik topera hasi". Zorionez, finalerako sailkatzea lortu zuten. 

Bi sakandarrek Nafarroa Arenan jokatutako kopan aurkeztu zuten koreografia Nafarroako Txapelketan aurkeztu zutenaren oso antzekoa izan zen. "Orain arte lehiatutako txapelketetan lana aurkeztu, eta epaileek zer baloratzen duten ikusten dugu, zerk funtzionatzen duen, eta horren arabera ariketa fintzen eta eraldatzen dugu, baina funtsa berdina da". 

Abenduaren 10ean lehiatu ziren Nagore Erdozia eta Ane Iturrioz, txapelketako lehen egunean, asteartearekin. "Asteburuan baino jende gutxiago zegoen, giro gutxiago, eta nabaritzen da, baina euren gertuko jendea bertan egon zen, eta babes hori sentitzea beraiendako oso polita izaten da eta hori, guretako, nahikoa zen".

Iskizakoak oso ongi aritu ziren. "Biek pozik bukatu zuten. Nagorek oso ariketa ona egin zuen eta Anek akats txiki bat izan zuen, normalean ongi egiten duen gauza bat joan zitzaion, baina hunkituta bukatu zuten biek, gustura. Aurtengoa urte gorabeheratsua izan da eurendako eta lana ongi erakustea zen helburua; helburua betetzea eta disfrutatzea lortu zuten". 

Olaia Agirre: "Ane eta Nagore sokarekin aritu ziren eta Nafarroa Arenan egindakoarekin oso pozik daude"

Nafarroa Arenan "oso gustura" aritu ziren. "Lehiatu garen toki guztien artean instalazio onenak ditu". Gainontzeko txapelketak ikustera gerturatu ziren baita ere. "Gimnasia erritmikoa gustuko dugu eta halakoetan disfrutatzen dugu, eta entrenatzaile gisa ongi datorkigu halakoak ikustea, garrantzitsua baita ideiak hartzeko. Maila oso handia izan zuten txapelketek, eta Nafarroa oso ongi ibili da". 

Eguberrietako erakustaldia
Abenduaren 21ean Iskiza Sakanak Gabonetako erakustaldia egin zuen Zelandin. "Aurten talde pila bat gara, eta 110-115 gimnasta inguru bildu ginen. Iskiza Sakanako Altsasuko eta Arbizuko taldeez gain, Olaztiko Sutegi taldea gonbidatzen dugu. Beraz, eskolako taldeak, Nafarroako Kirol Jokoetako hiru lehiaketa taldeak, banaka lehiatzen diren bost gimnastak, eta Olaztikoak aritu ziren". Urtero moduan, Zelandi bete zen.

Araudi berria
2025 urtea indartsu dator, Nafarroako Kirol Jokoetako txapelketekin. Gainera, Parisko Olinpiar Jokoak izan direnez, Nazioarteko Gimnasia Erritmikoko Federazioak araudia berritu du datozen lau urteetarako, Los Angeleseko Olinpiadak pasa arte. "300 orrialde baino gehiagoko txostena da. Araudi berria ulertzen eta aplikatzen ari gara". Lan zaila dute aurretik, baina monitoreak gogotsu daude. "Azken urteetan egindakoarekin pozik gaude, eta datorrenarekin oso motibatuta". Monitoreen lana izugarria da, askotan agerikoa ez dena, baina aitortu beharrekoa.