Kinto ospakizunen gurpila biraka hasi da. Dagoeneko Altsasuko kintoek lau buruzagiak dituzte. Emakumezkoak Olaia Macia Mendia eta Ainhoa Calvo Fuentes dira. Estreinakoz 2000. urtean hartu zuen emakumezko batek kinto buruzagi ardura. Nekane Lakuntza Mazkiaran izan zen.
Zozketa eguneko sustoa pasata?
Olaia. Bai. Gainera, kuadrilla guztian bakarrak ginen uste genuenak ez zitzaigula tokatuko. Azkenean, bioi tokatu zaigu.
Nolaz egin zen emakumezkoen artean zozketa 2000 urtean?
Nekane. Orduan Camino Mendiluze Arregi zen alkatea. Bere ikaslea izan zen kinto bati, Galderri uste dut, proposamena egin zion: kintoen artean hitz egiteko, ea prest geunden emakumezkoen parte hartzea handitzeko. Denak bildu ginen, eta bozketa egin zen. Gauza desberdinak bozkatu genituen. Lehenengo, emakume bat erregina izango ote zen. Baiezkoa atera zen. Ondoren, ea bi erregina egongo ziren. Ezezkoa atera zen. Ez dut oso ondo gogoratzen, baina uste dut ere bozkatu genuela ea erreginak dantza egin ote zuen. Eta horretan ere ezezkoa atera zen. Bozketa eskua altxatuta egitea erabaki genuen, eta nik uste horregatik baiezkoa atera zela erregina aukeratzearena.
Dantza entseguak hasi dituzue, zer moduz?
O. Nahiko ongi moldatzen gara momentuz.
Ainhoa. Lehenengo egunean pixka bat galduta geunden, baina, dagoeneko, ongi.
N. Guk jota eta porrusalda entseatzen genituen. Zortzikoa ez. Bere garaian emakumezkoek ez genuen zortzikoa dantzatu. Garai hartan beldurra ez, baina erregina izatearekin nahikoa nuen.
"Bozketa eskua altxatuta egitea erabaki genuen, eta nik uste horregatik baiezkoa atera zela erregina aukeratzearena"
Nekane
Aurreko urtetan kintoan entseatzen ikustera joaten zineten?
O. Bai, bai. Ostiraletan.
A. Plazan batzuetan kintoekin dantzatzera sartzen ginen. Horregatik uste dut errazago egiten zaigula.
O. Festetan ere dantzatzen dugu.
Irakasleak zein dira?
A. Aitziber Etxaiz Soria, Edurne Somocurcio Gonzalez eta Nerea Mazkiaran Lopez de Muniain.
N. Gurea Luis Mari Lopez de Goikoetxea Sueskun izango zen.
Dagoeneko jantziak prest dituzue?
O. Duela aste edo hilabete batzuk prest ditugu.
A. Urte bat daramat dena prestatzen.
Zenbat jantzi?
O. Bina baserritar jantzi.
Senideren batek erabilitako zerbait jantziko duzue? Denak berriak?
O. Nik berri bat egin dut, bestea aurretik nuen.
A. Nik biak egin ditut.
N. Guk ohiko baserritar jantzi beltzak, puntu txuriak zituztenak jantzi genituen. Nik beste bat erosi nuen, grisa zen. Haiek oraingo jantziekin ez dute zerikusirik.
O. Bi behar dira eguraldiagatik eta parrandaren ondoren bat garbitu bitartean bestea janzteko.
Argazkiak eginak dituzue?
A. Ez
O. Ezta ere. Familiarekin, bakarrik, kuadrillarekin... Denetarikoak egingo ditugu.
N. Niri argazkiak eta bideoa egin zizkidaten. Gaur egun telefono mugikorra egonda, argazkiena ez da gauza bera. Hain justu erakusketarako argazkiak bilatzen egon naiz eta konturatu naiz oso argazki gutxi ditudala. Baina gaur egun...
Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan eskatzen ibili zineten.
N. Gu bai, abesten eta eskatzen ibili ginen. Gure kabuz aritu ginen, musikariekin. Neskek aparte eskatzen genuen. Mutilek Santa Ageda egunean eskatzen zuten, beraiek bakarrik. Ez dakit zergatik egiten zen horrela. Lehendik zetorren ohitura, neskak bezperan kantu eskean ateratzearena, eta berdin egin genuen. Eskearen oroitzapen ona dut. Batzuek komentatzen dute jende batzuk esaten zutela hurrengo egunean emanen zietela dirua kintoei. Eta bistan da askoz ere gutxiago ateratzen genuela neskek. 2.328,3 euro lortu genituen eta mutilek 15.660,6 euro. Baina azken kopuru horretan opilen dirua sartuta egonen da. Batzuek eta besteek jasotako dirua elkartu eta horrekin dena ordaintzen zen.
"Ahal duten guztia eskatu behar dute"
Olaia
Zuek asteazkenarekin, azoka egunarekin, eginen duzue kinto eskea. Zein plan duzue?
A. Asteazkena egun ona da, bai. Gu, buruzagiak izanda, astoarekin joan behar gara. Gainontzeko kintoak dirua eskatzen ibiliko dira.
O. Ahal duten guztia eskatu behar dute. Txirrinak jo eta etxebizitzetara igotzea, lantegietara, azokara eta ahal duten leku guztietara joan beharko dira.
Aurreko urteko kintoekin egon zarete?
A. Bai. Asko lagundu digute. Goiz-goiz altxatuko gara. 07:00etan gosalduko dugu.
O. Ondoren banatuko gara eta eskatzera, binaka-edo.
Astoarekin dagoeneko konfiantza duzue?
A. Ez dugu ezagutu oraindik (barrez).
Opilak aipatu dituzu lehen.
N. Guk egin behar genituen, edertu, mutikoei eman eta gero saldu egin behar zituzten. Mutilak etxez-etxe opilak jasotzen pasatzen ziren goizean. Uste dut gutxi gorabehera auzoka banatzen zela. Neskak opila uzten zuenean jota bat dantzatzen zen. Eta, horrela, auzoz auzo. Ez dut gogoratzen zenbat pezetatan saldu ziren opilak orduan. Koaderno batean egoten zen dena apuntatuta. Ez dakit jarraitzen duen.
A. Bai, orain ere erabiliko dugu.
Zuen kasuan?
O. Bakoitzak berea eginen du. Guk guztiak jasoko ditugu.
Egun hori oso luzea izaten da.
A. Bai, 17:00ak aldera bazkalduko dugu.
N. Gu ere berdin ibili ginen. Azkenean luzatu egiten da eguna. Baina ez ginen denak batera bazkaltzera joaten. Uste dut elkarrekin egun batean bazkaldu genuela, gainontzekoetan bananduta. Hitz egin zen, baina ez zen atera. Gu ere bakarrik bazkaldu genuenetan oso ongi egon ginen. Eta mutilekin bazkaltzera elkartu ginenean ondo hartu gintuzten.
Zortzikorik ez zenuela dantzatu aipatu duzu.
N. Ez. Gure kinta ez zen izan emakumezkoak estreinakoz zortzikoa dantzatu zuena. Urte batzuk pasa ziren hori gertatu zenerako, bost-edo. Ez dut gogoratzen.
"Plazan batzuetan kintoekin dantzatzera sartzen ginen. Horregatik uste dut errazago egiten zaigula"
Ainhoa
Bazkari-afariak lotzen ariko zarete zuek.
O. Hori egitetik etorri gara. Lau buruzagiak horretan egon gara. Alkatearekin ere egon gara. Bai, dena antolatzen gabiltza.
Horiez aparte, zein lan egin behar dituzue?
A. Astoa lortu, astoak eramanen dituen zakutoak lortu, diruaren antolaketa, bankura joan, fidantza ordaindu... gauza asko. Batzuetan dantza entseguetan ordena jartzea ere tokatzen zaigu. Asko gara, eta beharrezkoa da.
Dantzarako ordena lotuta duzue?
O. Zozketa egin genuen, eta egunen arabera bikote bakoitzak noiz dantzatu behar duen zehaztuta dago.
Zuek beste plan batzuk zenituzten, ez zineten buruzagi izan behar...
A. Zorionez, kuadrilla berekoak gara, baita gure dantza bikote izan behar zutenak ere.
O. Bikotez aldatu, eta kitto.
Egia da beste herrietako gazte batzuk kinto ospakizunak Altsasun egiten dituztela?
A. Bai. Batzuek hemen familia-edo dutelako, eta batzen dira. Baina ez dira asko izaten.
O. Aitonarekin hizketan, esan zidan bere aitaren garaian Iturmendiko bat zegoela kinto ospakizunean. Eta bost ziren. Garai hartan ere halakoak egiten ziren.
A. Festa hobea da Altsasun, eta horregatik egiten dute.
Garai bateko kintoek plazan musika jartzen zuten.
N. Ez nago ziur. Astearte inauteriko musika kintoek ordaintzen zuten. Ez dut uste larunbatekoa izango zenik. Ez dakit orain horrela den. Baina, hain justu, taldeko abeslariari, edo haren aitari, zerbait gertatu zitzaion eta ez ziren etorri. Ez zen musikarik egon. Baina, bai, guk ordaindu behar genuen.
Kinto gazte gisa, aurretik elkartu zineten?
N. Santa Ageda ospakizuneko larunbatean bertan elkartu eta kinto bazkaria egin genuen gainerako kintadekin batera. Aurreko urtean ez ginen elkartzen kafea hartzera. Bakarrik kinto izan behar genuen urtean, ostiraletan egiten genuen.
Zuek hasi zarete kafeekin?
O. Gu larunbatetan elkartzen gara. Larunbatean hasi ginen.
A. Elkartu eta kafea eta kopa bat hartzen dugu. Eta hartzen dugun tabernan parranda egiten dugu.
Ilbeltzaren 6an guraso eta senide pila zeuden Gure Etxea eraikinaren ondoan. Zuen garaian hala zen?
N. Zozketa udaletxean egiten zen. Egongo ziren. Baina ez dut gogoratzen. Nire gurasoak uste dut ez zeudela. Baina gurasoen presentzia ez zen nabaria.
"Zozketa egunean kintoak baino askoz ere guraso gehiago zeuden. Gure Etxea eraikina beteta zegoen"
Ainhoa
Gaur egun, ordea, bai.
A. Bai, bai. Kintoak baino guraso gehiago zeuden, askoz ere gehiago. Gure Etxea eraikina beteta zegoen.
O. Gainean egoten dira, laguntzen. Amak esaten dit: "badirudi ezkondu behar zarela. Mundu guztia zoriontzen ari zait" Ez dakit zergatik baina.
Buruzagi kargua betiko da. Nola antolatzen zineten 2000. urtean?
N. Hiru buruzagi ginen, baina urteroko bazkaria antolatzeko jende gehiagoren laguntza izan dugu, nire lagunak eta. Lehenengo urteetan, autobusa hartuta, sagardotegira joaten ginen. Iragartzeko kartelak jartzen genituen tabernetan. Haietan 2000ko kinta, bazkaria zein egunetan izanen zen, zenbat diru jarri behar zen eta kontu korrontearen zenbakia jartzen genituen. Dirua bankuan sartuta egiten zen bazkarirako izen ematea. Uste dut ez genuela taberna batean izena emateko eskatu. Behar bada lehenengo urteetan, baina ez dut gogoratzen.
Zuek sare sozialekin...
A. Ongi. Duela urte pasa taldea sortu genuela.
O. Pasa den urtean kinto gazte ginenez, kafea hartzera elkartzen ginenez, taldea sortu genuen.
Lehen 25. urteurreneko erakusketa aipatu duzu. Zer ari zarete antolatzen?
N. Erakusketa eta gainontzeko guztia prestatzeko zortziren bat kinto elkartzen ari gara. Urteurrena prestatzeko lanak banatu ditugu. Posta elektronikoko helbide bat eman dugu norberak bere argazkiak bidal ditzan. Bizpahiruren artean jasotako argazkien artean aukeraketa egin eta erakusketa prestatuko dute. Niri hori ez zait tokatu.
"Erakusketarako argazkiak bilatzen egon naiz eta konturatu naiz oso argazki gutxi ditudala"
Nekane
Nola ospatuko duzue?
N. Gure Etxea eraikinean eginen dugu bazkaria. Ondoren poteoan ibiliko gara. Plazara atera eta zortzikoa dantzatuko dugu. Auzatea izanen dugu, eta irauten dugun arte.
60 urte bete zituzten emakumezko kintoek zortzikoa dantzatu zuten joan zen urtean. Animatuko zarete?
N. Ikusiko dugu (barrez). Animatuko gara, bai.
Kintoen zein oroitzapen duzu?
N. Oso oroitzapen ona (barrez). Ongi pasa genuen. Ez zen horrelako ezer berezirik gertatu. Dena oso ongi joan zela uste dut.
Harremanak sortzen dira?
N. Bai, kuadrillatik kanpoko jendearekin elkartzen zara. Egia da gero harremana gertuko lagunekin mantentzen duzula, baina tratu gehiago duzu jende gehiagorekin.
Zuen kinto ospakizuneko zein oroitzapen gorde nahiko zenituzkete?
A. Onak. Esperientzia bakarra da.
O. Azkar pasako dela uste dugu.
A. Egia da buruzagiak izatean sartuagoak gaudela eta, dagoeneko, disfrutatzen gaude.
O. Hori da, dagoeneko sartuta gaude.
A. Polita izango da.
Urte bat gozatzen daramazue!
A. Bai, baina desberdina da.
Hasi zarete eguraldi ona eskatzen?
O. Bai. Ea zer tokatzen den.
A. Espero dugu euririk edo elurrik ez egitea.
Altsasuarrei zer eskatuko diezue?
A. Diru asko emateko.
O. Eta etortzera animatzeko. Eta bost egunetan gurekin disfruta dezatela.