Astekaria

Altsasuko Krosa, ezin hobe

Maider Betelu Ganboa 2025ko urt. 20a, 09:30

Hotz baina eguzkitsu, kroserako primerako eguraldia izan zuen Altsasuko Krosak. Giro ederra egon zen Dantzalekun.

Abdelkader Al Ghamek eta Alicia Carrerak irabazi zuten giro paregabean jokatutako 39. Altsasuko Krosa. Izaskun Beunza eta Victor Fernandez, Espainiako Txapelketara

Fresko, baina kroserako egun elegantea izan zen ilbeltzaren 12a. Hotz, baina eguzkitsu. Eta lohia. Kros bat, lokatzarik gabe, ez baita krosa. 

39. Altsasuko Krosa-Izelai Hotela Sari Nagusirako, aldi berean Nafarroako Kros Luzea zena, bi zirkuitu eder prestatu zituen Dantzaleku Sakanak Usolarrainen. Korrikalariek Dantzalekuko atletismo pistetan hartzen zuten irteera, 200 m osatuta zirkuituan sartu eta kategoria bakoitzak bere distantziak egiteko. Kategoria txikikoendako 450 metroko zirkuitu polita prestatu zen, eta helduen proba nagusirako zirkuitu txikiari lotuta 1.700 metroko zirkuitua, Usolarrainen. "Dantzalekuk Altsasuko Udalaren babesarekin krosa edo traila lantzeko prestatu duen zirkuitu iraunkorreko eremu zabal bat hartu da helduen zirkuiturako, oso maldatsuak diren tarte batzuk kenduta" azaldu zuen Peio Bergara Dantzalekuko beteranoak. Korrikalariek ibilbide berria "oso polita, aurreko zirkuitua baino ikusgarriagoa, baina oso gogorra" zela nabarmendu zuten.

Al Gham eta Acebedo
39. Altsasuko Kroseko proba nagusia elkarrekin egin zuten 20 urtez azpikoek (6.050m) eta eliteek eta 23 urtez azpikoek (9.450 m). Hasieratik bizi-bizi abiatu zen proba, eta Beste Iruñako Aldelkader Al Gham eta Andoni Acebedo aurrean jarri ziren. Bezperan eta gauean euria egin zuenez, korrikalariek lohia izan zuten bidaide. Maldak, oztopoak... denetatik zegoen. Aldelkader Gham-ek ez zuen areriorik izan eta erraz irabazi zuen Altsasuko Krosa (32:22), bere taldekide Andoni Acebedoren (32:35) eta Iranzu taldeko Marcos Yanizen (34:07) aurretik. Jatorriz marokoarra den korrikalariak oraindik ez du espainiartasun nazionalitaterik lortu, eta ezin izan zuen Nafarroako txapeldunaren titulua jaso. "Seigarren aldiz gertatzen zaidan aldia da honakoa" aipatu zuen, sari ematean. Beraz, Acebedo izan zen Nafarroako txapelduna, joan zen urtean Lizarran lortutako garaipena berrituz. "Hasieratik erritmo bizia hartu dut Kaderri segika. Bera jarraitu dut, atzekoekin distantzia hartzeko, eta gero nire erritmoan jarraitu dut proba, bigarren sailkatu arte. Atharratze Rota gaixotu eta etorri ez izanak ere txapelketa lortzen lagundu dit" adierazi zuen Nafarroako txapeldunak helmugan. 

Sakandarrak oso ongi
Lehen sakandarra Hiru-Herriko Israel Arbizu izan zen, sailkapenean hamargarrena (35:38). "Kontentu nago egindakoarekin. Zegoen maila ikusita, hamargarren postua pozik egotekoa da" zihoen etxarriarrak. Gainontzeko sakandarrak ere oso fin ibili ziren. Hiru-Herriko Ivan Sobredo "Triki" hamalaugarren iritsi zen (36:05), eta Mikel Astiz ihabardarra hamaseigarren (36:56). 

Izaskun Beunza: "Gaizki ohituta gaude. Hau da benetako kros bat, Altsasukoa. Gogorra izan da"

Alicia Carrerak areriorik ez
Emakumezkoetan Alicia Carrerak agindu zuen (39:43) eta proba irabazteaz gain Nafarroako txapelduna izan zen, Violeta Alonsoren (40:52) eta Ainara Alcuazen (41:04) aurretik. Nafarroako Kros Luzeko txapelduna izateaz gain, Iruñean jokatutako Nafarroako Kros Laburra ere irabazi zuenez, dobletea lortu zuen. "Altsasukoa oso lasterketa gogorra izan da. Zirkuitu berria nolakoa zen kontatu zidatenean, igoera eta jaitsierekin, gustuko izango nuela pentsatu nuen, baina ez nuen lohia kontuan hartu. Eta lokatz asko zegoen. Malda pasata errekuperatu nahi zenuenean, lokatza zenuen zain". Beraz, garaipenak meritu gehiago du oraindik. 

Izaskun Beunza, Espainiakora
Lehen sakandarra Izaskun Beunza izan zen, bosgarren emakumezkoa (41:22). Postu horri esker ilbeltzaren 26an Getafen jokatuko den Espainiako Txapelketan egoteko txartela lortu du olaztiarrak. Hori zen bere helburua. "Duela aste bat zirkuitua ezagutzera etorri nintzen, eta trailerako zirkuitu polit bat iruditu zitzaidan. Aldapak eta lokatza, indarrarekin ibili beharreko ibilbidea da. Bost buelta gogor dira, eta motelago atera beharko nintzela argi nuen, gehiegi ez sufritzeko. Espainiako Txapelketara joan ahal izateko postuetan sartu naiz, eta oso pozik nago". Gune lau batzuk faltan bota zituela aitortu zuen, irribarrez. "Dena den, gaizki ohituta gaude. Beste tokietako probei krosa esaten zaie, baina ez da benetakoa. Altsasukoa, hau bai dela benetako krosa"zihoen olaztiarrak. 

Txikienen gozamena
Hasieran kategoria txikiko probak jokatu ziren: 14 urtez azpikoak hasi ziren lehenengo, eta atzetik 12 urtez azpikoak, 10 urtez azpikoak, 16 urtez azpikoak eta 18 urtez azpikoak jokatu ziren. Ikusle asko hurbildu zen neska-mutilak animatzera, eta giroa aparta zen Dantzalekun. Gainera, Altsasu Kirol Elkarteak eta Dantzaleku Klubak Dantzalekuko taberna zabaldu zuten, eta zer jan eta zer edan bazegoen. 

Sihets Agirre eta Victor Fernandez, itzelak
Nafarroako kluben artean Fermin Azkargortak, Aitor Mendozak eta Jare Maizak gidatzen dituzten Dantzaleku Sakana eskolako neska-mutilak zeuden. Lan ederra egin zuten guztiek, eta bi podium lortu zituzten. Sihets Agirre Arruti 14 urtez azpiko txapelketa irabazi zuen. "Ez nuen irabaztea espero. Nahiko azkar atera naiz, eta topera joan naiz bukaeraraino. Gogorra egin zait, besteak ere onak zirelako. Oso pozik nago".

Manex Izagirre Ormazabal hirugarren sailkatu zen 10 urtez azpikoan.

18 urtez azpikoan Victor Fernandez laugarren sailkatu zen, podiumetik oso gertu, lasterketa itzela eginda. Nafarroako Federazioak Dantzalekuko jokalaria Getafeko Espainiako Kross Txapelketarako 18 urtez azpiko talderako hautatu du.

Belaunaldi aldaketa Dantzalekun
Iñigo Agirre zen Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko presidentea orain arte, baina Adrian Claverrek hartu dio lekukoa. "Gazteek lekukoa hartu behar dute, beraiek dira klubetik tira egin behar dutenak" zihoen Agirrek, antolakuntzan laguntzen zuen bitartean. Adrian Claverrek hartu du sortu den junta berria gidatzeko ardura, eta Agirre ordezkatuko du. Dantzalekukoek Altsasuko Kroseko martxaren balorazio ezin hobea egin zuten: "guztia ongi atera da. Eguraldia kroserako primerakoa zen, eta ez du euririk egin. Agian lohi gehiegi zegoen, baina kros batendako, ongi. Eta jendea ere kontentu dago" azaldu zuten.