Astekaria

#GoCBASK, #GoraCBASK!

Maider Betelu Ganboa 2025ko urt. 24a, 12:05

CBASK-eko 2024/2025 denboraldiko talde guztiak.

2024/2025 denboraldian hamaika talde, 134 saskibaloi jokalari eta 22 entrenatzaile ditu Altsasuko CBASK Saskibaloi klubak. Klubaren 25. urteurrenean, denboraldiari gogotsu ekin diote, aldaketekin

Klub bakoitzak badu bere taldeak animatzeko lelo bereizgarria. Altsasuko CBASK Saskibaloi Klubak bere Sare Sozialetako publikazioetan #GoCBASK, #GoraCBASK dira erabiltzen dituzten hasthtag edo etiketak. Eta sentimendu hori agerikoa zen ilbeltzaren 4an klubak egindako 2024/2025eko taldeen aurkezpen ekitaldian: aurrera, gora CBASK!

Iosu Mendiola: "Aurten entrenatzaileak aurkitzea kostatu zaigu. Gaztetxoak animatu dira"

Aurten klubak hamaika talde ditu guztira, 134 jokalari eta 22 entrenatzaile. Joan zen urtean baino hamar jokalari gutxiago dira. "Kategoria txikietan nabaritu dugu batez ere. Boladak izaten dira, baina mantentzen gara eta hori da garrantzitsuena, klubak aurrera egitea. Hamaika talde gara, joan zen urtean baino talde bat gehiago, eta oso pozik gaude" azaldu du Iosu Mendiola Marañon CBASK-eko saskibaloi koordinatzaileak. Bigarren denboraldia du koordinatzaile, Enrique Vilasi lekukoa hartu zionetik, eta ilusioz jarraitzen du arbizuarrak.

Helburuak
Klubaren helburu nagusiak betikoak dira. "Kirol helburuak, berez, ez daude. Bestelako helburuak dira: Sakanan saskibaloia sustatzea, neska-mutikoek saskibaloiarekin ongi pasa eta gozatu dezatela, eta eurekin kirol balioak landu eta sustatzea. Bestetik, joan zen denboraldian hartutako norabidean jarraitu nahi dugu, eta kluba Sakanako beste herrietara hedatu. CBASK-eko jokalari gehienak altsasuarrak dira, baina azken bi urteetan beste herrietako jendea batzen ari da. Ikastetxeetan Nafarroako Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin saskibaloia sustatu dugu, klubaren berri eman dugu, eta uste dut horrek eragina izan duela. Asko pozten nau" aitortu du. 

Talde nagusien aldaketak
Talde nagusiei begiratuta, iazko gizonezkoen bigarren maila interautonomikotik aurtengo bigarren maila autonomikora pasa da CBASK Narum Fisioterapia. "Joan zen denboraldian interautonomikoan jokatzen genuen Errioxako zenbait talderekin, baina Errioxakoak bereiztu direnez, ez dugu kategoria galdu. Maila horretako nafar taldeak Nafarroako bigarren maila autonomikora pasa gara". 

Nobedade handiak daude taldean. Hasteko, entrenatzaile berria, Iñigo Zabalo jokalari ohia. "Iñigo taldera itzuli behar zen jokalari gisa, baina Unai Mundiñano entrenatzaileak taldea utzi, eta egoera kritiko horretan Iñigo Zabalok hartu zuen bere tokia". Bestalde, baja garrantzitsua izan du taldeak, Unax Ijurrarena, Valladolidera joan baita ikastera. Iazko puntuatzaile onenetakoa zen, eta taldean bere falta nabaritzen da. "Junior mailatik talde nagusira jendea igo behar izan dugu. Zorionez, taldea ateratzea lortu dugu eta talde gaztea da duguna, alde batetik irregularra, baina bestetik ikasteko grina eta ilusioa duena. Txukun hasi dute denboraldia, eta kategoriari eusten badio, ongi". 

Emakumezkoen lehen senior mailako taldean ere antzeko egoera izan dute. Entrenatzaile berriak daude: Aimar Azpiroz eta Iker Claver bigarren autonomikoko jokalariak direnak, eta Eneko Casteig. "Lana eta koordinazio lana zela eta, ez nuen nesken taldea entrenatzeko denborarik. Zorionez, mutilen taldeko bi jokalari inplikatu ziren eta aurretik entrenatzaile izandako Eneko Casteig entrenatzera itzuli zen. Txukun hasi da CBASK Xabi Gorriz Tattoos, eta gustura dabiltza. Ea bigarren fasera ongi heltzen diren".

Iosu Mendiola: "Altsasutik kanpoko jendea ere CBASK-era batu da. Oso pozik gaude"

Entrenatzaileak trebatzen
CBASK-eko talde guztiak koordinatzea ez da lan makala. Jokalarien fitxak egin, partiden ordutegiak lotu eta irteerak antolatu, entrenamenduen eta taldeen jarraipena egin, gurasoekin harremana, bitartekaritza... Entrenatzaileak bilatzea kostatu zaie gehien Mendiolari eta juntari. "Aurreko denboraldian entrenatzaile gazteak genituen, baina ikasketen adin kritiko horretan utzi zuten. DBH mailako jokalariak animatu dira, eta eurak gidatzen eta laguntzen ari gara. Klubak aurrera egin du, eta hori da garrantzitsuena".