Astekaria

"CBASK-en guztiek dituzte bere minutuak"

Maider Betelu Ganboa 2025ko urt. 24a, 12:00

Xabier Ramirez de Alda, CBASK-eko denboraldiko aurkezpenean.

Altsasuko CBASK Saskibaloi Klubeko presidente Xabier Ramirez de Alda pozik dago "kluba osasuntsu" dagoelako.

Altsasuko CBASK Saskibaloi Klubak 25 urte. Ospakizun berezirik egingo duzue?
Momentuz ez dugu erabaki, aztertuko dugu. Pozik gaude kluba osasuntsu dagoelako. Entrenatzaileak ezin lotu, gaizki ibili ginen, baina gaztetxoak inplikatu dira, eta haiek laguntzen eta motibatzen gabiltza.

CBASK-en guztiek jokatzen dute.
Jokalari guztiek dituzte euren minutuak. Gazteek saskibaloian ongi pasatzea da nahia, baina horrek ez du kentzen talde polita ateraz gero, ahalik eta hobekien aritzea. Talde nagusien helburua Lauko Finalera sailkatzea izan behar du, beti. Presidente naizenetik bi Lauko Final jokatu ditugu. Zergatik ez hirugarrena?

Babesleen aldetik, ongi?
Narum Fisioterapia, Xabi Gorriz Tattoos eta Aldakin dira hiru talde nagusien babesleak, eta Lacunza Kalor Group eskolena. Udalak eta bestelako komertzioek laguntzen dute; oso eskertuta gaude.

Fermin Herrerok Kirol Merituaren Zilarrezko Domina jaso zuen. Hori ere CBASK-i egindako aitortza da.
Klubetik bera proposatu genuen, eta Nafarroako Gobernuak aintzat hartu zuenean, izugarri poztu ginen. Harro gaude.