Sakanako Mankomunitateko batzarrak sakandarrak Sunsundeguiren itxieraren kontrako manifestazioan parte hartzera deitu ditu. Ibarreko erakundeak aho batez onartutako adierazpenean aitortzen denez, "gure eskualdeko industria ehuna ziurgabetasun handiko egoera baten aurrean dago gaur egun, eta ezin dugu beste aldera begiratu". Mank-eko kideek nabarmendu dutenez, "Sakanan gero eta herritar gutxiagok dute aukera industrian lan egiteko, eta hori ekonomia arloko kezka ez ezik, ausardiaz jokatzera behartzen gaituen erronka estrategikoa ere bada".
Azaldu dutenez, "orain dela gutxira arte hazkunde-aurreikuspen oparoak erakusten zituzten hainbat sektorek, automobilgintzak eta energia eolikoak esate baterako, arazo latzak dituzte aurretik, euren
garapena geldiarazten, eta, horrekin batera, gure eskualdeko lan-aukerak mehatxatzen dutenak". Egoeraren larritasunaren lekuko Sunsundegui jarri dute. "Izan ere, Altsasukoa trakzio-enpresa da, zuzeneko enplegua sortzeaz aparte, beste enpresa hornitzaile batzuekin ekosistema enpresarial baliotsua egituratzen baitu. Une honetan lantegia inguratzen duen ziurgabetasuna aurrean ditugun erronka estrukturalen ispilu da, eta bere etorkizuna bermatzea estrategikoa izango da Sakana osorako".
Aurrera begira
Mank-eko ordezkariek "arazoaren konponbidean aktiboki inplikatzeko" eskatu diete gizarte, enpresa eta gobernu eragile guztiei. "Bada garaia industria enplegua egonkortzeko eta sektoreak gure tokiko ekonomian duen pisua indartzeko behar diren oinarriak finkatzeko". Norabide horretan ikuspegi integrala" izatea eskatu dute. Ikuspegi hori hiru ardatz lituzke. Aurrena, "enpresa berriak erakartzea eta, horretarako, ingurune egokia sortzea inbertsio berriak erakartzea erraztuko duena". Hurrena, industria poloaren birmoldaketa da. "Gure gaitasunak eraldatzen ari den merkatuaren eskakizunetara egokitzea. Eta atzena, dauden enpresak indartzea da. "Sunsundegui bezalako proiektu estrategikoen iraunkortasuna bermatzea, haien lehiakortasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna sustatuz".
Sunsundegui enpresak eta bere hornitzaileak bizi dutena kontuan izanik, Mank-eko kideek azpimarratu dutenez, "horrelako uneetan gogoratu behar dugu Sakanaren indarra bertako jendearengan datzala, zoritxarraren aurrean bat egiteko gaitasunean eta etorkizun oparoa eraikitzeko ahaleginean". Azaldu dutenez, "ordezkariak garen aldetik gure betebeharra da egoerari erantzun egokia ematea, erabaki ausartak hartzea eta Sakanak erreferente industrial eta soziala izaten jarraitu dezala bermatzea. Sakanaren etorkizunak ezin duelako itxaron".