Aste honetan sartu dira aurreneko pazienteak Josefina Arregi klinikako ospitale psikogeriatrikora. Eta ilbeltzean zehar beteko dute. Ospitalea handituz, arduradunen helburua da "klinikak artatzen dituen pazienteen arreta goiztiarra hobetzea, nahasmendu kognitiboa duten eta jokabide alterazioak dituzten pazienteena, baita itxaron zerrenda murriztea ere, une oro ohe libreren bat izaten saiatuz". Klinikako arduradunek nabarmendu dutenez, handitzeari esker "ospitaleak nahasmendu mota horiek dituzten pazienteen arreta integrala eta espezializatua eskaintzeko duen gaitasuna sendotu du. Egonaldi ertainak dituen ospitalea da, jokabide alterazioak dituzten nahasmendu kognitiboak dituzten pazienteak diagnostikatzen, tratatzen eta errehabilitatzen ditu, eta lehengoratzea lehenesten du, familia edo egoitza ingurunera itzultzea errazteko".
Lanez
Handitzeko lanak egin ondoren ospitaleak hamabi gela gehiago ditu, beraz, ospitaleak guztira 33 ohe ditu. Guztiak Osasunbidearekin hitzartuta daude. Gainera, klinikak 288 m2-ko beste patio bat du orain. Obra baliatu dute ere langileendako aldagela, jangela eta atseden gunea egiteko ere. Ospitalean arreta emateko gaitasuna handitzeak, bestalde, ospitalearen plantilla %25 handitzea ekarri du, eta horrek zentro psikogeriatrikoaren plantilla osoa 90 pertsonara igoko du. Enplegu horietako ia guztiak osasun sektorekoak dira, eta ia-ia denak emakumezkoak dira.
Klinikako arduradunek azaldu dutenez, lanak "pauso erabakigarria izan da dementzia duten eta jokabide alterazioak dituzten adinekoen arreta hobetzeko. Horri esker, horrelako pazienteen itxaron-zerrenda %55 murriztuko da Nafarroan hilabetea bukatu baino lehen, eta urtean artatutako pazienteen kopurua %50 handituko da, hau da, urtean 100 paziente gehiago". Gaineratu dutenez, horren guztiaren atzean dago, "klinikak Osasun Departamentuari hamar ohe gehiago izateko 2023an egindako eskaera, eta departamentuaren horiek kontratatzeko konpromisoa".
Inbertsioa
Ospitalea handitzeko lanek 2,7 milioi euroko inbertsioa eskatu dute, eta kopuru horri 0,5 milioi gehitu behar zaizkio, 2023an Eguneko Zentroa berritzeko eta handitzeko erabili zena. Klinikako arduradunek adierazi dutenez, "lan horiek guztiak posible izan dira finantza laguntzari eta hainbat erakunderen babesari esker. Gaineratu dutenez, Sodenak eta Elkargik abal emaile gisa jarduten baitute %50ean. Caixa Bankek eta Laboral Kutxak, berriz, gainerako %50ean laguntzen dute". Jakinarazi dutenez, berriki Sodenak bere laguntza berriro eman du, bere mailegua 287.500 eurotan handituz.