Eusko Jaurlaritzak Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduen 38 domina emateko ekitaldia egin zuen larunbatean. Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiria buru zela, joan zen elkartasun ekintzak egiteagatik nabarmendu ziren pertsonei ohorezko aitorpena egin nahi izan zieten. Bereizgarri berdeko domina jaso zuen Dimitri Ermolenkok, Ukrainan jaiotako altsasuarrak. Txindoki mendian, ia 1.000 metroko altueran, irrist egin eta pendizean behera erori zen emakumezko bat larri zaurituta aurkitu zuen Ermolenkok 2024ko maiatzaren 19an. Altsasuarra Larraitz inguruan paseatzen ari zen, eta Txindokira igotzera zihoan, behe-laino artean, zaunkaka ari zen eta hankak ukitzen zizkion, eta jarraitzeko adierazten zion txakur batekin topo egin zuen. Lur txakurraren laguntzaz, Ermolenkok haren jabea zegoen lekura iristea lortu zuen. Hura lagundu eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, min hartutako mendizalea erreskata zezaten.
112aren Europako Eguna
Europako larrialdietarako telefono zenbakia 1991n sartu zen, Europar Batasuneko (EB) estatu kide guztietarako telefono zenbaki bakarra eta komuna izateko. 2008ko abendutik, EBko sare finko eta mugikor guztietatik sar daiteke larrialdi deien zerbitzuetara, doan, 112 telefono zenbakiarekin. 112aren publizitatea gero eta handiagoa denez, laguntzaren eta babesaren sinbolo komun bihurtzen ari da, baina baita Europar Batasunarena ere, oro har.
Europako Parlamentuak, Europar Batasuneko Kontseiluak eta Europako Batzordeak hitzarmen bat sinatu zuten 2009an, 112aren Europako Eguna ezartzeko, Europa osoan eskuragarri egotearen eta Europako larrialdi deiaren abantailen kontzientzia sortzeko. Otsailaren 11 aukeratu zuten, datak telefono zenbakiaren digituak baititu (11.2.).